Sasoi betean


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 8 2004/01 »  Sasoi betean

Sasoi betean

Garrantzi handiko txikikeriak


sara santos Badmintona. Erraketa-kirol honek ez du aparteko zailtasunik, baina dominak lortu nahi dituenak gogotik entrenatu behar du.

Prestakuntza fisiko eta elikadura egokiak oso garrantzitsuak dira kirola baldintza onenetan egiteko. Kirolariak beste atal batzuk ere zaindu behar ditu, ordea. Besteak beste, higienea.

Kirol jardueraren une garrantzitsuena kirola egiten dugun une horixe da, noski; baina, kirolari ematen diogun denborak ondorio txarrik izan ez dezan, ez dira bakarrik prestakuntza fisikoa, elikadura egokia edota kirola egin aurreko beroketa zaindu behar. Kirolariak beste txikikeria batzuei ere erreparatu behar die ariketa fisikoak ondorio txarrik izan ez ditzan, eta horien artean aparteko garrantzia du higieneak, garbitasunak. Kirol zelaia toki garrantzitsua da kirolariarentzat, baina baita aldagela eta dutxa ere. Zenbait lesio aurreikustea zaila da. Izugarri deserosoak izan daitezkeen oinetako onddoen prebentzioa, aldiz, ez da horren gauza konplikatua...

Garbitasun eskakizuna areagotzen duten bi osagai nagusi ditu kirolak: kirola egiten dugunean izerdia ateratzen dugu, eta kirola, gehienetan, jende askok erabiltzen dituen lekuetan egiten dugu. Gorputza ohiko martxaren gainetik ibiltzera behartzen dugunean abian jartzen den mekanismo guztiz naturala da izerdia. Osasungarria ere bada, toxinak kanporatu eta gorputza garbitzen baitu. Izerdiak, alabaina, baditu deserosoak izan daitezkeen bi ondorio: usaina eta, gorputzaren atalen batzuetan, infekzioei bide ematea. Neurriz kanpokoa ez bada –hori zerbait gaizki dabilen seinale izan daiteke– gorputzaren usaina izerdia bezain naturala da.
Desatsegina izan daiteke, ordea, norberanentzat zein gainerakoentzat, eta horren aurkako erremedioak erraz eta merkeak dira: arropa egokia eta garbitasuna. Kirola egiteko arropa hautatzea ez da soilik moda kontua. Kirolerako jantziek kirol bakoitzaren eskakizunei egokituak eta, batez ere, erosoak izan behar dute, mugimenduak ez eragozteko edota urratuak ez egiteko. Jantzi horiek egiteko erabili den ehunak ere garrantzi handia du. Badira bereziki kirolera egokitutako ehun bereziak, baina kotoi xumea ere oso egokia da. Ekidin behar direnak fibra sintetikoak dira –berezi horiek kenduta, noski–, ez baitiote izerdiari irteten uzten. Jantzi desegokiak ezartzen duen hesi horrek, usain txarraz gain, larruazaleko gaitzak ere eragin ditzake. Janzkeraren atalean, oinetakoek berebiziko garrantzia dute. Oinetako on eta egokiak behar dira kirola egiteko, kirol jarduera bakoitzari eta norberaren oinen ezaugarriei egokituak eta izerdia igarotzen uzten duten materialetan eginak. Beste horrenbeste esan behar da, bistan denez, galtzerdiei buruz. Belaunetatik behera, hortaz, fuera plastiko eta material sintetiko desegokiak!

Orain arte egin dizkizuegun iradokizunei eta alboan eskainitako gomendioei jaramon eginez gero, kirol jarduera askoz ere atseginagoa egingo zaizue. Irakur itzazue, beraz, arretaz.




1 Jantzi egokiak erabili behar dira kirola egiteko, garbi-garbiak beti. Garrantzi berezia dute oinetakoek.

2 Kirola egiteko erabili diren arropa izerdituak erantzi egin behar dira kirol saioa amaitu ostean, oinetakoak barne.

3 Kirola egin ostean, dutxatu. Garbitzeko ez ezik, giharrak erlaxatzeko ere ona da. Ez erabili xaboi fuerterik eta ez gehiegi igurtzi larruazala.

4 Igerilekuan ibili bazara, garbitu ondo ilea ere, kloroa kentzeko.

5 Higienearekin zerikusi zuzena ez badu ere, aholku garrantzitsua da hau: dutxatzerakoan, ez alferrik galdu ura.
6 Aldagela eta dutxa kolektiboetan erabili beti txankletak. Uste baino ohikoagoak dira onddoek oinetan eragiten dituzten infekzioak.

7 Dutxatu ostean, lehortu ondo gorputza, batez ere oinak. Izan ere, oso gogoko dute hezetasuna onddoek.

8 Behar izanez gero, eman larruazala hidratatzen duen kremaren bat.

9 Garbitu ahalik eta azkarren kirola egiteko erabili duzun arropa. Zeuk ere egin dezakezu hori, ezta?

10 Aldagela eta dutxa kolektiboetan, zeure buruarekin ez ezik inguruarekin ere jokatu garbi. Ez zikindu, edota zikintzen duzuna garbitu.