Ikastetxez Ikastetxe


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 52 2009/04 »  Ikastetxez Ikastetxe

07 Ikastetxez Ikastetxe


Axular Lizeoa


Lurra asfaltatu dutenetik ez dute partidarik bertan behera utzi behar izan.

Urte askotako lanaren emaitza

Erabateko garrantzia ematen diote kirolari Axular Lizeoan, eta instalazio ederrak estreinatu berri dituzte.
 

Kirola egiteko instalazio berria eta txukuna estreinatu berri dute Axular Lizeoan. 72 metroko luzera eta 24ko zabalera ditu. Pilotalekua, minibasket zelaia, areto-futboleko zelaia, saskibaloi pista handia eta minibasketekoa ditu. Eraikinaren alde batean, gainera, harmailak egin dituzte, eta horien azpian, aldagelak, «handiak eta itxurosoak».

 Lurra ere asfaltatu egin dute, hezetasunari aurre egiteko. «Lehen arazo handia genuen hezetasunarekin eta, horren ondorioz, batzuetan partidak bertan behera utzi behar izaten genituen», esan digu Jon Kepa Eguren, ikastetxeko futbol eta areto futboleko arduradunak.

Lagun taldeak

Axularren erabateko garrantzia ematen diote kirolari aspaldidanik. Hona hemen datu esanguratsu bat: kimu maila bitartean, ikasleen %89k hartzen du parte eskola kiroletan. Jon Kepak esandakoaren arabera, urte askotako lanaren emaitza omen da hori. «Umeak inplikatzea lortu dugu, gainean egon garelako. Kirolaz arduratzen garenok (Jon Kepa Eguren, Bittor Arrondo eta Aitor Uriondo) irakasleak gara eta horrek gurasoekin harreman zuzena izatea ahalbidetu digu. Bestalde, talde konpetitiboak baino, lagun taldeak sortzen saiatzen gara.

 Erregional mailako talde bana izan dugu, neskena (areto-futbola) eta mutilena (futbola)». Izan ere,  ondo pasatzea baita kirola egiten jarraitzearen sekretua. «Ez dugu elitea begiratzen, argi baitago eliteak alde egiten duela. Seigarren mailatik aurrera izaten dira ihesaldi gehienak. Onak direnak klubetara joaten dira eta ikastolako entrenamenduetara etortzeari uzten diote, askotan gurasoen baimenarekin, eta gu gainean egon behar gara hori gerta ez dadin», aitortu digu Jon Kepak.

Begiraleen maila

 Hasieratik kirol ugari ezagutzera ematea da ikastetxearen filosofia. Hori dela eta, hirugarren eta laugarren mailetako ikasleek kirol jakin bat egiten dute larunbatero, dagokion klub edo federaziorekin hitzarmena egin ondoren. Igeriketa, sofbola, atletismoa, mahai-tenisa, errugbia... Denetarik egin dute.

 Etorkizuneko erronken inguruan galdetuta, berriz, begiraleen maila hobetu nahi dutela erantzun digu. «Uste dut futbolean dugula gabeziarik handiena. Saskibaloian, federazioak ikastaroak antolatzen ditu oporraldietan eta ikastaro horiek egiten dituztenak errekurtso gehiagorekin etortzen dira»

Ikasleen %89k egiten du kirola Axular Lizeoan.