Lauaizeta BHI


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 40 2007/12 »  Lauaizeta BHI

Ikastetxez Ikastetxe

LAUAIZETA BHI

Lau urterekin hasi zen karate egiten, eta kirol honek zeharo asebetetzen duela adierazi digu Zuriñek.
Familiako kontua
14 urte ditu Zuriñe Benaventek, eta duela hamar hasi zen karate egiten. Anai-arrebek borroka arte hau egiten zutela-eta hasi zen bera ere honetan, eta besteak beste, Euskadiko txapeldun izan da.

Anai-arrebak lehen, aita orain… Karate giroa beti arnastu izan du Zuriñe Benavente Lauaizeta ikastetxeko ikasleak. 14 urte besterik ez dituela, Espainiako txapelketa ezberdinetan parte hartu izan du, eta Euskadiko txapeldun ere izan da karateka donostiarra.


4 urterekin hasi zen karate egiten, «eta hasieratik primeran pasatzen nuen borroka arte hau egiten. Lehen urteetan jolasen bitartez ikasten genuen karate egiten, eta oso dibertigarria zen», adierazi du Zuriñek. Onartu du hasiera-hasieratik gustatu zitzaiola karatea, «baina ez nuen uste hainbeste aseko ninduenik. Hasieran jolas gisa hartzen nuen, baina orain txapelketei begira serioago aritzen naiz, baina betiere ondo pasatzea da nire lehen helburua».


Borroka arte dotorea Beste borroka arte batzuekin alderatuz, Zuriñeren aburuz, «borroka arte dotorea da karatea, eta jendeak pentsa dezakeenaren aurka, kontaktu fisikorik ez dago apenas hemen. Jendeak uste du ubelduraz josita gaudela karatekak, baina ez da hala; hamar urte daramatzat karate egiten, eta ez dut inoiz ubeldurarik izan».


Filmetan sarri samar ikusi ohi ditugu karatekak gaizkileei, erasotzaileei aurre egiten. Kaleko erasoei aurre egiteko balio du, hortaz, karateak? Zera erantzun digu Zuriñek: «Noski, jakina. Dena den, gauza bat da gimnasioan defentsa pertsonala lantzea eta beste bat, zeharo ezberdina, kalean defentsarako tresna gisa erabiltzea. Hala ere, argi dago karatea egiten dakien pertsona bat egiten ez dakien beste bat baino askoz hobeto defendatuko dela kaleko eraso baten aurrean, hori ziur».


Euskadiko txapeldun Euskadiko txapeldun izan da kata modalitatean, Espainiako txapelketetan ere parte hartu izan du, «baina egia esan behar badut, ez dut zorte handirik izan azken horietan». Lauaizeta ikastetxean babes handia jasotzen duela aitortu du Zuriñek. «Asko laguntzen didate. Nire ikasgelan ez dago beste karatekarik, baina bai Lauaizetako beste maila batzuetan».


Ia bizitza osoan karate egiten aritu arren, ez die beste borroka arte batzuei aterik ixten. Besteren bat probatzeko jakin-mina baduela argitu digu; edonola ere, Zuriñe ez da borroka arteetara mugatzen, eta hala, balleta egin eta abesbatza batean ere abesten du.