Tania Elosegi golflaria


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 39 2007/11 »  Tania Elosegi golflaria

Erreportajea

Tania Elosegui Golflaria

Irribarrez eta gustura egoteko arrazoiak baditu golflari donostiarrak.
«Golfean hasi nintzenean, kirol hau ez nuen gustuko»
etorkizun handia zuen tenislaria omen zen tania elosegui txikitan, baina patuak beste bide batetik eraman zuen, eta egun espainiako golflari aipagarrienetakoa bihurtu da.
Testua: Igor Uranga

Afrikako zirkuituko torneo bat martxoan, Espainiako Txapelketa oraintsu... Zailena egin duzu, lehen torneoak irabaztea profesionaletan, alegia…

Ez, gertatzen dena da badakidala jada zer den irabaztea, eta horrek konfiantza handia ematen du, nola ez. Afrikan irabaztea edo Europako zirkuituan irabaztea ez da gauza bera, ez du halako garrantzirik, baina tira. Espainiako Txapelketa irabaztea, berriz, gauza handia, oso pozgarria izan da niretzat.

Urtebete pasa daramazu profesional gisa, 2006an zirkuituko bigarren debutari onena izendatu zintuzten. Halako hasiera ona izatea espero al zenuen?

Egia esan, ez. Unibertsitateko ikasketak egin nituen sei urtetan Espainiako selekzioarekin jokatzen nuen, baina ez nenbilen buru-belarri golfean. Horregatik, ikasketak amaituta serio heldu nionean, nire zalantzak nituen nola ibiliko nintzen jakiteko. Ez nekien zer nolako maila zegoen profesionaletan eta neure buruarekin ere zalantzak nituen, baina tira, gauzak uste baino hobeto atera zaizkit.

Itxuraz, ez duzu aldaketa handirik nabaritu afizionatuen eta profesionalen artean...

Bai, bai, handia! Bolari ondo emateaz eta ahalik eta maila onena eskaintzeaz besterik ez zara arduratu behar afizionatuetan. Profesionaletan, berriz, horrez gain, gauza askoz gehiago daude. Bizimodua hemendik ateratzen ahalegintzen naiz, eta horrek egun osoan horretan pentsatzen egotea eskatzen du.

Eta hemendik aurrera, zer?

Dubaien bukatuko dut denboraldia abenduan, eta otsailera arte gutxi gorabehera ez diot ekingo 2008ko denboraldiari. Helburuak? Ez zait gustatzen handinahitan ibiltzea, baina Europako zirkuituko torneo bat irabaztea egundokoa litzateke niretzat. Baina emaitzak pixkanaka etorriko dira…

Umetan tenislari ona izan zintezkeela zioten. Zer gertatu zen gero, ordea?

Ez zen hainbesterako! Txikitan tenisa golfa baino gehiago gustatzen zitzaidan, umea zarenean mugimendu handiagoa eskatzen dituen kirolak gehiago gustatzen zaizkizulako. Tenisean ondo samar jokatzen nuen, Real Golf Club de San Sebastiánen aritzen nintzen, eta pentsa dezakezun bezala, teniserako giro handirik ez zegoen. Ondoren, Ondarretan segi nuen tenisean, ondo nenbilen eta nire amari galdetu zioten ea ordu gehiago sar nitzakeen tenisean. 11-12 urte nituen orduan, egunero joan behar nuen entrenatzera, ikasketak zeuden, baina ez zela une egokia hain serio hastea erabaki genuen. Eta pixkanaka golfean jokatzen hasi nintzen.

Noiz hartu zenuen estreinakoz golfeko makila?

9 urterekin. Nire gurasoak Jaizkibelgo golf zelaiko bazkideak ziren, eta asteburuero bertara joaten nintzen eurekin. Baina ez nuen golfean bakarrik egiten, izan ere 14 urte baino gutxiagokoentzat haurtzaindegi bat ere bazegoen, eta han primeran pasatzen nuen. Pilotan, saskibaloian, futbolean… jokatzen nuen bertan.

Kirol bakartia, bizitza soziala asko mugatzen duena dela diote golfa. Hala al da?

Kirol bakartia da golfa, bai, baina ez du halako eragin zuzenik zeure bizitza sozialean. Oso kirol indibiduala da, entrenatzen bakarrik zaude sarritan, prestakuntza fisikoan bakarrik, baina okerrena bidaiak dira. Kanpoan lehiatzen dugunean zirkuituko beste jokalariekin oso harreman ona izan arren, askotan oso bakarti sentitzen naiz, gauzak ondo ateratzen ez direnean, bereziki. Bidaia asko, hotel asko, eta gelan bakarrik zauden une asko dituzu.

Kanpora zoazenean, ordea, turismoa egiteko betarik ez duzu izaten?

Oso gutxi, denbora gutxi dugu, eta denbora asko badugu, seinale txarra; ez duzulako txapelketako kortea, etena pasa, beraz asteburuan ez duzu jokatu, ondorioz ez duzu ezer kobratuko…Eta hori gertatzen denean, denbora gehiago duzu agian, baina gogo gutxi, txapelketa txarra egin duzulako.

Eta nolakoak izan ziren golfeko zure lehen hastapenak?

Golfean hasi nintzenean ez zitzaidan kirol hau askorik gustatzen, nahiago nituen beste batzuk (tenisa, igeriketa, futbola…). Baina tira, pixkanaka golfeko lehen txapelketetan parte hartzen hasi nintzen etxetik kanpora. Iruñean, Bilbaon… aritzen ginen, eta aitzaki horrekin oso ondo pasatzen nuen beste umeekin. Primerako plana zen; golfean aritzea gutxienekoa zen, aitzakia hutsa.

Harreman ona al duzue zuen, jokalarion artean?

Europako zirkuituan giro ona dugu, ondo konpontzen gara; Alemaniatik iparraldera dauden herrialdeetako golflariek, eskandinaviarrek, batez ere, oso izaera ezberdina dute, eta ez dugu hainbesteko tratua eurekin. Azken batean, 120 golflari gara astero batetik bestera mugitzen garenak, eta denak elkar ezagutzen dugu. Golf txapelketako saio bat bukatzen dugunean, espainiarrekin ez ezik, frantsesekin, ingelesekin, italiarrekin… edonorekin hitz egin dezaket, eta barre batzuk egin!

Txapelketa bat jokatzera joaten zarenean kanpora, nolakoa da zure eguneroko bizitza?

Txapelketa dagoenean kanpoan, astebetez izaten gara bertan. Txapelketako egunak ostegunetik igandera izaten dira. Asteazkenetan, lehiaketako babesleekin edo sustatzaileekin jokatu beharra izaten dugu, asteartean golf zelaia ezagutzeko eguna izaten da, eta astelehena, berriz, bidaiatzeko eguna. Azken batean, ia egun guztian izaten gara berdegunean, golf zelaian sartuta.

Kirol elitista izaten segitzen al du golfak?

Espero dut hori pixka bat atzean geratzea, hots, jendeak ez pentsatzea kirol elitista denik. Aldatzen ari da, ez da elitista, askoz jende gehiago dabil eta beste kirol batzuk baino merkeagoa da. Eskiatzera adibidez, jende asko joaten da eta golfa baino askoz garestiagoa da.

Batek baino gehiagok pentsa dezake golfean aritzeko ez dela fisikoki sasoi betean egon behar. Ados al zaude?

Ulertzen dut jendeak hori pentsatzea, izan ere oraindik ere golflari bikain batzuk ikusten dituzu telebistan purua erretzen edo kilo dezente soberan dituztela… Golfean joka dezakezu sasoi betean egon gabe, baina egia dena da hori aldatzen ari dela; eta ikusi besterik ez dago Tiger Woods edo Sergio García bezalako golflari bikainek zer nolako sasoi puntua duten, zer nolako prestakuntza fisikoa duten…

Zer moduzko maila dago emakumezko golflarien artean, hemen, Donostian?

Gizonezkoetan beti maila handia egon izan da, eta dago oraindik ere, baina nesketan ez da halakorik gertatu, eta ez dakit zergatik, egia esan. Lan bikaina egiten da neskekin txikitatik; jokalari onak daude beheko mailetan, baina arrazoi ezberdinengatik ez dute lortzen azkenean gora egitea, profesionaletara heltzea.

Zer nolako gomendioa emango zenieke golfari izan nahi duten neska donostiarrei?

Hasieran asko entrenatzea, joko laburrean lan handia egitea, eta nerabezaroan zaudenean, hor pixka bat sakrifikatu egin behar da; parrandak alde batera utzi behar dira, baina golfak kendu baino gauza gehiago ematen dizu.


Di-da batean

Kontinente ezberdinetako golf zelai askotan jokatu duen arren,
Jaizkibelen eta Miarritzen aritzen da etxean dagoenean.
– Amets bat: txapelketa garrantzitsu bat irabaztea.
– Zaletasunak: hondartza, snowboard eta skate.
– Golflari bat: Lorena Ochoa mexikarra.
– Donostiako txoko bat: Urgull mendia.
– Plater bat: azpizuna, oso gutxi eginda
– Edari bat: Momentuaren arabera, bata edo bestea.
– Musika talde bat: Bruce Springsteen.
– Pelikula bat: El indomable Will Hunting.
– Aktore bat: Richard Gere.
– Reala Lehen Mailara igoko al da? Ez dut uste.
– Zure esku balego, zer aldatuko zenuke munduan? Txirotasuna ez egotea.
– Txikitan, zein ikastetxetan ikasi zenuen? Liceo Francés-en.
– Zure bertute bat: Adiskide ona naizela uste dut.
– Zure akats bat: Perfekzionista naizela, gehiegi.