Maider Telleria
hockey jokalari beteranoa da. Urre olinpikoa lortu duen gutxietako bat
da eta Lagunak klubean jokatzen du gaur egun. Bere ibilbidea luzea da,
eta atzera begiratzen duenean, Zurriola ikastola datorkio burura,
bertan egin baitzituen lehen jaurtiketak. «Lagun talde bat
elkartu ginen eta desberdina zen kirolen bat egin nahi genuela pentsatu
genuen. Horrela hasi ginen hockeyan jokatzen. Gure taldea ikastolako
lehenetarikoa izan zen».
Handik
urte batzuetara, ikastola uztean, Lagunak klubean hasi zen jokatzen.
Eta bere bizitza erabat aldatuko zuen pertsona ezagutu zuen berehala.
«16 urte nituela, Espainiako txapelketa jokatu nuen. Eta,
zorionez, hautesle nazionala –Jose Brasa- bertan zegoen,
partidak ikusten. Nire jokatzeko era gustatu zitzaion, eta selekzioan
sartzeko proposamena egin zidan».
Orduz
geroztik, berebiziko gorakada hasi zuen Telleriaren ibilbide
profesionalak, eta 1992an inoiz lortu duen saririk
garrantzitsuena jaso zuen: urrezko domina Bartzelonako Joko
Olinpikoetan.
Garai
hartan, bere etxea den Lagunak taldea utzi, eta Realean eta Madrilgo
Club de Campon jokatu zuen. «Handik hona ibili naiz
eta gauza eta jende asko ezagutzeko aukera izan dut»,
adierazi digu.
Talderik Gabe.
Maider Telleriak bezalaxe, Patricia Maraña gazteak Zurriola
ikastolan ezagutu zuen hockeya, zortzi urte zituela. Aurten, ordea,
Santo Tomas Lizeoarekin jokatzen du, ikastolan ez delako talderik
atera. «Gero eta neska gutxiagok ematen dute izena. Donostian
hockeyan jolasteko zelai bakarra dago eta horrek jendea atzera botatzen
duela uste dut. Kontua da talde guztien artean partekatu behar dugula
zelai hori eta, beraz, ordutegia mugatuta
daukagula».
Hockeya gipuzkoan. Ildo
horretatik,
Gipuzkoako hockeya sasoi onean ikusten duen galdetu diogu Telleriari.
Eta Patricia Marañak bezalaxe, jokalari gutxi daudela
baieztatu du. «Gipuzkoan beti izan dira hockey jokalari onak,
baina egia da jokalari gutxi daudela. Honenbestez, lehiaketen maila
baxu xamarra da eta neskek motibazio falta dute. Hori dela eta,
Euskaditik kanpo jokatzea oso garrantzitsua da, jokoa aberasten
duelako».
Maraña
etorkizun handiko jokalaria da, baina ez du asmo handiko
xederik.«Hockeyan jokatzen oso ondo pasatzen dut eta ez dut
aurrerantzean zer egingo dudan pentsatzen». Telleriak begi
onez ikusten du jokalari gaztearen jarrera, eta hasi zeneko urteak
ekartzen dizkio gogora: «Patriciak bezala, nik ere oso ondo
pasatzen nuen eta ez nion etorkizunari erreparatzen. Garrantzitsuena
ilusioa izatea eta ondo pasatzea da. Maila gorenetan jokatzeko aukera,
berriz, ez dago gure esku».
Maider
Telleriari jokalari ona izateko zer izan behar den galdetu diogu, eta
zera erantzun digu: «Nik zorte ona izan dut eta eman
dizkidaten aukerak aprobetxatu ditut. Horregatik, Patricia bezalako
jokalariei pazientzia izateko, ondo pasatzeko eta aukerak aprobetxatzen
ikasteko aholkua ematen diet. Patriciak, esate baterako, oso ondo
jokatzen du baina, horrez gain, badu beste ezaugarri nabarmenik ere:
zelaian gauzak okertzen direnean ez da berehala behera
etortzen».
|