Pablo Goņi Mendizalea


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicaciķn deportiva »  Mugi 44 2008/04 »  Pablo Goņi Mendizalea

02 Erreportajea

Pablo Goñi Mendizalea


Mendira joaten den bakoitzean, Pablo Goñik gainean eramaten du beharrezkoa
den material guztia.

«Mendian ibiltzeak bakea ematen dit»

Aukera duen bakoitzean mendira ihes egiten du Pablo Goñik. 
mendiak kirola egitea, naturaz gozatzea eta hirikoa ez den beste bizimodu bat 
dagoela sentitzea ahalbidetzen dio.


– Konta iezaguzu zure mendizaletasunaren jatorria.

– Txikitandik hasi nintzen gurasoekin Gipuzkoako mendietan ibilbideak egiten: Ernion, Aiako Harrian, etab. 17 bat urte nituenean, nire kasa joaten hasi nintzen, lagunekin, Pirinioetara. Eskalada pixka bat egiten ere hasi nintzen. Eta halaxe harrapatu ninduen mendiak.

– Zuk beste lan bat duzu, ez zara mendizale profesionala, ezta?

– Ni beti zale gisa ibili izan naiz mendian. Alde batetik, kirola osasuntsua delako, eta bestetik, naturarekin oso harreman polita izatea ahalbidetzen duelako. Lehenengo ekintzak ibilbideak izan ziren, lauzpabost egunetakoak, lagunekin edo batzuetan bakarrik egiten nituenak. Gero, beste batzuk gehitu nituen: eskalada, eskia, etab. Baina beti dibertitzeko egiten dut, eta ez profesional izateko.

– Nondik ateratzen duzu zure zaletasunerako denbora?

– Gaur egun lehen baino denbora gutxiago daukat. Alaba txikia dut eta seme bat izango dut laster, eta beraz, oraingo egoera ezberdina da. Lehen, nire bikotearekin eta lagunekin aprobetxatzen nuen asteburuetan eta jaiegunetan mendira joateko. Orain, berriz denbora gutxiago daukat eta daukadan hori hobeto antolatu eta prestatzen dut: planak oso zehaztuta izaten ditut, ez dut inprobisatzeko aukerarik. Lehen, adibidez, prestaketa fisikoa mendian bertan egiten nuen, praktikarekin berarekin. Orain, berriz, prestaketa kiroldegian egiten dut, eta mendira joaten naizenean zuzenean ibilbidea edo ekintza zehatza egiteko aprobetxatzen dut. 

– Mendira atera baino lehen, zein prestaketa egiten duzu?

– Duela zortzi urte, astean zehar eskalatu eta korrika egiten nuen, asteburuan sasoi onean egoteko. Orain, berriz,  batzuetan rokodromora eta kiroldegira joaten naiz.

– Prestakuntza fisikoaz gain, informazioa biltzen duzu irteera prestatzeko?

– Batez ere Interneten begiratzen dut, bertan informazio lagungarri asko aurkitzen baita. Bestalde, ingurua ezagutzen dutenengana jotzen dut, beraiek baitira tokia ondoen ezagutzen dutenak. Eskalatzeko orduan, adibidez, gidaliburuetan agertzen ez diren gauza asko ezagutu daitezke harria igo dutenen eskutik.

– Zer esan nahi du zuretzat mendiak?

– Mendiak gauza asko ematen dizkit: askatasuna, naturarekin harreman zuzena izateko aukera, bizitzeko beste modu bat, bakea...

– Zer dago han goian itzultzera bultzatzen zaituena?

– Mendi tontorrean begiekin ikus daitezkeen gauzak eta bihotzarekin senti daitezkeenak aurkitzen ditut. Mendi tontorrak hausnartzeko aukera ematen dit, lasaitasuna ematen dit.

– Oso exigentea zara zure buruarekin? Lehentasuna du goraino iristeak?

– Bai. Goraino iristea erronka kontsideratzen dut; eta erronka hori jartzea ezinbestekoa dela uste dut, bestela kosta egiten baita goraino igotzea.

– Eta, segurtasunari dagokionez, mendiari errespetu handia izan behar zaio, ezta?

– Mendian arrisku asko daude, eguralditik hasita, bidean aurki daitezkeen oztopoetara arte. Gauza asko gerta daitezke ezustean eta esperientzia oso lagungarria da egoera larri batetik ateratzeko.

– Adibidez, aspalditik igo nahi zenuen mendira iritsi zara eta eguraldiak okerrera egiten du bapatean. Erraz hartzen duzu atzera egiteko erabakia, edo igotzen saiatzen zara?

– Erabakia azkar hartzen dut. Zera esaten dut beti: mendira joatea ez da tontorrak igotzea, baizik eta etxera itzultzea. Askotan hartu izan dut itzultzeko erabakia, ez bakarrik eguraldiagatik, baita orduagatik edo nekeagatik ere. Mendia beti egongo da nire zain, eta beti izango dut itzultzeko aukera.

– Euskadin, zein mendi dituzu gogokoen?

– Txikitan gurasoekin ezagutu nituen inguruko mendiak oso gustuko ditut: Txindoki, Aiako Harria, Aizkorri, etab. Lehen eskaladak, esate baterako, Txindokin egin nituen, eta oraindik ere, urrutira joateko aukerarik ez dudanean, askotan joaten naiz bertara.

– Eta Euskaditik kanpo?

– Europako Mendiak oso gogoko ditut eta askotan izan naiz bertan. 22 urte nituenean, Iñurrategi anaien proiekzio bat ikustera joan nintzen. Bukaeran, zera esan zuten: «dibertitzeko Pirinioak daude». Orduan, hara joan behar nuela erabaki nuen. Geroztik, askotan izan naiz Pirinioetan; izan ere, mota askotako eta zailtasun ezberdinetako ekintzak egiteko aukera ematen dute. Alpeetan, berriz, oso paisai ederrak daude.

– Mendian izandako esperientziarik onena?

– Behin, Pirinioetara joan nintzen ni bakarrik, hainbat egunetako ibilbidea egiteko asmoz. 19 urte nituen. Belagoan ni baino zaharragoa zen gizon batekin egin nuen topo; oso tandem polita osatu genuen eta ibilbide guztia elkarrekin egin genuen. Oso dibertigarria izan zen. Eskaladari dagokionez, Ordesara joan nintzen joan den urrian, Brujas franko-espainiarra egiteko, eta ikaragarria izan zen.

– Esperientziarik txarrena, berriz?

– Bat baino gehiago izan dut. Eskaladan, esate baterako, 900 metroko bide bat igotzen ari nintzela, harri bat erori zitzaidan besora eta jaitsi egin behar izan nuen 200 metro eginda nituenean. Horrelako istripu txikiek fisikoki zein psikologikoki pott eginda uzten zaituzte, baina erabakiak hartzeko gaitasuna beharrezkoa da. Paretak hortxe jarraituko du eta egunen batean berriro igotzen saiatuko naiz.

– Azken urteotan mendian aldaketarik gertatu dela sumatu duzu?

– Gaur egun informazio gehiago daukagu mendizaleok, eta baita tresna berri asko ere. Baina tresna horiek gaizki erabiltzen baditugu, mendiak berez duen arriskua baino gehiago izan dezakegu. GPSa gaizki erabiltzeak, adibidez, arrisku handia dakar. Nik ez dut GPSrik erabiltzen; lagungarria da, baina beste teknologia asko bezala, erabiltzen ez jakitea arriskutsua da. Adibidez, bada GPSarekin eta maparik gabe joaten den jendea. Bestalde, «friend» izeneko tresna eramaten dut beti mendira. Emazteak oparitu zidan, niretzat segurtasuna oso garrantzitsua delako. Tresna hau harriko pitzaduran sartzen da eta, eroriz gero, gorputzaren pisua sostengatzen du.

– Zein ezaugarri izan behar ditu mendizale on batek?

– Naturarekin harreman estua izateko nahia da mendizale on baten ezaugarri nabarmenena.

– Mendi tontorrera iristean, nekeaz gain, zer da sentitzen dena?

– Poza sentitzen da. Eta, horrez gain, esfortzua eskatzen duen zerbait lortzeak sentiarazten duen ongizatea. Eta, are gehiago, bidean zailtasunen bat izan bada. Erronka gainditu dela sentitzen da.

– Zein paisaia iruditu zaitu txundigarria?

– Baztango Alkurruntz mendi tontorra eta Pirinioetako edozein tontor, esaterako. Baina, oro har, tontor asko ikusteko aukera ematen duen edozein paisaia gustatzen zait. 

– Donostialdean zein toki iruditzen zaizu bere edertasunagatik aipagarria?

– Pagoeta, adibidez. Aiatik edo Zarauztik igo daiteke bertara; oso leku polita da, itsasoa ikusteko aukera ematen duelako. Oso ibilaldi ederra da.

– Oraindik ezagutzen ez duzun eta liluratzen zaituen tokiren bat?

– Asko daude. Baina Pirinioen iparraldean dauden bailara batzuk ez ditut oraindik ezagutzen. Eta, kanpoaldean, Patagonia ezagutzea gustatuko litzaidake. Eskiatzeko, berriz, Kanadara joan nahiko nuke.

– Begirale gisa ere parte hartzen duzu Vasco de Camping Elkartearen hainbat ekimenetan. Zer egiten duzu?

– Vasco de Camping Elkartearen barruan dagoen Goi Mendi Taldeko zuzendaria naiz, eta bi ikastaro egiten ditugu urtean. Bata «Pirineismo» izenekoa, eta bestea, nik zuzentzen dudan eskaladako ikastaroa. Azken hauek bi eguneko hastapen-ikastaroak izaten dira, urtean behin Santa Barbaran egiten ditugunak. Gainera, hiruzpalau mendi irteera egiten ditugu urtean 18 urtetik gorako edonorentzat.

– Mendizaleak, berez, natura maite du. Baina bada naturaren kontra egin edo mendia zaintzen ez duenik ere. Zer iritzi duzu?

– Nik, adibidez, norbait mendia zikintzen edo sua egiten ikusten badut, zerbait esateko beharra sentitzen dut. Gehien bat gazte jendearekin gertatzen dela uste dut. Oso ohikoa da 16-18 urte ingurukoak kanpin egitera joatea, eta berez oso ideia ona iruditzen zaidan arren, askok botilaz beteta uzten dute dena.

– Gipuzkoan Josune Bereziartu, Patxi Usobiaga eta goi mailako nazioarteko eskalatzaileak ditugu, baina horien atzetik hain ezaguna ez den kalitatezko eskalatzaile mordoxka dago, ezta?

– Mendiaz gain, eskaladak jarraitzaile asko ditu Gipuzkoan. Eta, horien artean, badago paretak egiten dituen eta hain ezaguna ez den jendea. Izan ere, ez da oso kirol ezaguna, ez du diru asko mugitzen, eta horregatik, ez du komunikabideetan horrenbesteko oihartzunik. Vasco de Camping Elkartean, adibidez, zortzimilakoak egiten dituen jende asko dago, baina anonimoak dira. Argi dago alde handia dagoela futbola edo saskibaloia bezalako kirolekin, baina Euskadin, edo zehatzago, Gipuzkoan, mendizaletasunak jende asko erakartzen du. Azken hamar urteotan, adibidez, lehiaketa kopurua asko handitu da, eta horrek mendiaren alderdi lehiakorra bultzatu du.  Mendizaletasuna ez da inoiz oso konpetitiboa izan, baina lehia pixka batek ez dio inolako kalterik egiten, eta gainera, ezagutzera ematen du mendia.