|
Iaz izan zuten futbolean aritzeko aukera, estreinako
aldiz,
Ikasbideko
neskek. Eta horrek bide berria zabaldu zuen ikastolako kirol jardueran.
«Areto-futbola baino, 8ko futbola egiteko aukera eman genien
kimu mailako neskei, eta oso gustura aritu ziren», gogoratu
digu Erlantz Mendiable ikastolako kirol koordinatzaileak.
Emaitzak ere laster iritsi ziren. Maiatzean, hain zuzen,
Kontxako hondartzan jokatu ziren finaletan erakustaldi bikaina eskaini
zuten. Orixeko neskekin indarrak neurtu eta Ligako hirugarren postua
eskuratu zuten. «Kontxako finalak erabateko motibazioa eman
zien ikastolako neskei», dio Mendiablek.
Gauzak horrela, aurten gogo handiz ekin diote denboraldi
berriari. Kimu mailako neskek saskibaloian eta futbolean jokatzen dute.
Mutilek, aldiz, hondartza-futbola eta saskibaloia partekatzen
dituzte.

Talde-lana.
Kirol klub
ezberdinen bitartez piraguismoa
eta igeriketa egiteko aukera badute ere, talde-kirolak dira nagusi
ikastolan. Izan ere, kirola talde-lana eta ohitura osasuntsuak
ezagutarazteko tresna egokia dela uste dute ikastolako
arduradunek. «Lehiarako baino, haurrak hezteko bide
egokia da», dio Mendiablek.
Zentzu horretan, bigarren mailako ikasleek ere
talde-kirolen oinarriak ezagutzeko parada dute, eskola-kirola Lehen
Hezkuntzako hirugarren mailatik aurrerako umeei zuzenduta dagoen arren.
Hilabetero talde-kirol ezberdin bat lantzen dute, ikasleek
entrenamenduen eta arauen diziplina barnera dezaten.
«Teknikari ez diogu gehiegizko garrantzirik ematen;
xede nagusia talde-lana sustatzea baita». Futbola,
saskibaloia, errugbia, herri-kirolak, eskubaloia, beisbola... Asko dira
urtean zehar praktikatzen dituzten diziplinak.
Benjamin mailako ikasleak, berriz, urtean hiru kiroletan
aritzen dira, hiruhileko bakoitzeko bat, hain zuzen. Lehen bi
hiruhilekoetan, mutilak eta neskak banatuta egoten dira eta kirol
ezberdinak egiten dituzte: mutilek 8ko futbola eta saskibaloia; neskek,
aldiz, saskibaloia eta areto-futbola. Azkeneko hiruhilekoan, ordea,
neskak eta mutilak batera aritu ohi dira eta eskubaloiaren oinarriak
ezagutzen dituzte elkarrekin.
Erlantz Mendiablek esan digunaren arabera, duela hainbat
urte ezarri zuten formula hori ikastetxean: «Talde mistoekin
neskek kirola egiteari uzten ziotela antzeman genuen. Hori dela eta,
mutilak eta neskak banatzea erabaki genuen. Urte batzuen ondoren,
erabakia egokia izan delakoan gaude, kirola egiten duten neskak lehen
baino gehiago direlako. Orain, mutil eta neska kopurua orekatu egin da.
Halere, talde mistoak badu abantailarik. Hori dela eta, azken
hiruhilekoetan elkartu egiten ditugu, eta ondo moldatzen gara
horrela».
Munduko
Txapelduna

Eskola-kirola
zazpi entrenatzaileren gidaritzapean dago. Gazteenak 18 urte ditu;
gainerakoak 20 urtetik gorakoak dira. Argi dago denak gazteak direla,
baina horrek ez du esan nahi ondo lan egiten ez dutenik.
«Entrenatzaile
guztiak ondo ezagutzen ditut, horietako askoren entrenatzaile izan
naizelako. Gazteak dira, bai; eta baita oso arduratsuak ere».
Gainera,
aparteko kirolaria dute entrenatzaile gisa: Libe Lafuente, piraguismoko
munduko txapelduna.
|