|
Gaztelumenditarren bertso grina
Añorgako Beñat eta Unai Gaztelumendirengana hurbildu nahi izan dugu AUZOKAko zenbaki honetan. Bi gazte hauek aspaldi hasi ziren bertsozaletasuna azaltzen, eta jada zenbait txapela irabazi dituzte. Bertsolaritzaren inguruko kontuei buruz hitz egin dugu beraiekin, baina bestelako zenbait galdera ere erantzun behar izan dituzte.
Zenbaki honetan, ordea, Gaztelumenditarrena ez da elkarrizketa interesgarri bakarra, Juan Mari Arzak sukaldari ospetsuarekin ere hitz egin dugu eta. Mirakruz gaineko jatetxean egon gara berarekin eta eltze arteko zenbait kontu azaldu dizkigu. Besteak beste, sukaldaritza, lanbide ez ezik, pasio ere baduela esan digu. Lanbide honetan aurrera egiteko, gustuko izatea ezinbesteko dela dio sukaldari donostiarrak.
|
|
Idazteko tresnak prestatzeko garaia
|
Euskararen Udal Patronatuak antolatutako Koldo Mitxelena Donostiako Eskolarteko Literatur Lehiaketaren hamalaugarren edizioa abian da. Lanak aurkezteko epea 2003ko martxoaren 11n amaituko da. Beraz, ordenadoreak, boligrafoak edo arkatzak hartu eta bertsoak, olerkiak, ipuinak, gutunak edota komikiak osatuz, istorioak sortzen hasteko garaia iritsi zaigu.
|
Lehiaketa honetan sei maila ezberdin daude, eta beraz, adin guztietako ikasleek dute parte hartzeko aukera.
|