Kiroldegiak


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 8 2004/01 »  Kiroldegiak

Kiroldegiak

Gimnasioetakoak dira gaztetxoek

itxita dituzten ate bakarretakoak





Lehiaketaz kanpoko kirolaren alde osagungarri eta dibertigarria sustatu nahi du Kirol Txartelak


Kirol instalazioetara sartzea ez ezik, jarduera askotan prezio berezian parte hartzea ahalbidetzen du


Behin eta birritan esan dizuegu Kirol Txartelak hiriko kirol instalazio nagusien ateak irekitzen dituela, baina 16 urtetik beherakoentzat hori ez da erabat egia, badira-eta adin horretara heldu ez direnek sarrera debekatuta duten tokiak: kardiobaskular eta muskulazio makinez hornitutako gimnasioak. Hain zuzen ere, 16 urtetik gorakoek doan erabil ditzaketen gimnasioek zein aparte ordainduta erabil daitezkeen saunek erabiltzailearen adinari atxikitako mugak dituzte.

Hori ez da Kiroletako Udal Patronatuari bururatu zaion ideia bitxia, zentzuzko erabakia baizik. Eta gimnasio horietan monitore eta begirale lanetan aritu ohi den Krutz Larrek argitu dizkigu erabaki horren zergatiak.





Bi arrazoi nagusik eragindako erabakia da, hain justu, mota horretako gimnasioak 16 urtetik beherakoei ixtea. Batetik, jende askok aldi berean erabiltzen dituen instalazioetan ezinbestekoa da erabiltzaileen portaera begirunetsua bermatzea, gainerako erabiltzaileei
eragozpenik ez sortzeko zein askotan oso garestiak izan ohi diren makinak behar bezala zaintzeko.

Honekin ez dugu esan nahi, noski, 16 urtetik beherakoak begirunetsuak ez direnik, baina aitortu beharra dago dibertitzera joan den neska-mutiko koadrila bat sartzen den tokian patxada eta isiltasuna ez direla nagusi izaten. Eta baliteke alboko makinan saiatzen ari denak isiltasuna eta patxada izugarri estimatzea...

Bigarren arrazoiak ez du portaerarekin zerikusirik, gizakiaren gorputzaren garapenarekin baizik. Batez beste, 16 urterako pertsonaren gorputza garatuta dagoela esan daiteke, egin dituela hazkundearen etapa garrantzitsuenak. Horixe da, alegia, makinen laguntzaz trebatzen hasteko une egokia. Honek ere ez du esan nahi makinak arriskutsuak direnik, baina gainerako gauza guztiak bezala, tentuz eta aditu baten aholkuei jaramon egin ondoren erabili behar dira. Eta adituek diote gorputza osatu artean hobe dela, kasu bereziak alde batera utzita, horrelakorik ez erabiltzea.

16 urte beteta badituzue, ordea, sar zaitezte beldurrik gabe gimnasioetan, eta eskatu aholku monitoreei. Gimnasio guztiek dute begirale bat, eta oso garrantzitsua da horien aholkuei jaramon egitea. Monitoreak zuen egoerari eta helburuei egokitutako programa pertsonalizatua prestatuko dizue, eta horren jarraipena ere egingo du, zuen entrenatzaile pertsonala izango balitz bezalaxe. Ez esan ez dela zerbitzu egokia. Eta, Kirol Txartela izanez gero, doakoa gainera...