Kirol txartela


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 8 2004/01 »  Kirol txartela

Kirol txartela

Kirolaren ate guztiak irekitzen dituen giltza





Apurka-apurka, udal kirol instalazioak hiri osora ari dira hedatzen. Egun, auzo gehientsuenek eskaintzen dizkiete donostiarrei kirola egiteko gune egokiak. Gogoko dugun kirola egiteko instalazioa etxeko ataritik irten eta berehala ez badago ere, urrunegi joan gabe aurkituko dugu horretarako toki aproposen bat. 2004 urtearen hasiera honetan, kiroldegi eta kirola egiteko guneen mapa egingo bagenu, Donostia ia osoa zipriztinduko lukete instalazio horiek guztiek. Bada, horietan sartzeko balio du Kirol Txartelak. Eta eskaintza oso zabala da, ondoko orrialdean duzuen taulan ikus dezakezuenez. Aipatu instalazioetan ez ezik, baldintza berezietan egin dezakete kirola Kirol Txartela dutenek Izotz Jauregian eta beste toki batzuetan ere.

Denetarik eskura

Lau igerileku estali, bi igerileku estali gabe (neguan itxita daudenez, ez ditugu zerrendara bildu), kardiobaskular eta muskulazio makinaz hornitutako bederatzi gimnasio (adi adinaren araberako mugei), bi atletismo pista, belodromo bat eta trinket bat. Hori guztia erabil dezakezue sosik ordaindu gabe Kirol Txartela izanez gero. Badira, horiez gain, aparte ordainduta erabil daitezkeen instalazioak, hala nola tenis, padel eta squash pistak, kiroletako pistak, frontoi handi eta txikiak, gazteek oso gogoko duten rokodromoa... Kirol Txartela izanez gero, prezio oso egokian erabil daitezke instalazio horiek guztiak. Kontuan izan behar da zenbait orduz hiriko kirol taldeek ere erabiltzen dituztela horietako zenbait espazio entrenatzeko eta, horrenbestez, garaiz ibili behar da pistak-eta erreserbatzeko orduan. Hala ere, merezi du saioa egitea, primerako plana izan daiteke-eta lagunen artean pista bat alokatu eta partidutxoa jokatzea. Kiroldegien ordutegia izugarri zabala da, eta jaiegunetan ere baduzue lagunekin elkartu eta, kirola eginez, ordu pare atsegin bat igarotzeko parada. Instalazio horiek erabiltzeko ordaindu behar diren prezioen zein libre dauden orduei buruzko informazioa lortzeko, egokiena instalazio bakoitzera deitzea da. Horretarako eta nahi izanez gero erreserbak egiteko ematen dizkizuegu taula zabal horretan instalazio guztietako telefono zenbakiak.

Kirol Txartelak, alabaina, ez du soilik balio udal instalazioetan doan sartzeko eta kirola egiteko pistak modu egokian alokatzeko. Hainbat kirol jardueraren inguruko ikastaroetan ere prezio bereziak dituzte Kirol Txartel baten jabeek. Udan jotzen dute gaina jarduera horiek, baina ikasturtearen hasierarekin ere jarri ohi dira abian.
Martxan daude jada 2003-2004 denboraldiari dagozkionak, baina edozein urtarotan aurki daitezke iraupen laburragoa duten jarduera erakargarriak. KUPek argitaratzen duen liburuxkan izan dezakezue horien berri.

Bestalde, doako zerbitzu interesgarriak eskaintzen ditu Kirol Txartelak. Gimnasioak erabiltzeko modua dutenek –hau da, 16 urtetik gorakoek– norberari egokitutako entrenamendua jaso dezakete soin hezkuntzaren alorreko adituen eskutik. Gimnasioan egiten diren jarduerak ezagutu nahi dituztenek, berriz, ‘Harpidedunaren ordua’ delakoa dute eskura. Kiroldegian bertan aurkituko duzue jarduera horren ordutegiari buruzko informazioa. Gimnasioan sartzeko aukerarik ez duten 6 eta 14 urte bitarteko ume eta gaztetxoek primeran pasatuko dute igerilekuan ‘Uretako jolas ekintzak’ jarduerari esker. Ikasturtean zehar hiru hilabeteko igeriketa ikastaroak ere antolatzen dira. Ez ahaztu, gainera, kirol medikuntzari emandako zenbait zentrotan prezio merkeagoak dituztela Kirol Txartelaren harpidedunek.

Finean, KUPen Kirol Txartelaren xedea donostiar guztien artean kirola zabaldu eta horretarako bitartekoak jartzea da; adin eta zaletasun guztietara egokituta eta, betiere, kirolaren alde atseginenetako bat dibertsioari nahiz gizarte harremanei lotutakoa dela azpimarratzeko.



Zenbat balio du?

Guztien beharretara egokitzeko, Kirol Txartelak hiru harpidetza mota eskaintzen ditu: famili harpidetza, banakako harpidetza eta diru-baliabide urriak dituztenei zuzendutako gizarte harpidetza berezia. Garestiena famili harpidetza da –hiru alditan ere ordain daitezkeen 212,20 euro–, baina familia osoak egin dezake kirola txartel bakar batekin. 2003 urtean 24.173 donostiarrek zuten horrelako txartela. Banakako harpidetzan, berriz, bi prezio desberdin daude; 16 urtetik gorakoek 119,7 euro ordaindu behar dituzte urtean, eta 16 urtetik beherakoek, berriz, 58,8. Etxekoak kirola egitera animatzen ez badituzu ere, zeuk egin dezakezu txartela. Atera kontuak, eta hamar zinema-sarreraren prezioan urte osoan kirola egiteko aukera duzula ikusiko duzu...

Kirol Txartela edozein momentutan eska daiteke, baina erosoena eta errentagarriena urte hasieran eskuratzea da. Urte osoko kuota hirutan zatitutako kuota baino merkeagoa da, eta ordaintzen diren hil guztiak –gutxieneko kuota lau hilabetekoa da– aprobetxatzeko egokiena. Edonola ere, Kirol Txartela egiteko orduan garrantzitsua da egutegiari erreparatzea, eta urte osoko harpidetza egiten ez bada hori lauhileko baten hasieran egitea. Horrez gain, kontuan izan behar da aurreneko Kirol Txartela estreinakoz egiten denean sarrera-kuota bat ordaindu behar dela: 58,5 eurokoa famili harpidetza egiten dutenek, 35,7koa 16 urtetik gorako banakako harpidedunek, eta 17,35ekoa 16 urtetik beherakoek. Sarrera hori, dena den, aurreneko aldian baino ez da ordaindu behar, baita baja eman ondoren berriro txartela eskatzen duzunean ere. Dirua da, baina ba al dakizu zenbait ordu atsegin eman ditzakezun kirola egiten horren truke? Osasunerako ez ezik, poltsikorako ere onuragarria da Kirol Txartela...




Kirol Txartela



Harpidedunak. 2003 urtean 40.171 donostiarrek zuten Kirol Txartela. Famili harpidetzak ziren gehienak.
Auzoka: Amara, Aiete eta Altzan bizi dira harpidedun gehienak; hurrenez hurren, harpidedunen %24,3, %10,6 eta %10.
Sexuaren arabera. Oso berdinduta daude gizonezkoak eta emakumeak: 21.061 gizonezko eta 19.110 emakumezko.
Adinaren arabera. 21 urtetik 50 urtera bitartekoak dira nagusi: ia 17.000. Hogei urtetik beherako 9.500 inguru ere badaude. Eta 81 urtetik gorako 76.
Informazioa: Udal kirol instalazioetan, 943 48 18 80 telefonoan eta www.donostia.org gunean, kirolari eskainitako atalean.