 |
|
 |
 |
04
Egin ezazu
saioa
|
Txakurkrosa |
 | Txakurkrosean,
txakurrak beti jabearen aurretik egin behar du korrika.
Gizakia eta txakurra,
elkarrekin korrika |
|
Joan den hilean
Errenterian egin
zen lasterketa ez zen
edonolakoa izan; gizakiak eta txakurrak elkarlotuta egin zuten korrika
I. Txakurkrosean. |
Patxi
Azpiazuk
ustekabean ezagutu zuen txakurkrosa 2005ean. Mendira korrika egitera
joaten zenean, Frodo txakurra berekin eramateko ohitura zuen, eta
normalean lotuta eramaten zuen, ibilbideak errazago egin ahal izateko.
Interneti esker jakin zuen bere zaletasuna Neguko Kirol Federazioan
erregistratuta zegoela, eta lasterketa-programa zabala zuela.
2006-2007 denboraldian, AEM elkarteak antolaturiko Estatuko
Lehen
Txakurkros Zirkuituko Burgosko lasterketan parte hartu zuen Patxik, eta
bigarren postuan geratu zen. Emaitzak animatuta, beste bost probatan
hartu zuen parte, eta bigarren amaitu zuen Zirkuituko Sailkapen
Orokorrean. Erakunde antolatzaileak, orduan, ekimena Euskadira ekarri
eta ezagutzera emateko eskaera egin zion Azpiazuri.
Senide eta lagun-talde baten laguntzarekin, Azpiazuk Errenteriako I.
Txakurkrosa antolatzeari ekin zion, Estatuko Zirkuituaren hamargarren
lasterketa izan zena, alegia. Harrera ezin hobea izan zuen martxoaren
2an Susperregi eta Malbazar arteko lurretan burutu zen probak.
Euskadiko uste baino partaide gehiagok eman zuten izena, eta lehian
dabiltzanen artean, onenen artean onenak etorri ziren Estatu osotik.
Ikusle ugari ere hurbildu zen proba ikustera. Patxi Azpiazuk aditzera
eman digunez, «lasterketa egin eta hurrengo egunetan,
partaide askok emailak bidali zizkidaten, eta denek zioten gauza bera,
orain arte estatuan antolatu den proba atseginena izan zela, antolaketa
eta paisaia paregabeak zirela».
Lorturiko erantzuna ikusi ondoren, datorren urtean ekitaldi berria
antolatzeko asmoa dute. Baina horretarako, «argi dugu
erakundeen laguntza gehiago beharko dugula. Babesle nagusi bat izan
beharko genuke antolaketa hobetzeko».
Kirola egitea osasungarria dela jakina da, eta hori da txakurrarekin
batera korrika egiteak bere alde duen lehen ezaugarria; kirol
modalitate honek, ordea, beste erakargarritasun bat du: gizakiaz gain
txakurrak zeregin berezia du, bere nagusiari korrika egiten laguntzea.
«Jende askok etxean sartuta izaten du txakurra, parkera atera
besterik ez du egiten. Kirol hau eginez, berriz, txakurrak ez dira
aspertzen, hobeto bizi dira».
|
|
| |
 |
 |
|
|
|
 |