Maddi Otxoa igerilaria


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 40 2007/12 »  Maddi Otxoa igerilaria

Protagonista

MADDI OTXOA DE ERIBE IGERILARIA

Espainiako txapeldun izateko helburua du Maddik. sara santos
«Adiskide pila egiten dira igeriketan»
Bizkar estiloan etorkizun oparoa duen IGERILARIA da Maddi Otxoa de Eribe. Lehiaketetan primeran dabil, baina horren gainetik, kirol honetan dagoen adiskidetasuna nabarmendu du donostiarrak.

– Bizkar estiloan aritzen zara, Maddi. Bizkarrez zoazenez, nondik zoazen, orientatzeko arazorik ez al duzu izaten?


– Ez, ez, teknikaren aldetik izan ditut arazo handienak, teknika behar bezala menperatzea, baina hortik aparte, behar bezala orientatzea ez da arazoa izan. Inoiz gertatu izan zait bira emateko orduan kolpetxoren bat hartzea paretarekin, baina tira, ezer larririk ez…


– Aizu, eta zergatik bizkar estiloa eta ez beste bat?


– Hasieran tximeleta estiloan aritzen nintzen, baina asko nekatzen nintzenez horretan, ez zitzaidan gehiegi gustatzen eta bizkar estiloari heldu nion, 13 bat urterekin.


– Noiz hasi zinen igeriketa serio-serio egiten?


– Egunero, egunero entrenatzen serio samar… duela pare bat urte, oker ez banago.


– Eta zer du igeriketak beste kirolek ez dutena?


– Adiskidetasuna, adiskide pila egiten dira igeriketan. Giro bikaina dugu geure artean, konfiantza handia dugu elkarrengan. Giro on hori, gainera, ez da bakarrik geure taldera mugatzen, beste taldeetako partaideekin ere hala izaten da; ez dago inbidia konturik…


– Hori bai, astean sei egunez eta ordu asko entrenatzen dituzu. Ez al zara azkenerako nazkatzen?


– Zenbait egunetan, gainera, agian bitan entrenatzen dugu, eta batzuetan nekagarria izaten da, bai. Goizeko 06:00etan esnatzen naiz igerilekura joateko, 19:00ak aldera itzultzen naiz etxera, etxeko lanak egin behar dira… 12 urte nituela, urtebetez utzi egin nuen igeriketa ikasketetan gehiago zentratzeko, baina konturatu nintzen horrek ez zuela ezertarako balio, eta hurrengo urtean berriro ere igeri egiten hasi nintzen.

– Entrenamendu guztiak uretan egiten dituzue?

– Igeri beti egiten dugu, eta askotan ordubetez gimnasiora ere jotzen dugu pisuak jasotzera, zangoak eta besoak sendotzeko.

– Jakin badakit kanpora lehiatzera zoazenean, primeran pasatzen duzula bidaietan. Zergatik bada?

– Bai, bai, primeran. Kanpoan dagoen jendearekin egoten zara, berez oso gutxi ikusten duzun jendearekin, eta hori oso gustagarria da. Lehiaketa garrantzitsuak izaten dira sarri, eta horrek ere asko motibatzen nau. Eta azkeneko egunean, gainera, festa egiten dugu. Irrikitan egoten naiz kanpora lehiatzera joateko!

– 17 urte dituzu. Igerilari bikainen adinari begiratzen badiogu, laster zure onenean izango zara, ezta?

– Berez, hala izan beharko luke. Nire helburua Espainiako txapeldun izatea da. Entrenatzaileak gomendatu dit urtebetez buru-belarri igeriketari heltzea, baina momentuz ez nago prest egunero-egunero horretan bakarrik jarduteko, ikasketak-eta alde batera utziz.

– Abendu amaieran, Eguberrietako Nazioarteko Igeriketa proba jokatuko da, aurten, Ordizian. Proba hau ikustera joaten zara?

– Bai, urtero joaten naiz, eta ikusteaz gain, asko ikasten dugu. Nazioarteko igerilari onak ikusiz, xehetasun txikienei ere erreparatzen diezu, eta asko ikasten da, irteerak nola egiten dituzten, esate baterako…



Nor da?
- Izena: Maddi Otxoa de Eribe.
- Sorlekua: Donostia.
- Adina: 17 urte.
- Ikastetxea: Santo Tomas Lizeoa, Bigarren Batxilergoa.
- Taldea: Bardulia.
- Emaitza onenak: besteak beste, Euskadiko txapeldun bizkar estiloan (50, 100 eta 200 metrotan).