Ikastetxez ikastetxe, Marianistetan


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 8 2004/01 »  Ikastetxez ikastetxe, Marianistetan

Ikastetxez ikastetxe, Marianistetan

Kirol arruntak, eta berezi bat

Kiroldegi argitsua da Marianisten ikastetxeko kirol bizitzaren bihotza. Futbolean, saskibaloian edota eskubaloian aritzen dira hor ikasleak. Baita horiek baino askoz bitxiagoa den badmintonean ere.


Saskibaloian. Kirola egiteko aukera ugari dute Marianistetako ikasleek.

1885 urtean Santa María-Marianistas ikastetxea sortu zenean, kirolak ez zuen gizartean eta hezkuntzan egun duen garrantzia. Aldapetako ikastetxea, ordea, garaiekin batera aldatu da, eta egun kirola garrantzi handiko jarduera da bertan ikasten duten 1.200 neska-mutiko ingururentzat. Kirolak hezkuntzan izan duen garrantziaren goranzkoa, gainera, bertatik bertara ikusi ahal izan du Txomin Madinabeitia ikastetxeko kirol arduradunak, 50 urte baitaramatza zeregin horietan. Berak dioenez, funtsezkoa da kirola gazteentzat, ikastetxetik kanpoko lehiaketa mailakoa zein ikastetxe barrukoa izan. Ezinbesteko soinketa eskolez gain, alegia, eskola kirolari atxikitako egitasmo orokorren baitan zein aparteko jardueren bidez, kirola egiteko aukera ugari dute Marianistetako ikasleek. Kiroldegi bikaina da ikastetxeko kirol bizitzaren bihotza. Kiroldegi handi eta argitsua, ordea, ez da nahikoa ikasle kopuru handiaren beharrak asetzeko eta, Txomin Maninabeitiak dioenez, instalazio urritasunaren ondorioz oso zaila gertatzen zaie jarduera berriei ekitea. Arazo horrexek bultzatzen du, halaber, kirolak hautatzeko orduan berak lehentasun nahiko bitxiak finkatzera: ahalik eta leku gutxien hartzeaz gain, iraupen jakineko partiduak dituzten kirolak ditu gogokoen. Kiroldegi osoa behar duten kirolek edota iraupen zehatza ez dutenek –tenisak edo boleibolak, kasu– buruhauste handiak eragin izan dizkiote taldeak eta ordutegiak finkatzen ere nahikoa lan baduen Txomin Madinabeitiari.

Egun, hiru kiroletan lehiatzen diran nagusiki Marianistetako ikasleak: futbolean, saskibaloian eta badmintonean. Azken kirol hori da, hain justu, ikastetxearen bereizgarrietako bat. Ikastetxe barruko kirol jardueretan eskubaloia eta boleibola ere lantzen dute. Garai batean boleibol talde indartsua izan zuen ikastetxeak, baina egun ez omen dira ikasle asko animatzen kirol horretan aritzera, eta ikastetxe barruko jarduera da soilik. Ikastetxeak hiriko zenbait klubekin dituen hitzarmenak tarteko, badira elastikoan ikastetxearen izena daramatela beste kirol batzuetan aritzen diren ikasleak ere.
Ikastetxearen bereizgarria

Zeregin honetan daramatzan 50 urteak medio, badaki Txomin Madinabeitiak zertaz ari den azken urteetan gauzak asko aldatu direla esaterakoan. Besteak beste, ume eta gazteei kirolarekin erabat konprometitzea gero eta gehiago kostatzen zaiela dio. Eskola kiroleko jardueretan parte hartzeko aukera dutenean, gehienek ekiten omen diote ikastetxe honetan ere kirolari. Maila hori gainditzen dutenean, baina, gehientsuenek utzi egiten omen dute kirola, eta kopuru hori izugarri handitzen da –gainerako ikastetxeetan bezalatsu– nesken kasuan.

Salbuespen bakarra futbola omen da. Futbolariak, hain justu ere, gainerakoak baino leialagoak omen dira kirolarekiko. Futbolean egiten jarraitzen dute eta, gainera, partiduetara agertzeko orduan huts egin gabe... Oro har, alabaina, ez da horrelakorik gertatzen. Arazoari buruzko teori bat ere badu Txomin Madinabeitiak. Bere ustez, kirol desberdin asko egiteko aukera dute gaur egungo gaztetxoek. Jarduera desberdin askotan egiten dute saioa, baina bakar batean ere ez dira erabat murgiltzen, eta bere aburuz, ondo ezagutzen eta menderatzen ez den kirola eginez dibertitzea oso zaila da. Eta egun kirola eta dibertsioa eskutik doazenez, dibertsiorik ez dagoenean akabo kirola.

Ikastetxeak kirolaren aldetik duen bereizgarri nagusia, esan bezala, Donostiako ikastetxeetan Marianistetan soilik praktikatzen den badmintona da. Aspaldi batean, telebistan ikusi zuen Txomin Madinabeitiak erraketa-jolas azkar eta dibertigarria, eta Ingalaterran egin zuen egonaldi batean izan zuen kirola hobeto ezagutzeko aukera. Gustatu, eta ikastetxera ekarri zuen. Duela hogei bat urte ekin zioten ikastetxean badmintona serio lantzeari. Txinatik ekarri zuten entrenatzailea –egungoa ere herrialde hartakoa da–, eta emaitza izugarri onak izan dituzte orduz geroztik. Oraindik orain egin diren Espainiako txapelketatik titulu bat baino gehiago ekarri dute jokalari infantilek zein senior kategoriakoek. Badmintonak badu, gainera, abantaila handi bat: jolas-eremua txikia denez, aldi bereko bederatzi partidu ere joka daitezke zorua kirol desberdinei atxikitako marraz estalirik eta gehienetan jendez gainezka dagoen kiroldegian...


Badmintona. Erraketa-kirol honek ez du aparteko zailtasunik, baina dominak lortu nahi dituenak gogotik entrenatu behar du.