Rakel Delgado eta Cristina Gabilondo


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 42 2008/02 »  Rakel Delgado eta Cristina Gabilondo

Gaurkoa eta biharkoa

Rakel Delgado eta Cristina Gabilondo

Taldekide baino gehiago, lagunak
Biurrarena-UPV saskibaloi taldean jokatzen dute, Emakumezkoen Bigarren Ligan.
Biak dira antolatzaileak. Rakel Delgado iragana eta oraina da. Cristina Gabilondo, oraina eta etorkizuna.

Donostian, emakumezkoen saskibaloia itzalita egon da hainbat urtez, baina azkenaldian ekimen berriak sortu dira. Horietako bat da Biurrarena-UPV taldea. Ekimen berri horren oinarria donostiar jokalariak dira. Gehiengoak dira bertakoak, eta haien artean daude Rakel Delgado eta Cristina Gabilondo.


Delgadok ibilbide luzea egin du saskibaloian, eta puntaren puntan ibilitakoa da. Gabilondoren ibilia, berriz, motzagoa da. Biak hasi ziren ikastetxean: «Nahiago nuen futbola, baina Colegio Alemanen ez zegoen talderik. Azkenean, aitak esan zidan saskibaloian hasteko», gogoratu du Gabilondok hasierako garai hura. Delgadok ere ikastetxean heldu zion saskibaloiari, «futbolean oso baldarra nintzelako», esan du barrezka.


Gozamena eta taldea. Biek argi eta garbi daukate zer eman dien saskibaloiak. Galdera entzun orduko, biak batera hasi dira erantzuten, eta bi hitz entzun dira: gozamena eta taldea. «Saskibaloian urte asko daramazkit, eta batez ere, gozatzeko aukera eman dit; batetik, taldeko giroaz, eta bestetik, kirola egiteko aukeraz», azaldu du bietan zaharrenak. Gazteak biribildu du lagunaren azalpena: «Taldea da garrantzitsuena, asko partekatzen duzulako lagunekin. Ez dut neure burua ikusten bakarkako kirol bat egiten».


Biak dira antolatzaileak, eta ondorioz, entrenamenduetan ordu asko igarotzen dituzte elkarrekin. Horretan ere biek gozatzen dute, bakoitzak badakielako zer lan egin behar duen. Gazteak badaki heldua «erreferentea» dela saskibaloi munduan, «bere historialari begiratu besterik ez dago». Horregatik, asko ikasten ari da harekin, eta gozatu egiten du. Helduak gustura egiten du lan hori, eta erdi txantxetan erronka bota dio gazteari: «Nik saskibaloia uzten dudanean, zuri tokatzen zaizu lekukoa hartzea». Zerbaitegatik bota dio erronka: «Dohainak badauzka, oso fisiko ona du eta inork ez du harrapatzen, azkarra baita». Baina esperientziaren talaiatik, aholku hau ere eman dio: «Defentsan ona da, baita erasoan ere, baina gehiago begiratu beharko luke saskira».


Ligan, oso ondo. Lehen urtea du Biurrarena-UPV taldeak Emakumezkoan Bigarren Ligan, Espainiako bigarren Liga garrantzitsuenean. Inork ez zuen zentimorik ematen neska talde honen alde, baina oso maila onean ari dira. Lerro hauek idazteko garaian, bosgarren zeuden, lau onenen artean sartu eta igoerako kanporaketak jokatzeko aukerekin. Delgadok garbi dauka zein den sekretua: «Lana eta lana». Eta taldeko gazteak izan ditu gogoan: «Garbi eduki behar dute lanik egin gabe ez dela partidarik irabazten».


Lehen lauren artean sartzeko aukerak dituztela diote biek: «Gure helburua mantentzea zen, eta dagoeneko, lortu dugu. Orain, anbizioa izan behar dugu, eta lau aurrenetan sartzeaz gain, igo gaitezkeela uste dut», adierazi du Gabilondok. Esperientziaren ahotsak, Delgadok, gauza bera esan du, baina zailtasunak gogoan dituela: «Bigarren itzuli osoa gelditzen da, baina lauzpabost talde besteak baino indartsuagoak dira». Gaztearen indarra azaldu da berehala: «Hala da, baina talde horiek ere galtzen dute». Helduak bota du hemendik aurrera zer izan daitekeen bide onetik jarraitzeko sekretua: «Gure taldeak ez dio beldurrik ezertxori ere, eta anbizioa daukagula erakutsi dugu. Baina funtsezkoa da ondo jokatzea».


Lagunez osatutako taldea. Ondo jokatzeko, ezinbestekoa da ondo entrenatzea. Saio kopuruagatik, behintzat, ez da izango, astean lau entrenamendu egiten baitituzte Azu Muguruzaren neskek. «Eta astean bi aldiz, goizetan, jaurtiketak entrenatzeko aukera dauka ahal duenak», azaldu du Delgadok.


Baina lanaz gain, Biurrarena-UPV taldearen indarra beste ezaugarri batean ere badago. «Oso giro ona dago gure artean», adierazi du Delgadok. Ezinbestekoa baita taldekideen arteko giroa emaitza onak lortzeko. Gabilondo eta Delgado dira horren adierazgarri. Hona zer dioen gazteak helduaz: «Aurten ezagutu dugu elkar, eta mundiala da». Helduak, berriz, hau dio gazteaz: «Pertsona bezala asko erakutsi dit». Taldekide baino gehiago, lagunak dira. Horra taldearen indarra.



RAKEL DELGADO

Adina: 29 urte.
Sorlekua: Donostia.
Taldeak: San Jose de Calasanz ikastetxea, Juven, Lasarte-Oria, Costa Naranja, Canoe, Hondarribia Irun, UPV Atletico, Biurrarena.

«Saskibaloiak gozatzeko aukera eman dit: taldeko giroaz eta kirola egiteko aukeraz»
KRISTINA GABILONDO

Adina: 20 urte.
Sorlekua: Donostia.
Taldeak: Colegio Aleman, Loiola, Bera-Bera eta Biurrarena.

«Taldea da garrantzitsuena, asko partekatzen duzulako lagunekin»