Mugi 6 2003/11


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 6 2003/11

Mugi 6 2003/11
Kirolari, guraso eta irakasle asko oso kezkatuta daude kirol zelaietan –futbol zelaietan, batik batik– ikusten diren portaera bortitz eta itsusiak direla medio. Arazoa ez da txantxetakoa, konponbidean jarri beharrekoa baizik.

Ikasturtearekin batera, duela aste batzuk hasi ziren Donostian eskola kirolari zein ume eta gaztetxoen mailei dagozkien kirol txapelketak, eta dagoeneko partidu ugaritan ikusi ahal izan dira portaera eta jarrera oso itsusiak kirolari, guraso, ikusle edota entrenatzaile askoren artean.

Gutxieneko sen ona duenari harrigarria irudituko bazaio ere, normaltzat hartzen dute askok ume eta gaztetxoen partiduak jokatzen diren zelaietan neska-mutikoak elkar iraintzen edo keinu zatarrak eginez ikustea, gaztetxoa izan ohi den arbitroari sekulakoak esatea edota joko garbiari eutsi nahi diona umiliatzea eta jokalari zikina txalotzea. Ikastetxeetako arduradunak, guraso gehienak eta eskola kirolaz arduratzen diren erakundeak biziki kezkatzen dituzte gero eta hedatuagoak dauden portera zatar horiek, eta ikastetxe nahiz erakunde asko hasiak dira sentsibilizazio eta informazio kanpainak hedatzen eta abian jartzen. Izan ere, kirolari kaltea ekartzen dioten jarrera horiek erabat mehatxatu ditzakete eskola kirolaren funtsak, eta horregatik eskaini diogu gaiari atal zabala ikasturte honetako MUGIren lehen zenbakian.
Haur eta gaztetxoen artean, hezkuntzaren atal garrantzitsua da kirola, baita tartean lehia dagoenean ere. Gorputza garatzeko ez ezik, giza balio jakin batzuk finkatzeko ere ezinbestekoa da gazteenen artean kirola sustatzea.

Adiskidetasuna, diziplina, autokontrola, elkartasuna, sakrifizio gaitasuna, bestearenganako errespetua, sen ona, apaltasuna, arau jakin batzuen barruan jardutea, nork bere eta gainerakoen mugak adeitasun osoz onartzea, talde lanean trebatzea... Horiek dira, beste askoren artean eta alor fisiko soila alde batera utzirik, kirolak haur eta gazteengan sustatu beharko lituzkeen balioak, eta helburu horrekin lantzen dira nagusiki eskola kirolaren alorreko jarduerak. Hala, zelaietatik at gizon eta emakume zentzudunen ezaugarri diren balio horietan oinarritu beharko lukete, halaber, adingabeen kirol jarduera guztiek.

Tamalez, zenbait kirol jarduerak aitaren batean zapuzten dituzte asmo on horiek guztiak, gero eta ohikoagoa baita adin txikikoen arteko kirol norgehiagoketetan, jokoan ezer handirik ez badago ere, ikusle ugari gorriaraz ditzaketen portaera zatar eta zakarrak ikustea.

Oro har, solaskide izan ditugun aditu guztiak bat datoz hori nagusiki futbolari atxikitako fenomenoa dela esaterakoan. Beste kirol batzuetan ere badira edukaziorik gabeko jokalari eta ikusleak, baina arazoak futbola tartean denean jotzen omen du goia. Bat etorri dira, halaber, solaskide guztiak arazoa beheko mailetan goikoetan baino larriagoa dela azpimarratzeko orduan. Gehientsuenek, hain zuzen, hondartzako zenbait partidutan egon ohi den giro gaiztotua jartzen dute adibidetzat. Hori da, hain justu ere, alderik kezkagarrienetako bat, jokalari gazteenak tartean sartzea alegia, nahiz eta goiko mailetan ere asteburueroko ogia izan jokalarien arteko irainak eta arbitroarenganako errespetu falta.

Askoren iritziak bilduta diagnostikoa egiteko orduan, beste adostasun puntu nabarmen bat ere antzematen da: normalean, helduak dira okerrenak eta helduen artean, gurasoak. Zorionez, portaera horiek minoritarioak dira, baina pertsona bakar bat nahikoa da gainerakoei tentsioa kutsatzeko eta lagunartekoa behar zuen giroa zapuzteko. Izan ere, hiru akats nagusi egozten diete zuzendu beharreko portaera duten guraso horiei.

Lehenik eta behin, umeen arteko kirol jardueren benetako zentzua ez ulertzea eta horri gehiegizko norgehiagoka kutsua ematea. Horrek bigarren akatsa ekar dezake: haurrak gehiegi presionatzea eta euren kabuz jarduten utzi beharrean jokalari gazteen jokoa zuzentzen saiatzea, garaipenaren bila betiere.

Eta jarrera horren sintoma portaera da. Zein lekutan dauden ahaztuta, heldu askok batere erreparorik gabe egiten diete errieta umeei hutsen bat egiten badute, eta birritan pentsatu gabe txalotzen dituzte umeen portaera itsusiak (beste jokalarien aurkako irain eta erasoak, protestak...) horiek, ustez, garaipena badakarte. Ardura falta berberarekin dute ahoan iraina beste taldeko jokalarientzat zein, nola ez, arbitroarentzat. Portaera horiek, finean, giro horretan jokatzen duten umeengana ere heltzen dira, baita jardueraren funtsezko helburua indargabetu ere. Arazoak saihesten saiatzen ari diren guztien ustez –luze gabe jarriko du abian Foru Aldundiak gaiari buruzko kanpaina–, hori konponbidean jartzeko lehen urratsa auziaren garrantziaz jabetzea eta gutxieneko gogoeta egitea da. Eta hori guztien lana da: gurasoena, hezitzaileena, entrenatzaileena eta jokalariena.

Gure artean, kirol ezezaguna da askorentzat errugbia. Saioa egiteak, ordea, merezi du, kirol bikaina baita.
| 4 >>> |
Ikasturte honetan, ikastetxez ikastetxe ibiliko da hilero MUGI aldizkaria. Axular Lizeora egin dugu aurreneko bisitaldia.
| 6 >>> |