Ikastetxez ikastetxe: Arantzazuko Ama Ikastola


ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Publicaciones »  Mugi! publicación deportiva »  Mugi 9 2004/02 »  Ikastetxez ikastetxe: Arantzazuko Ama Ikastola

Ikastetxez ikastetxe: Arantzazuko Ama Ikastola

Mugarik gabeko ikastetxe txikia

Donostiako ikastetxeetan barrena egiten ari garen txangoan, Martutene auzoko Arantzazuko Ama ikastolako atean jo dugu hil honetan, bertako DBHko ikasleak kirol kontuetan zer moduz dabiltzan jakiteko.



Sara Santos.
SASKIBALOIAN. Elastiko zuriak bereizten ditu Arantzazuko Ama ikastetxeko jokalariak.

Ikastetxe txikia izateak bere alde ona ere badu: ikasleen jarraipen ia pertsonalizatua egin daiteke



Badira, ehunka ikasle izanik, kirol askotako taldeak dituzten ikastetxeak, ikasle ugaritasunak horretarako aukera eskaintzen baitie kirol arduradunei. Txanponaren beste aldean, ikasleek ere aukera zabala dute gogoko duten kirola hautatzeko. Ikasle gutxi dituzten ikastetxeetan, berriz, urritasun horrek berak murriztu egin dezake kirolerako aukera, eta hori izan liteke Arantzazu Ama ikastolako DBHko ikasleen kasua, baldin eta muga horiek irudimena eta gogoa erabilita gaindituko ez balituzkete...

Martuteneko ikastetxe honetan, ehun neska-mutiletik gora ari dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagozkion ikasketak egiten, eta horien kirol jarduerez soinketa irakasle ere baduten Itziar Ferran arduratzen da. Kirolaren alorrean –DBHn– dituzten ezaugarriak aipa ditzan eskatutakoan, gehiegi ez izateari lotutako eragozpenak azpimarratu dizkigu. Hain zuzen, ez da erraza jokalari kopuru handia eskatzen duten kiroletarako taldeak osatzea. Horrek, ordea, ez ditu etsitu, ez horixe... Ikastetxeak alor horretan duen xedea bertako ikasleek kirola egin dezaten eta kirol jarduera eguneroko bizitzan txertatzea da eta, hala, eskura dituzten bide guztiak lantzen dituzte; ikastetxeak berak dituenak zein hortik kanpo aurki ditzaketenak.

Ikasturte hasieran eskaintza zabala egin zieten ikasleei. Piraguismoa, xakea, saskibaloia, esku pilota, boleibola, atletismoa, futbola, judoa eta igeriketa zituzten aukeran. Multzo zabal batek futbola hautatu zuen, baina beste proposamen batzuek ere harrera ona izan zuten. Saskibaloian, esaterako, bigarren denboraldiz jarraian osatu dute nesken talde bat. Boleibolak, aldiz, behera egin du aurten, eta ez da talderik osatu, baina hurrengo batean suspertuko da, bai. Atletismoan eta igeriketan ere ari dira zenbait, judokarik badute, eta eskupilotak jarraitzaile sutsuak ditu. Donostian egonagatik Astigarragan bizi diren ikasle ugari ditu Arantzazuko Amak eta, Astigarragan pilotarako ohitura dagoenez, horren erakarpen gaitasuna ere aipagarria da. Astigarragako kiroldegia dute, gainera, jarduera askoren egoitza Donostiako ikastetxe honetako ikasleek, eta futbolaren atzetik pilota da ikastolako ikasleek gehien praktikatzen duten kirola.
Ikastetxeko mugetatik at



Ikastetxea bere baliabide eta aukeretara mugatuko balitz, ezinezkoa luke ikasleei hain aukera zabala eskaintzea, baina aparteko ahalegina egiten du horko kirol arduradunak honako edo harako kirola egin nahi dutenei euren asmoak betetzeko bideak bilatzen eta beste toki batzuetara –zenbait klubetara, nagusiki– bideratzen. Futbolari dagokionez, aurrera egin nahi duenak auzoan bertan du aukera, Mundarro eta Martutene kirol elkarteen eskutik. Futbolaren kasuan, toki gehientsuenetan gertatzen dena gertatzen da ikastetxe honetan ere: kanpoko futbol taldeek jokalari trebeenei egiten diete, batik bat, tartea. Futbolerako dohain berezirik ez dutenei beste alternatiba batzuk eskaintzen ere saiatzen da, hortaz, ikastetxea. Pilotan, esan bezala, Astigarragan aritzen dira. Badira, halaber, areto futbolean Oiartzungo taldearekin egiten duten neskak eta, Atléticoren eskolaren eskutik, atletismoan primeran dabiltzan ikasleak... Ez pentsa ikastetxetik at aritzeagatik kirolariok ikastola ahazten dutenik: banakako probetan, harro asko janzten dute askok ikastolaren izena daraman elastikoa.

Oro har, eta ikastetxe honetan ere errege den futbola kontuan hartu gabe, DBHko 45 bat ikasle ari dira ikasturte honetan bestelako kirol batzuetan. Guztizko kopurua kontuan harturik, partaidetzaren helburua bete dutela esan liteke beraz, behin neska-mutilak motibaturik eta horiei ahalik eta aukera gehien eskainirik. Arantzazuko Ama ikastolan, gainerako ikastetxeetan bezala, mutilek baino errazago uzten dute kirola neskek. Bada, hori ere jarri dute konponbidean, beste kirol batzuk gogoko ez dituzten neskei aerobika egiteko aukera emanik. DBHko lehen mailan, esaterako, gelako neska gehienak bildu dira gogotsu jarduera osasungarri eta dibertigarri horretara. Hala, abantailak ere baditu gehiegi ez izateak: kirolari gazteen jarraipen oso pertsonalizatua egiten da norberaren neurrira egokitutako irtenbideak proposatzen dira. Eta hori ez da, ez, eredu txarra...