|
Pistan maisua zen, eta pistatik kanpo jatorra, denen laguna. Guztiei egiten zien irribarre, eta ikusleek maite zuten. Pista barruan serioagoa zen, eta oso lehiakorra. Oso ona. Sei Orduen historian aparteko lekua dauka Urs Freulerrek.
Askotan hartu zuen parte belodromo proban, eta lautan irabazi: 1986an Zoetemelk handia lagun zuela; hurrengo urtean Gisger bikotekide zuela; 1988an, belodromoak dar-dar egin zuen Cabestanyrekin irabazi zuenean; azkeneko garaipena 1994an erdietsi zuen Clarken laguntzarekin. Irabazten ez zuenean, berriz, podiumean edo lehen postuetatik oso gertu ibiltzen zen.
Aparteko dohainak zituen pistarako. Azkarra zen, jakina, baina urteen poderioz, zakur zaharra bilakatu zen, eta belodromoetako martingala guztiak menderatzen zituen. Haren palmaresa ikusi besterik ez dago. Pistako Munduko txapeldun askotan izan zen, ia espezialitate guztietan. Baina pistarekin lotzen badugu ere, errepidean ere maila onean ibili zen. Sprinterra zen, eta Tourrean eta Giroan garaipenak lortu zituen. Italiako lasterketan nabarmendu zen batez ere, 15 etapa irabazi baitzituen.
Hala ere, Euskal Herriko txirrindularitza zaleek Sei Orduekin lotzen dute suitzarra. Sekulakoak eta bi egin zituen, eta zaleen kuttuna zen. Ikusle gehienek nahi izaten zuten Freulerrek irabaztea, eta hark ederki asetzen zituen nahi horiek. Pistaren barruan, garaipenekin, eta pistatik kanpo, jatortasunarekin. Sei Orduak entzun orduko, ez da harritzekoa Urs Freulerren izena etortzea gogora. Bera baitzen izarra. Denen kuttuna.
|