Noiz
hasi zinen karate
egiten?
Gutxi gorabehera duela hamahiru urte hasi nintzen karatean,
bost urte nituenean. Ahizpa han zebilen eta haren eraginez ni hasi
nintzen kirol honetan.
Duela urte eta erdi
Gipuzkoako karate txapelduna izan zinen. Gero, 2007an Espainiako XI.
Kopan hartu zenuen parte Euskadiko ordezkari gisa. Zein emaitza lortu
zenuen?
Ibizan jokatu zen kopan ez nuen zorte handirik izan,
alemaniar
baten kontra galdu nuen lehenengo bueltan. Hala ere, txapelketan maila
handia zegoenez asko disfrutatu nuen, bai hura ikusten eta baita kideak
animatuz ere.
Orduz geroztik
lehiatzen jarraitu duzu. Zein lehiaketatan hartu duzu parte?
Gipuzkoako junior eta senior txapelketetan lehenengo postua
eskuratu dut; Euskadi mailan, ordea, hirugarren postua lortu dut bi
mailetan.
Zein xede duzu
datozen hilabeteetarako?
Apirilaren bostean Bilboko Artxanda kiroldegian jokatuko
den
Espainiako Unibertsitateen arteko Txapelketara joateko selekziora
aurkezteko asmoa dut. Dena den, orain daukadan helburu nagusia ekainean
egingo dudan azterketa da, bigarren dan-a eskuratzeko azterketa, hain
zuzen ere.
Gasteizen ari zara
ikasten. Nola bateratzen dituzu ikasketak eta kirola?
Heziketa fisikoko irakasle-ikasketak egiten hasi naiz
aurten.
Klaseak goizez ditudanez, arratsaldeetan burutzen ditut entrenamenduak.
Normalean astelehen eta asteazkenetan Gasteizen entrenatzen dut, eta
ostiraletan eta txapelketa garaietan, larunbatetan, Donostiako nire
klubean; dena den, aurten Gasteizera joan behar izateak bertan beste
entrenatzaile bat bilatzera behartu nau, eta beraz, egoera aldatu egin
da, batez ere Isamuko kideak faltan botatzen ditudalako.
Zein da, zure ustez,
kirolari nabarmena izatearen sekretua?
Nire ustez, kirolari ororen sekretua konstantzia izatea da,
hain onak ez diren garaiei aurre egiten jakitea oso garrantzitsua da.
Horrez gain, bakoitzak bere kirolean disfrutatzea beharrezkoa da, eta
baita laguntza ematen dizuten taldekide eta irakasle onak izatea
ere.
Epe luzera, karateka
profesional gisa ikusten duzu zure burua?
Karatean txapelketa arloan ez dago maila profesionalik,
kirolarekin jarraitzeko modu bakarra irakaskuntzan lan egitea da.
Oraingoz ez dut horretarako asmorik, baina nork daki, agian, urte batzuk igarota...
Zein egoera du
karateak Gipuzkoan?
Momentu honetan ez dut uste karatearen egoera hain txarra
denik, haur ugarik egiten baitute; kontua da txapelketetan maila
profesionalik ez egoteak adin batera iristean beste helburu batzuekin
entrenatzen jarraitzera bultzatzen zaituela, eta hori ez dela
komunikabideetara iristen.
|