Zesta punta eskola


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 39 2007/11 »  Zesta punta eskola

Gaurkoa eta biharkoa

Ander Vitoria eta Jon Zulaika
Tijuana, Florida… eta Karmelo Baldako harrobia
Ander Vitoria (37 urte) Donosti Jai-Alai Donostiako zesta punta eskolako irakaslea da, eta Jon Zulaika, berriz, (16 urte), bere ikasleetako bat. Anderrek aipatu duenez, «etorkizun handiko pilotaria da Jon».
17 urte bete arte eskupilotan jokatzen zuen Ander Vitoriak. «Adin horrekin, ordea, zesta puntari heldu eta lau urte geroago Mexikora, Tijunara jo nuen profesional gisa jokatzera». Gaur egun, eta duela sei bat urtetik, Donosti Jai Alai zesta punta eskolako irakaslea da.

37 urte ditu Anderrek, Jon Zulaikak baino 21 gehiago. Jon Anderren ikaslea da Donostiako eskolan, eta txiki-txikitatik arnastu izan du xistera giroa, «nire aitak eta anaia zaharrak ere jokatzen baitzuten kirol honetan. Aitaren partiden bideoak txikia nintzela ikusten nituen, eta berehala ohartu nintzen neu ere zesta puntan jokatu nahi nuela, eta hala nabil». Bere osaba bat ere Floridan bizi da, «eta han zesta punta giro handia bizi da». Anderrek, albotik: «Halako familiarekin, harritzekoa litzateke zeharo Jon zesta puntalaria ez ateratzea!».

33 ikasle daude Donostia Jai Alai eskolan, kadetetatik hasi eta nagusien mailara arte. Mordoxka dira, baina Anderrek azpimarratu duenez, «ez zait astunegia egiten. Hori bai, 14-15 urteko gazteekin pazientzia handia behar da, ez da erraza izaten lasaitasuna gordetzea… Jon, ordea, ikasle zintzoa da, ez dut berekin kexarik; ditudan ikasleetatik onentsuenen artean dago, onena ez bada».

Entrenatzeko ordu gutxi Jon Anderri so geratu da eta… irakasle ona dela aitortu du. «Gauza asko erakusten dizkigu, eta errieta egin behar denean ere egiten digu, izan ere errieta egitea batzuetan beharrezkoa da geuk ere arreta handiagoa jartzeko».

Karmelo Balda pilotalekuan biltzen dira guztiak, eta entrenamendu berdinak egiten dituzte normalean. «Kiniela sisteman, jokatzen dugu -dio Jonek- lau baino gehiago bagaude kantxan ezin dugulako partida luzeak jokatu. Tanto bat edo bi egin eta pilotari berri bat sartzen da kantxan». Anderrek: «Ordu gutxi ditugu entrenatzeko, eta horiek behar bezala aprobetxatu behar ditugu denek joka dezaten. Jende gutxirekin, berriz, errazagoa da jokaldi zehatzagoak probatzea, baina ez da erraza…».

Anderren aburuz, etorkizunean pilotari bikaina izateko gaitasun handiak ditu Jonek. «Hori ikusi egin beharko da –kendu dio hitza ziztu batean Jonek. Horretarako lan handia egin eta zorte pixka bat beharko dut». Azken urteotan, Zumaia, Markina, Berriatua, Ipar Euskal Herria… gune horietan sortu dira zesta puntako izar handienak. Eta Donostian, zer? Jonek gogoratu digu Mikel Egiguren donostiarra AEBetako Danian dabilela profesional gisa, «eta egun dauden aurrelarien artean, onentsuenen artean dago gainera», ziurtatu du Ander entrenatzaileak.

Kokapen ona Biak ala biak ados jarri dira kokapena dela xisteran ondo ibiltzeko sekretua. «Sekretua eta gauzarik zailena», dio Anderrek. «Pilota oso bizkor datorkio pilotariari, bote handia ematen du, gainera. Horregatik, azkar mugitzen ez bazara kokapen ona izateko, pilotak pilotaria jan egingo du».

Azken asteotan Munduko binakako eta buruz buruko txapelketak telebistaz jarraitu ahal izan ditugu. Jonek, ordea, zera argitu nahi izan du: «Bai, hala da, baina Munduko txapelketa horiek alde batera utzita, xisterako zenbat partida ikus ditzakegu telebistaz urtean zehar?».

Eskupilota baino ikusgarriagoa dela zesta punta ziurtatu digute, «baina hala ere zesta punta eskupilotarekin alderatuz pixka bat zokoratuta dago. Telebistak, gainera, oraindik ez du asmatu xisterako ikusgarritasuna telebistaz behar bezala islatzen. Ez dakit… beste kamara batzuk, beste plano batzuk… erabili beharko lituzkete joko honen ikusgarritasuna behar bezala iristeko ikusleari», dio Anderrek.




Ander Vitoria

Adina: 37 urte.
Sorlekua: Donostia.
Taldea: Donosti Jai-Alai.
Kirol ibilbidea: eskupilotan jokatu zuen 17 urte arte. Adin horrekin heldu zion zesta puntari, eta 21ekin Mexikora joan zen xisteran jokatzera.

«14-15 urteko eskolako ikasleekin pazientzia handia izan behar dut...»
Jon Zulaika

Adina: 16 urte.
Sorlekua: Donostia.
Taldea: Donosti Jai-Alai.
Postua: aurrelaria.
Ikastetxea: Santo Tomas Lizeoa, Lehen Batxilergoa.

«Gauza asko erakusten digu Anderrek, eta behar denean errieta ere egiten digu»