Gimnasia II


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 8 2004/01 »  Gimnasia II

Gimnasia II
Biluzik egiten zen kirola

Gimnasia hitza antzinako grekotik dator, ‘gumnos’ hitzetik. Hitz horrek ‘biluzik’ esan nahi zuen, antzinako gimnasta grekoek larrugorrian egiten baitzituzten euren ariketak. Berezitasun hori dela eta, emakumeek ezin zuten gimnasiarik egin jendaurrean, eta gizonezkoen ariketak ikustea ere debekatuta zuten. Orduko Joko Olinpikoetan, aro modernokoetan bezalatsu, garrantzi handia zuen gimnasiak. Probak, ordea, ez ziren egungoak. Antzinako grekoen garaian, gimnasia-ariketatzat hartu ohi zen, esate baterako, zezen baten gainetik salto egitea edota borrokan aritzea. Beste antzinako zibilizazio batzuetan ere bazeuden gimnasiaren antzeko kirol jarduerak. Osasunaren inguruko kezkak bultzatuta, gimnasiak sekulako loraldia izan zuen XIX. mendean Ipar Europan. Armadak ere orduantxe hasi ziren gimnasiari garrantzia ematen, soldaduak sasoi onean edukitzeko eta diziplina indartzeko egokia iruditu baitzitzaien.



Gimnasten desfileek eta agurtzeko moduek badute oraindik ere ukitu militarra, baina XX. mendean zehar izugarri aldatu da gimnasia, eta etengabe berritu da.

Artistikoa, Joko Olinpiko guztietan

XIX. mendearen amaieran Joko Olinpikoak berreskuratu zirenez geroztik, horien edizio guzti-guztietan izan du tarte bat gimnasiaren modalitate tradizionalenak: gimnasia artistikoak. Emakumen Emakumeen gimnasia 1928an sartu zen egitarau olinpikoan, taldeko kirol gisara. Bakarka 1952 urtean hasi ziren emakumeak Joko Olinpikoetan lehiatzen.

Gimnasia artistikoan, gizonezkoek sei tresna menderatu behar dituzte: zorua, zaldi arkuduna, eraztunak, jauzia, barra paraleloak eta barra finkoa. Emakumezkoek, berriz, lau: zorua, jauzia, oreka-barra eta barra paralelo asimetrikoak. Gimnasia bera bezala, tresnak ere aldatu egin dira. Garai batean, pentsa, emakumeek ere egiten zituzten eraztun ariketak...






Eta erritmikoak bere bidea hartu zuen

Emakumeek soilik praktikatzen duten gimnasia erritmikoa modalitate nahiko berria da egun ezagutzen dugun moduan. 1956ko Joko Olinpikoak arte, gimnasia artistikoan lehiatzen ziren emakumeek pilotaz, zintaz eta abarrez egin behar zuten taldekako saio berezi bat zuten, baina urte horretatik aurrera, musikaren laguntzaz gimnasia eta dantza uztartzen dituen modalitate honek bide propioari ekin zion. Nazioarteko Gimnasia Federazioak 1961 urtean hartu zuen modalitate berezitzat, eta I. Munduko Txapelketa 1963an egin zen. Egitarau olinpikora, berriz, 1984 urtean heldu zen, bakarkako kirol bezala. Taldekako lehiaketa 1996 urtean bilakatu zen olinpiko.

Modalitate berriak

Gimnasia ez da orain arte aipatu ditugun bi modalitate horietara mugatzen, nahiz eta horiexek izan ezagunenak.
Azken urteetan, izugarri ikusgarriak diren beste modalitate batzuk indar handia hartzen ari dira. Gimnasia akrobatikoa, esaterako, ez da oso ezaguna gurean, baina ekialdeko zenbait herrialdetan –Errusian, kasu– 1930 inguruan hasi zen praktikatzen. Zoruan zein airean, sekulakoak egiten dituzte gimnastek musikaren laguntzaz. Orekari garrantzi handia ematen dion musikarik gabeko modalitatea ere badago.

Gimnasia akrobatikoa ez da bakarka egiten, binaka edo taldeka baizik. Bestalde, 1930 urtean Georges Nissen izeneko batek tranpolina asmatu zuenetik, tresna hori erabiltzen duen gimnasia mota –modalitate desberdinak daude, dena den– etengabe garatu da. Tranpolina, modalitate bakar batean, 2000 urtean heldu zen estreinakoz Joko Olinpikoetara. Eta, azkenik, ezin aipatu gabe utzi Nazioarteko Gimnasia Federazioak gainerakoen parean duen beste modalitate ezagun bat, guztietan berriena den aerobica.