|
Zergatik hartu duzu pilota uzteko erabakia?
Azkenaldian ez nenbilelako gustura. Lesio batzuk ere izan ditut, eta mugikortasun arazoak eragin dizkidate; batez ere, defentsako lanean. Horregatik, uzteko momentua dela erabaki dut.
Halabeharrez hartutako erabakia izan da, hortaz.
Neurri batean bai. Ez nintzen gozatzen ari, eta hobe uztea. Gainera, kontratua amaitzen zitzaidan. Bestalde, enpresan pilotari asko gaude, eta beste batzuei tokia ere egin behar zaie. Denak izan du eragina.
Erraza ez da izango halako erabakia hartzea, ezta?
Ez, baina pixkanaka konturatzen joan naiz uzteko ordua zela. Azkenaldian, lehen baino askoz partida gutxiago jokatzen nituen, eta baztertuta bezala sentitu naiz, baina ez zentzu txarrean. Hala behar zuen eta kito. Pare bat astetik behin jokatzen nuen azkenaldian, eta konturatu naiz aurten ez bazen datorren urtean utzi beharko nuela. Beti izaten da kolpe handia utzi beharra baina, oraingoz, behintzat, lasai nago.
Min gehiago eman al dizu baztertuta sentitu izanak pilota uzteak berak baino?
Egia esateko, beti jokatu izan ditut estelarrak. Sekula ez naute lehenengo edo hirugarrengo partidetan jarri, baina ez zen lehen bezala. Orduan banekien beti jokatuko nuela, baina azkenaldian gutxiago jokatu dut, eta horregatik nioen neure burua baztertuta ikusi dudala.
Egunotan, inoiz baino gehiago begiratuko zenuen iraganera, ezta?
Ez pentsa asko begiratu dudanik atzera. Izan ere, lehen hamabost urteak oso azkar igaro zitzaizkidan. Asko jokatzen nuen eta gozatu egiten nuen. Azkeneko lauzpabost urteak luzeagoak egin zaizkit. Lesioekin hasi nintzen, eta sendatzen denbora gehiago igarotzen nuen. Hori gogorra egin zait.
Hogei urte hauetan zer da gehien bete zaituena?
Gauza asko dira. Baina, batez ere, aldagelako giroa da onena. Lehen, takoak jartzeko garaian, labetxoaren inguruan pilotari asko elkartzen ginen, eta sekulako giroa egoten zen gure artean. Denaz hitz egiten genuen, eta oso lagun onak egin ditut horrela. Izan ere, ordu asko igarotzen genituen elkarrekin. Pilotari esker lagunak egitea izan da onena.
Zein izan duzu egunik gogoangarriena?
Bi txapelak irabazi nitueneko egunak. Biak izan ziren ederrak. Aurrenekoa binakakoa izan zen, eta berezia izan zen, lehenengoa zelako. Eta bigarrena beste horrenbeste, banaka izan zenez, zuk bakarrik lortzen duzulako irabaztea. Agian, meritu handiagoa dauka banaka irabazi nuen txapelak, zure ahalegina soilik delako, baina politak biak izan ziren.
Gustatu ez zaizun zerbait izan al da hogei urte hauetan?
Bai. Gogoan dut Asegarce enpresa sortu zenean tira-birak izan genituela pilotarien artean, batzuek bat egin genuelako proiektu harekin eta beste batzuek ez. Normala ere bada hala gertatzea, bakoitzak berea defendatzen baitu. Orduan desatsegina izan zen, baina denborak dena konpontzen du, eta azkenean, gauzak bere onera etorri ziren.
Nola hasi zinen pilotan?
Gure aita pilotaria zen, eta etxean giro egokia zegoen pilotari izateko. Añorgako pilotalekuan asko ibiltzen ginen, eta ikastolan ere bai. Horrelaxe ekin nion. Gero, Añorgan kluba sortu zen, eta hor jarraitu genion txikitan hasitako bideari.
Profesional izatera iritsi zinenean helburu batzuk izango zenituen. Bete al dituzu?
Bai. Baina debutatzen duzunean, ez daukazu txapelak irabazteko helburua. Gainera, orduan, pilotaren oihartzuna ez zen oraingoa bezalakoa, eta telebistan, esaterako, buruz buruko finala soilik botatzen zuten. Nire kasuan, pilota lanarekin uztartzeko modua izan zen, laneko diru-sarrerak osatzeko bide bat. Debutatu nuenean, beraz, ez nuen helburu handirik. Gero, bidea egiten hasten zarenean, beste helburu batzuk jartzen dituzu, eta nirea zen berrogei urterekin erretiratzea. Baita estelarrak jokatzea eta goiko mailan aritzea ere. Urteak aurrera joan ahala helburu berriak finkatzen dituzu, eta pausoz pauso joan behar da. Nik helburu denak bete ditut, eta gustura nago.
Hogei urte hauetan asko aldatu da pilota, eta zuk bertatik bertara bizi izan duzu. Zer nabarmenduko zenuke aldaketa horretan?
Gauza asko aldatu dira. Materiala ezberdina da. Jokatzeko modua ere bai. Esate baterako, lehen inori ez zitzaion bururatuko buruz buruko partidetan sakeari airez erantzutea, baina orain normaltzat hartzen da. Komunikabideen jarraipena ere asko aldatu da. Pilota oso mediatikoa da orain. Gazte mailako txapelketek ere sekulako oihartzuna daukate orain, eta pilotari gazteak ia-ia ospetsuak dira debutatu aurretik.
Lehen zailagoa al zen profesionaletara jauzi egitea?
Nire ustez, lehen maila hobea zegoen afizionatuetan. Gure garaian, adibidez, Goikoetxea anaiak ziren onenak, eta gora igotzeko bagenekien haiek menderatu behar genituela. Enpresariek ikusi beharra zeukaten orduko onenak baino hobeak ginela. Behin gora igota, gainera, behe-behetik hasten ginen. Orian, berriz, igo orduko jartzen dituzte estelarrak jokatzen, eta asko bidean gelditzen dira. Gero, oso zaila da berriz burua altxatzea.
Aldaketa horiek guztiak onerako ala txarrerako izan dira?
Onerako izan dira, oro har.
Nola ikusten duzu pilotaren etorkizuna?
Ondo. Telebistak jarraitzen duen bitartean ez da arazorik izango.
Txapelketek indarra daukate baina jaialdien erakargarritasuna ez al doa beherantz?
Bai, hori egia da. Lehen, jende gehiago joaten zen pilotalekura. Baina, orain, telebistarekin berdintzen dute beherakada hori. Lehen, alderantzizkoa zen. Telebistarik ez zegoen, baina pilotalekuetara joaten zen jendetzaren bidez berdintzen zuten egoera.
Zergatik kostatzen zaie pilotari gipuzkoarrei puntaren puntara iristea?
Ez dut uste nafarrei baino gehiago kostatzen zaigunik, baina zerbait falta zaigu. Gazte mailetan lan ona egiten da, baina gero, zerbait falta da. Ez dakit zer den. Agian, zikloak dira. Gure kasuan, esaterako, buruz buruko txapeldunik ez da izan, baina oso belaunaldi ona zen: Zezeaga, Alustiza, Etxaniz, Errasti...
Irabaziko zenukeen baina irabazi ez duzun txapelen bat?
Udako torneo guztiak irabazi ditut eta bi txapela ere baditut. Buruz burukoa aipatuko nuke, baina behin bakarrik hartu nuen parte, eta nahikoa izan zen horretarako balio ez nuela konturatzeko.
Mila pilotalekutan jokatu duzu. Zein izan duzu gustukoena?
Zarauzko Zinema zaharra. Oso gutxi jokatu genuen, udan soilik jokatzen zelako bertan. Baina oso berezia zen, txikia eta bildua. Zarautz bertako Aritzbatalde ere asko gustatzen zait. Baita Eibarko Astelena ere. Han oso gustura jokatu izan dut beti, baina enpresa kontuak tarteko, azken urteetan ezin izan dut han aritu.
Beste hamaika bikotekide izan dituzu lagun. Nor duzu gustukoena?
Asko. Errastirekin oso gustura aritu naiz, eta lagun onak gara, gainera. Belokirekin eta Zezeagarekin ere oso gustura aritu naiz. Tolosa ere aipatuko nuke, pilotari izatea zer den erakutsi zidalako. Denetatik pixka bat hartuko nuke. |