Arbela


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 4 2003/05 »  Arbela

Arbela

Agenda








Ezagutu oinez

Gipuzkoaren bihotza






Beizaman bazkaltzeko aukera dago.
Goiz partea hartzen du soilik Donostiako Kiroletako Udal Patronatuaren eta Gipuzkoa Kirolaken laguntzaz antolatu den mendi irteera interesgarri honek. Maiatzaren 11n egingo da, eta Gipuzkoaren bihotz-bihotzean dauden mendiez gozatzeko aukera eskainiko du. Bere autoa hartuta doanak, goizeko 9etan du hitzordua Santa Ageda gainean. Autorik ez dutenek, berriz, 8etan Anoetako Santi hotelean. Santa Agedara heltzeko, Azpeitirako bidea hartu behar da Tolosan eta ondoren, Santutxo gainean, Beizamarako bidea hartu.

Era batera edo bestera joan, dena den, Santa Ageda izango da nahiko erraza den hiru orduko ibilaldiaren abiapuntua. Hortik abiatu eta Baleku, Illaun eta Urraki mendiak igoko dira, atzera Santa Agedara itzultzeko. Bista zoragarriak dituzte mendi horien gailurrak, eta Beizama ere bisitatzeko moduko tokia da. Bertan bazkaldu nahi duenak, Ostatu Zarra tabernan (043 811 777) gorde dezake lekua.




Euskal Herriko

txoko ezkutu eta

ederrenetakoak






Irubelakaskoaren gailurra.
Euskal Herriko txokorik sekretu eta ederrenetako batzuk ezagutzeko aukera eskaintzen du maiatzaren 18rako antolatu den irteerak, Ipar Euskal Herrian dauden Itsusi Haitzak. Bidarraitik abiatuta, bazter zoragarri ugari ikusi ahal izango dira: piramide itxurako Irubelakaskoa, Artzamendi erraldoiaren itzalean dagoen Ikuzkimendi... Bost orduko ibilaldia zailtasun ertainekoa da, eta 865 metroko desnibela du.
Bidaia auto partikularretan egingo da, ezinezkoa baita autobusa ibilaldiaren irteeraraino heltzea. Irteerarako ordua goizeko 7:30ean jarri da, Artzain Onaren katedralean. Hala eta guztiz ere, bidaia prestatzeko bilera egingo da Club Vasco de Camping-en egoitzan maiatzaren 15ean, osteguna, 19:30ean. Nahiz eta Jesus M. Alquezarrek gidatuko duen txangoa doakoa izan, horretan parte hartzeko ezinbestekoa da idazkaritzan izena ematea.




Pirinioetako bi bide ohiko, era ez ohikoan lotuak



Iparraldeko mendiak ondo ezagutzen dituen Casimiro Bengoetxearen eskutik, zailtasun ertaina duen 5’30 orduko ibilaldia prestatu dute maiatzaren 11rako. Ainhoan hasi eta Dantxarian amaitu, Pirinioan ohikoak diren bi bide lotzen ditu, era nahiko ez ohikoan, Bengoetxeak berak moldatu duen ibilbide honek. Ibilaldian zehar Aritxulegi (nahi izanez gero), Mondarrain eta Gorospil gailurretara igotzeko aukera izango da. Oro har, ibilbide erosoa da. Txangoa Artzain Onetik irtengo da, goizeko 7:30ean.


Txango hauei buruzko argibide gehiago:

Club Vasco de Camping, 943 461 440





Oharra






Ordutegi aldaketa

Paco Yoldi

igerilekuan


Donostiako Kiroletako Udal Patronatuak ohar baten bidez jakitera eman duenez, maiatzaren 10ean, larunbata, ohi baino lehenago itxiko da jendearentzat Anoetako Paco Yoldi igerilekua.
Izan ere, igerilekua ezin izango da erabili 19:30etik aurrera, water-polo partidu bat jokatuko baita bertan.
Igeri egiteko itxita badago ere, ikusle bezala bertaratzeko aukera bada, noski.






Ekainekoa, ale bikoitz

eta berezia





Ikasle eta irakasleek bezala, MUGI aldizkariak ere ekainean amaituko du ikasturtea. Honen hurrengo zenbakia, beraz, berezia izango da, eta bikoitza, udan zehar egin daitezkeen kirol jardueren berri emateko asmoz.

Berezia izan arren, ordea, gogo onez hartuko ditugu honako sail hauetan egin ditzakezuen ekarpenak. Eta biziki eskertuko dugu zuon guztion partaidetza.

Agenda: Antolatzen dituzuen ikastaro, irtenaldi, ikuskizun eta gainerakoen berri eman dezakezue.

Lagunartean: Kirola ardatz hartuta, aldizkariaren irakurleen arteko harremanak sendotzea du helburu atal honek. Mezu guztien egiazkotasun eta zintzotasuna egiaztatuko dugu argitara eman aurretik.
NORA BIDALI?

(MUGI! erreferentziaz):

Faxez: 943 317 817

Postaz: MUGI! Portuetxe bidea, 2

20018 DONOSTIA.

E-postaz: erredakzioa@zabalik.com