|
Mundaizen dagoen Snooker tabernan egin dugu hitzordua. Ez da nahigabe hartutako lekua izan. Billarraz hitz egiteko, Donostian dagoen areto bakarrera joan behar delako. Han daude Javier Cuadrado eta David Garcia. Donostiako billarraren iragana eta oraina da Cuadrado; oraina eta etorkizuna Garcia. Maisua eta ikaslea.
Cuadradok 79 urte dauzka, eta oraindik ere txapelketetan jokatzen du. Gaztetxoa zenean hasi zen billarrean jokatzen: «15 urterekin ekin nion, Donostian zeuden areto batzuetan. Gerora hasi ziren Espainiako Txapelketa antolatzen, 60ko hamarkadan, eta berehala hasi nintzen parte hartzen. Gaur arte», lotu ditu iragana eta oraina. David Garcia askoz gazteagoa da. 29 urte dauzka. Duela 11 urte hasi zen billarrean, «Loiolako Dover tabernan». Gustatu egin zitzaion, eta pixkanaka billarrean murgiltzen hasi zen. Txapelketa batzuetan parte hartu du, baita Las Vegaseko Munduko Txapelketa batean ere.
Solasaldia hasi orduko, Cuadradok bi gauza nabarmendu nahi izan ditu: «Gauza bat da billarrean denbora-pasa aritzea, eta beste bat txapelketetan jokatzea. Jauzi handia dago, eta ez dute zerikusirik». Nabarmendu nahi duen bigarren arloarekin lotu du azalpena: «Baina zailtasun handiak daude Donostian eta Gipuzkoan billarrean buru-belarri murgiltzeko». Garciak sakondu du gaia: «Areto hau bakarrik daukagu, klubik ez dago eta oso kirol garestia da. Erakundeek ere ez digute batere laguntzen, eta baldintza horietan oso zaila da jokalariak ateratzea. Eskerrak Snooker tabernak laguntzen digun eta bere izenean lehiatzen garen».
Entrenamenduen garrantzia
Billarreko txapelketetan ez dago adinaren mugarik, eta nahasian jokatzen dute gazteek eta helduek. Baina gazte ala heldu izan, bada ezinbestean bete behar duten baldintza: orduak eta orduak aritzea. Cuadradok, esaterako, egunean bi orduko saioa gutxienez egiten du. Garciak astean hiruzpalau saio egiten ditu, bizpahiru ordukoak. Bolak jo eta bolak jo. Zehaztasuna behar baita. Baina biak bat datoz buruaren garrantzia nabarmentzean: «Jokalari guztiek dakite bolak sartzen. Horregatik, garrantzitsuena burua da, kontzentrazioa». Cuadradok zehaztu duenez, «%80 da burua». Arrazoi duela erantzun dio Garciak: «Nerbioak baretu behar dira, oreka lortu behar da». Cuadradok, esperientziaren pisuaz, hauxe gaineratu dio: «Nerbioak baretzea ondo dago, baina neurrian. Izan ere, nerbio-puntua behar da, bestela erlaxatzeko arriskua dagoelako».
Kirol konplexua
Nerbioak baretzeko, kolpea hobetzeko eta billarrean buru-belarri aritzeko, ordu askoz jardun behar da. Horixe egin du Cuadradok, eta horretan saiatzen ari da Garcia. Izan ere, billarrak kirol arrunta bezain erraza ematen du lehen begiratuan, baina sakontzen hasi orduko ohartzen da bat konplexua dela. Hasteko, hamaika modalitate dauzkalako. «Billarra eta billar amerikarra bereizten dira, baina bakoitzaren barruan, modalitate asko daude», azaldu du Cuadradok. Bera billarrean aritzen da, bolak zuloan sartu behar ez diren modalitatean. Garcia, aldiz, amerikarrean dabil, bolak zuloan sartzen. «Sekulako aldea dago batetik bestera», esan du beteranoak. «Amerikarrean ondo jokatzea ez da billarrean ona izateko bermea, baina billarrean ondo aritzen dena ona izango da amerikarrean», osatu du azalpena. Billarraz sakon hitz egiten hasi orduko, barru-barrutik bizi duela nabari zaio Cuadradori, eta hainbeste maite duen kirola hain konplexu egiten duten ezaugarriak aipatzen hasi da: mahaietan egoten diren berogailuak bola errazago mugi dadin, makilaren puntaren diametroak, efektuak, kolpe motak eta abar.
Billarra bizitzaren oinarrietako bat
Barru-barrutik bizi dute biek billarra. Hizketan ari direla agerian gelditzen da hori. Kirol horrek zer eman dien galdetu ondorengo erantzunak irakurri besterik ez dago: «Poza ematen dit billarrak. Orain, emaitza onak lortzen ari naiz, eta animatuta nago. Droga da niretzat, bizioa. Astebete jokatu gabe egon eta hutsunea sentitzen dut», adierazi du Garciak. Cuadrado maisuak ikaslearen azalpenari berehala heldu dio: «Bola jo eta mugitzen hasten denean, bihozkada sentitzen dut. Oso sartuta daukat buruan, eta bizitzan gauza asko daudela jakinda, egunero billarrean jokatzea ezinbestekoa da niretzat».
Garciak etorkizun oparoa dauka, betiere billarrean aritzeko zailtasunak oztopo handia direla kontuan izanda. Ilusioz dago, eta ikasten ari da. Ez dauka maisu txarra alboan. Cuadradok billarraren sekretu guztiak ezagutzen ditu, eta gazteei erakusteko ez du erreparorik. Hitzordua amaituta, Snooker tabernan gelditu dira biak. Billarrean jokatzen, nola ez.
|