Ekaitz Zubiaurre arbitroa


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 6 2003/11 »  Ekaitz Zubiaurre arbitroa

Ekaitz Zubiaurre arbitroa

EKAITZ ZUBIAURRE ARBITROA, 19 URTE

«Futbolariak hobetu ahala,

horien portaerak ere hobera egiten du»

s.s.

Hamairu urte zituela arbitratu zuen Ekaitzek bere lehen partidua.


« Nik oso gogoko dut, baina arbitro izatea ez da erraza,

eta gero eta jende gutxiago animatzen da »



Sei urte daramatzazu arbitratzen. Duela sei urte, nola bururatu zitzaion hamahiru urteko mutiko bati arbitro bihurtzea?

Aita ere arbitro ibilitakoa da, baina horrek ez zuen eraginik izan nire erabakian. Koadrilako lagun bat etorri zitzaigun ea apuntatu nahi genuen esatera, eta bost lagunek eman genuen izena, zerbait egite aldera.

Zenbatek jarraitzen duzue?

Bostetik lauk. Ez dago gaizki...

Zer diote etxean eta lagunartean zure afizio honetaz?

Lagunek Mejuto deitzen didate; partidu batetik bueltatzen naizenean amak galdetzen dit ea asko akordatu diren berarekin; aitak, behar izanez gero, lagundu egiten dit. Eta guztiek animatu egiten naute.

Egun Preferenteko arbitroa zara, baina hondartzan hasi zinen arbitratzen. Giroari dagokionez, zuk ere okerrera egin duela ikusi al duzu?

Bai, gero eta okerragoa da, batez ere gurasoen aldetik. Guraso askok uste dute umeak erretiratu egingo dituztela, eta ez dute ulertzen ume guztiak ez direla helduko Lehen Mailako jokalariak izatera. Umeek, normalean, dezente errespetatzen gaituzte, baita entrenatzaileek ere, nahiz eta beti tokatu kirtenen bat. Baina, dudarik gabe, okerrenak gurasoak dira. Gainera, maila zenbat eta baxuagoa izan, orduan eta okerragoa portaera. Maila altuetan jokalariak gehiago arduratzen dira ondo jokatzeaz, sarrera itsusiak ez egiteaz edo ez protestatzeaz. Oro har, jokalariak hobera egin ahala horren portaerak ere hobera egiten du.

Tokatu al zaizu une larriren bat partiduren batean?

Hirutan-edo sartu zaizkit zelaira nik esan ohi dudan bezala «aurpegian txalotzera», baina ez zait ezer larririk gertatu. Ezin dugu ahaztu, ordea, aurten hamabost agresio pairatu ditugula arbitrook, eta hori oso larria iruditzen zait.
Horrelakoetan, asko astintzen al dituzu txartelak?

Ez naiz oso txartel zalea. Askotan, hitz egitea zigortzea baino praktikoagoa da. Ume txikien kasuan, esaterako, zerbait oker egiten badute oso gogoko dut gauzak adieraztea eta argitzea, askotan ez baitute araudia ondo ezagutzen. Alde horretatik, uste dut egokia izango litzatekeela futbolean irakasteaz gain araudia ere zertxobait azaltzea. Handiekin ere nahiago dut, errespetuz etortzen bazaizkit, hitz egitea haserretzea baino. Finean, esperientziak erakusten dizu askoz hobea dela horrelako egoerak toreatzea horietan bete-betean sartzea baino. Eta partidu hasieran norbaitek portaera zatarra duela ikusten baduzu, hori lehenbailehen moztea. Txartela ez da autoritatea erakusteko modu bakarra.

Atera al zaituzte inoiz zure onetik?

Ni oso lasaia naiz, eta arbitroak berez ez du bere onetik atera behar.

Zein dohain izan behar ditu arbitroak?

Autokontrola, ausardia apur bat, egiten duzunarekin oso seguru egotea, partidua eta jokalariak eramaten jakitea, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzea, ahalik eta ondoen prestatzea, bronketatik ere ikastea...

Zuk eta zure lagunek sei urteren buruan arbitratzen jarraitzen duzue, baina asko geratzen al dira bidean?

Bai, askok ezin dute presioa gainditu. Izan ere, arbitroari ez zaio ezer barkatzen. Beheko mailetan, esaterako, gurasoek ulertu beharko lukete euren umea ikasten ari den bezala normalean gaztetxoa den arbitroa ere ikasten ari dela, azken batean oso berdinak direla jokalaria eta arbitroa. Baina jokalari txarra bazara, edo zure taldea galtzen badoa, errazena errua arbitroari egoztea da. Oro har, arbitroarekin ondo portatzea salbuespena da. Horregatik, gero eta gazte gutxiago animatzen dira arbitro izatera. Nik oso gogoko dut, sekulako jende ona ezagutu dut eta oso ondo pasatzen dut, baina gogorra da, bai. Horren ondorioz, arbitro falta handia dago, eta lehen hiruren artean arbitratzen ziren partiduetarako maiz arbitro bakarra dago gaurko egunean. Ea norbait animatzen den!