Ander Sistiaga


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 38 2007/10 »  Ander Sistiaga

Protagonista

Ander Sistiaga triatloilaria

Mendiko bizikletan ibiltzen da ondoen gure triatloilaria.
«Gaztea naiz triatloirako, baina ezagutzen ditut nire mugak»
14 urte besterik izan ez arren, hiru triatloi egin ditu jada Ander Sistiagak, azkena irailean, Antiguako Triatloi Herrikoian. Bizikleta gainean moldatzen dela ondoen aitortu digu.
Antiguako Triatloi Herrikoian parte hartu zenuen irailean. Zer moduz joan zitzaizkizun gauzak?

Oso gustura geratu nintzen. Bizikletan eta igeriketan uste nuena baino askoz hobeto ibili nintzen, eta korrika, berriz, okerrago. Bizikletan ondo ibiltzen naiz, baina ez igeriketan eta korrika, baina gauzak uste baino hobeto atera zitzaizkidan.

Triatloi horretan parte hartzen duzun estreinako aldia al da?

Bai, eta triatloi ederra izan zen; laburra zen, baino oso-oso bizia.

14 urte dituzu. Ez al da azkarregi halako erresistentzia eskatzen duen kirol batean aritzeko?

Beharbada bai, neuk ere hala uste dut; baina bizikletaz oso ondo ibiltzen naiz, erresistentzia dut, eta horrenbestez, ez zait hain gogorra egiten. Gorputzarentzat agian ez da ona izango, baina badakidanez non dauden neure mugak, ez naiz askorik kezkatzen.

Triatloi gehiagotan parte hartu al duzu?

Bai, beste bitan ere aritu izan naiz.

Eta? Kirol honi buru belarri heltzeko asmoz?

Triatloiak noizbehinka egitea gustatuko litzaidake, eta bizikletan bai aurrera egin nahi dudala, gustukoa dut, oso. Trintxerpeko mendiko bizikleta taldean jardundakoa naiz, baina nahiago dut nire kasa ibili.

Etorkizunean triatleta profesionala izatea gustatuko litzaizuke ala ondo pasatzeko kirol bezala hartzen duzu?

Oraindik ez dut pentsatu ere egin triatloilaria izan nahi dudan ala ez. Triatloiak egiten jarraituko dudala argi dut, baina zein mailatan, zein girotan, ez dakit.

Bizikletan primeran moldatzen zara. Eta triatloiko beste modalitateetan?

Igeriketa da nire alde ahulena. Igeriketako teknika ez bada behar bezala menperatzen, larri samar ibiliko zara triatloian. Lehen ez zitzaidan asko gustatzen igeri egitea, baina adiskide batek esan zidan zer nolako mugimenduak egin behar nituen igeri ondo egiteko eta gutxiago nekatzeko, eta orain, askoz hobeto nabil.

Ez da erraza izango bada gorputzeko giharrentzat igeri egin ondoren bizikletari heltzea eta ondoren korrika, ezta?

Igeri egin eta bizikletari heltzea ez zait gogorra egiten, baina bai bizikleta utzi eta korrika hastea. Gorputza astun samar izaten dut une horretan, giharrak gogortzen zaizkit, baina pixkanaka askatzen joaten dira.


NOR DA?
Izena: Ander Sistiaga.
Sorlekua: Donibane Lohizune.
Bizilekua: Donostia.
Adina: 14 urte.
Ikastetxea: Antigua Luberri, DBH2