Koldo Barandiaran errugbilaria


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 39 2007/11 »  Koldo Barandiaran errugbilaria

Protagonista

Koldo Barandiaran errugbilaria

Koldo Barandiaran, Anoetako miniestadioan. sara santos
«Errugbiko taldeen arteko giroa ezin hobea da»
Lau urte daramatza errugbian, Bera-Bera taldean Koldo Barandiaranek. Abenduan 17 urte beteko ditu, eta klubeko lehen taldean jokatzearekin amesten du.
Duela aste batzuk bukatu zen errugbiko Munduko Txapelketa jarraitu al zenuen telebistaz?

Bai, eta egia esan, txapelketa arraro samarra egin zitzaidan, ustekabeko bat baino gehiago izan zelako. Ez nuen inolaz ere pentsatuko, esaterako, Ingalaterra finalerako sailkatuko zenik, baina halaxe gertatu zen.

Hego Afrikak irabaztea harritu egin zintuen?

Horrek ez hainbeste, faboritoen zerrendan zegoen, titulua eramateko hautagaien artean.

Inbidia sentitu duzu bertan parte hartzen zuten jokalariak ikusterakoan?

Inbidia beti sentitzen da halako txapelketa bat jarraitzen duzunean, egundoko giroa arnasten zen, gainera, harmailetan. Errugbia oso gustukoa dut, baina oso urruti ikusten dut nik halako txapelketa garrantzitsu batean jardutea…

Zenbat denbora daramazu errugbian?

Lau urte daramatzat, eta hasieratik Bera-Bera taldean. Errugbiari heldu aurretik, futbolean jokatzen nuen, baina lehengusu bat nuen Bera-Beran aritzen zena, eta berak galdetu zidan ea nahi nuen errugbia probatu, eta halaxe egin nuen.

Hortaz, futbolean ez zenbiltzan oso gustura?

Txikitatik beti futbolean aritu izan naiz ikastetxean, aurrelari gisa. Azkenerako, ordea, nazkatu samarra nengoen futbolarekin, eta horregatik erabaki nuen beste kirol bat probatzea.

Zein postutan aritzen zara Bera-Berako errugbi taldean?

Erdikoa edo joko zabaltzaile bezala jarduten dut. Joko zabaltzailea naizenean, jokoa banatzeaz, irekitzeaz arduratzen naiz albokoei pasean emanaz. Erdikoan nabilenean, berriz, aurkaria plakatzeaz gehiago kezkatzen naiz eta, egia esan, postu honetan joko zabaltzaile baino gusturago ibiltzen naiz.

Kolpe asko jasoko dituzu orduan?

Parean duzunaren aurkariaren arabera dago hori. Ubeldura bat edo beste beti izaten duzu entrenamenduaren edo partidaren ostean, baina ez da hainbesterako, ez. Lesio larririk ere ez dut izan errugbian.

Zer da kirol honetatik gehien gustatzen zaizuna?

Talde ezberdinen artean dugun giro ezin hobea, zalantzarik gabe. Partida amaitu eta elkarrekin zerbait jatera joaten garenean eta kalean talde ezberdinetako jokalariak elkar ikusten dugunean, beti agurtzen gara. Giro berezia dugu.

Errugbian jokatzeaz gain, beste kirolik gustatzen zaizu?

Oro har kirol guztiak atsegin ditut, baina eskupilota bereziki. Primerako pilotariak daude... niretzat, ordea, Titin eta Bengoetxea VI.a dira frontoiko artista handienak.

Eta aurrera begira, zer?

Lehenengo gauza, errugbian ondo pasatzen jarraitu nahi dut, eta hortik aurrera, ikusiko dugu, baina Bera-Berako aurreneko taldean urte askoan jokatzea litzateke nire ametsa. Jakin badakit lan handia egin beharko dudala hori lortzeko, baina tira, gogor ahaleginduko naiz.

Zein dira zure dohainak eta zure akatsak jokalari gisa?

Paseak ondo egiten ditudala uste dut, baina plakajeak egiteko keinuak hobeto menperatu behar ditut, hor huts egiten dut. Jokalari ona izateko ondo plakatzen ikasi behar da.


Nor da?
Sorlekua: Donostia.
Adina: 16 urte.
Taldea: Bera-Bera.
Ikastetxea: Antigua Luberri, Bigarren Batxilergoa.