Amaia Trueba eta Amaia Intxausti


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 43 2008/03 »  Amaia Trueba eta Amaia Intxausti

Gaurkoa eta biharkoa

Amaia Trueba eta Amaia Intxausti

Trueba errematea egiten, eta Intxausti blokeoan.

Sarean Harrapatuta
Fortuna taldeak eusten dio Donostiako garai bateko boleibol giro oparoari. Ez edonola, gainera. Talde nagusia Espainiako Lehen Mailan ari da, eta bertako kide da Amaia Trueba. Jubeniletan jokatzen du, berriz, Amaia Intxaustik.

Boleiboleko jokalariek ezin dute sarea ukitu. Baloia alde batetik bestera pasatu behar dute, baina baloiak ez bezala, ezin dute sarea ukitu. Horretan aritzen dira Amaia Trueba eta Amaia Intxausti donostiarrak. Fortuna taldean. Zorte oneko neskak direla esaten dute, «gustuko kirolean aritzeagatik».


Trueba aspaldi hasi zen. Duela hogei urte. «Ikastolara etorri ziren erakustera, izena eman, gustatu eta gaur arte», lotu ditu iragana eta oraina. «Nahigabe izan zen», oroitzen du.


Intxausti, askoz gazteagoa izanik, duela 5 urte hasi zen, «ikastaro bat tarteko». Truebak ez bezala, beti jokatu izan du Donostian. «Urtebetez Andoainen aritu nintzen eta», azaldu du helduenak.


Boleibolak zer eman dien galdetuta, bat egin dute: «Lagun taldea». Gazteak gehiago sakondu du: «Bizitzeko era bat ere bada, badakizulako astean hiru entrenamendu dituzula eta asteburuan partida bat». Horrez gain, Truebak dionez, «ikasteko aukera ematen du, beti dagoelako zer ikasi».


Etorkizun iluna. Datozen urteak aztertzen hasita, ez dira oso baikorrak bi jokalariak. «Gero eta jende gutxiagok jokatzen du Donostian», diote. Iraganera egin du jauzi helduenak: «Lehen talde mordoa zegoen». Aldaketaren zergatiak ere eman ditu: «Orain, neskak futbolean jokatzen hasi dira, eta lehengo aldean, kirol gutxiago egiten da».


Denboraldi gogorra. Justu antzean bada ere, taldea osatzeko adina badaude, ordea. Hala ere, kanpoko jokalari asko ditu Fortuna Kirol Aukera taldeak. Truebak azaldu du zergatia: «Onak direlako eta jende gutxitxo gaudelako». Leku askotakoak elkartu dira: dagoeneko bere herrialdera joan den bosniarra, italiarra, espainiarrak... «Ingelesa praktikatzeko ondo etorri zaigu, batek ez zekielako gazteleraz», dio Truebak.


Beheko mailetako taldeetatik badatoz jokalariak, eta haietako bat da Intxausti. Dagoeneko jokatu izan du lehen taldearekin, baina azkar esan du beste denboraldi bat gelditzen zaiola jubeniletan. Agian, lagunek egiten dituzten bidaia gogorrak etorri zaizkiolako gogora. «Denboraldia gogorra egiten ari zaigu alde horretatik. Bidaiak oso luzeak dira; Galiziakoa esaterako, eta astuna egiten da astelehen goizaldean etxera iritsi eta berehala lanera joan beharra».


«Euskadiko talde onena» Gustuko tokian baina ez omen dago aldaparik, eta gustagarria izan behar du Espainiako Lehen Mailan aritzea. Lehen aldiz ari da hain goian Fortuna Kirol Aukera, eta harrotasunez dio Truebak: «Euskadiko talde onena gara». Baina oso jarraipen gutxi egiten dietela azaldu du: «Komunikabideetan gutxi saltzen gaituzte».


Mailari eustea zuten hasierako helburu, eta lortu dute, baina ez daude gustura: «Hobeto ibiltzeko taldea daukagu», esan du. «Gu okerrago ari gara», moztu dio Intxaustik, baina «hobetzen ari» direla gaineratu du.


Emaitzak emaitza, gozatu egiten dute biek boleibolean. Une batez sarean ez alde batera ez bestera gelditzen den baloia bezala daude. Harrapatuta. Boleibolaren saretik ateratzeko asmorik ez daukate.



AMAIA TRUEBA

Adina: 32 urte.
Sorlekua: Donostia.
Taldeak: C.D. Fortuna.

«Boleibolak ikasteko aukera ematen du, beti dagoelako zer ikasi»

AMAIA INTXAUSTI

Adina: 17 urte.
Sorlekua: Donostia.
Taldeak: C.D. Fortuna.

«Bizitzeko era bat da boleibola, badakizulako astero eta astebururo
zer daukazun»