Asier Maeztu txirrindularia


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 42 2008/02 »  Asier Maeztu txirrindularia

Erreportajea

Euskadiko Sei Orduak


ASIER MAEZTU TXIRRINDULARIA

«Gauza handia da etxeko proban parte hartzea»
Askotan parte hartu du donostiarrak Euskadiko SEI Orduetan, baina oraindik, ilusioa sortzen dio belodromoan aritzeak. Aurten, Sergi Escobar izango du bikotekide.

– Gogoan izango duzu parte hartu zenuen lehen aldia, ezta?
– Bai. Ordezko nengoen eta azken amerikarrean atera behar izan nuen, Jose Manuel Morenorekin. Gero, Mikel Astarlozarekin bizpahiru urtez aritu nintzen. Gero, hiru bat urte Aitor Galdosekin. Iaz, argentinar batekin, eta Mikel Gaztañagarekin ere atera izan naiz.


– Donostiarra izanda, ilusio berezia egingo dizu Sei Orduetan parte hartzeak, ezta?
– Txikitatik ezagutu izan dut proba. Maila handikoa da. Txikitan ikustera joaten nintzen, eta gauza handia da orain parte hartzea, non eta etxeko proban. Oso gustuko dut.


– Umetako ametsa bete duzu, hortaz.
– Bai. Pistan hasi nintzenean nire ilusiorik handiena zen Euskadiko Sei Orduetan parte hartzea, eta gero, beste helburu batzuk etorri dira: Munduko Txapelketak, Olinpiar Jokoak...


– Nor zenuen idolo ikusle zinenean?
– Urs Freuler. Betidanik gustatu izan zait. Bruno Risi ere asko gustatzen zait, eta oraindik jarraitzen du. Curuchet anaiak ere gustukoak nituen. Denak dira ezagunak eta Euskadiko Sei Orduetara joaten garen guztiontzat dira idoloak.


– Nor izango duzu bikotekide aurten?
– Sergi Escobar. Pistako kidea dut, eta elkar ondo ezagutzen dugu. Oso txirrindulari handia da. Munduko txapeldun izana da. Beti gaude elkarrekin, gainera. Gure neska-lagunek esaten digute senar-emazteak ematen dugula, elkarrekin denbora gehiago igarotzen dugulako.


– Helbururik jarri al duzue aurtengorako?
– Beno, oraindik ez. Jarriko dugu, parte-hartzaile guztien izenak jakin eta gero. Baina, hasiera batean, gozatzea da helburua, ikuskizuna ematearekin batera.


– Nor dira faboritoak?
– Risi eta Marvulli etortzekoak dira. Inoiz ez nituzke jarriko podiumetik kanpo. Punta-puntakoak dira, ia onenak. Llaneras eta Torrent ere goian ibiltzekoak ziren, baina Torrentek sekulako kolpea hartu zuen Mallorcan, eta ateratzekoa den arren, agian ez da onenean izango.


– Zein proba duzu gustukoen?
– Amerikarra asko gustatzen zait.


– Eta gutxien?
– Ez dakit. Denak gustatzen zaizkit. Azken batean, txirrindularia naiz, eta denak gustatzen zaizkit. Gustura egoten naiz denei begira, horretarako aukera baldin badut, behintzat.


– Zergatik dira bereziak Euskadiko 6 Orduak?
– Euskal Herrian bereziak dira, maila horretako proba bakarra delako. Munduko onenak etortzen dira, eta hala izanda, beti egoten da ikuskizuna. Gainera, egun bakarrekoa da, eta kirolaz gain, beste gauza askoz gozatzeko aukera egoten da.


– Donostiako proba alde batera lagata, negu gogorra izaten ari da zuretzat, ezta?
– Bai, Munduko Kopan batetik bestera gabiltza. Etxetik kanpo denbora asko igaro dugu, eta gogorra da. Baina alde ona ere badu. Herrialde epelagoetara joaten garenez, egokiagoak dira entrenatzeko. Lehen bi probak Australian eta Txinan izan dira. Gero, beste hogeita lau egunez egon gara Mexikon, Los Angelesen eta berriz Mexikon, Munduko Kopako probetan. Neska-laguna gutxi ikusten duzu, eta gogorra da. Eskerrak Escobarren neska-laguna eta nirea bisitan etorri zitzaizkigun Mexikora. Asko lagundu zigun horrek. Orain, proba bat falta zaigu Munduko Kopa bukatzeko, otsailaren erdian, Kopenhagen duguna.


– Zer moduzko emaitzak lortzen ari zarete?
– Olinpiar Jokoetara joateko adina puntu lortu ditugu, eta gustura gaude. Lasai. Hala ere, postua ez dugu erabat ziurtatuta, irabazi beharra daukagu. Baina gauzak ondo ateratzen badira, Pekinen izango gara. Atenaseko esperientzia errepikatu nahi dut. Han, brontzezko domina lortu genuen-eta.

 


NOR DA?

Neguan batera eta bestera dabil Maeztu, eta atseden hartzeko oso denbora gutxi izaten ari da.

- Adina: 30 urte
- Herria: Donostia
- Palmaresa: 2004ean Munduko Txapelketan brontzezko domina. Urte berean, Olinpiar Jokoetan ere hirugarren. Munduko Kopan beste lau domina: 3 brontzezko eta zilarrezko bat. Espainiako txapeldun lau aldiz.