euskaraz.net
Iritzi-miritziak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 59 2002/12 »  Iritzi-miritziak





Iritzi-Miritziak

**



Gaztea naiz, eta zer?

Onartezina da gaur egungo gazteek munduarekiko duten jarrera. Ezin da munduaren etorkizuna arduragabe hauen esku utzi. Igande goizean kalera atera besterik ez dago, gazteek sortutako anabasaz ohartzeko. Hor ikusiko dituzu kristal botilak lurrean lehertuta…

Eta zu zeu ohartuko zinen arduragabekeria hori bizitzako arlo guztietara zabaltzen ari dela. Honetaz konturatuko zinen, adibidez, gazte baten gelara sartu bazara. Izan ere, eskafandra jantzi behar duzu sartzeko.

Baina hauek txikikeriak dira, afera serioagoekin konparatuz gero. Drogekin, esaterako: 14-15 urterekin drogen munduaren ateak zabaltzen zaizkie gazteei. Sentsazio berriak, errebeldia… eta orain ere arduragabe. Hala ere, ez didate hainbeste pena ematen, ez… 35 urte izan arte egoten dira gurasoen etxean. Normala, inon ez bezala bizi dira eta!

Hau da datorkigun etorkizuna. Baina gauza bat ez duzue ahaztu behar, etorkizun hori bide baten jarraipena besterik ez dela, norbaitek (eta ez egungo gazteek) eraikitako, gaizki eraikitako bide baten jarraipena. Eta ez dut nik bide hori jarraituko.

Gaztea naiz. Arduragabea? Ez dakit, akaso, bai. Edota, akaso, arduratzen nauten gauzak ez dituzue ikusten. Edo ez ditut adierazten. Edo okerreko gauzetaz arduratzen naiz. Edo ez dakit… Baina entzudazue ongi, iragana ezin dut aldatu, bai, ordea, etorkizuna, eta gaztetasunak ematen didan indarra erabiliko dut bidea zuzentzen saiatzeko. Eta zuek, arduragabeok, benetako arduragabeok, barre egingo didazue. Baina horrek niri, bost…

Iker Amondarain



Gabonak, erlijioa ala kontsumoa?

Gabonak iristear daude. Horrek esan nahi du eskola laster bukatuko dugula. Baina, gaur egun nola bizi ditugu gabonak? Festa erlijiosoa ala kontsumitzeko garaia da? Lehen festa erlijiosoa zen, baina pixkanaka-pixkanaka, kontsumo huts bihurtu dira. Umeek Olentzerori eta Errege Magoei opari asko eskatzen dizkiete, eta beraientzat gabonen esanahia opariak jasotzea baino ez da. Gurasoen kasuan, berriz, kontsumoa.

Dendentzat, bestalde, diru asko irabazteko garaia da. Baina, ez gara konturatzen gabonen benetako esanahia Jainkoaren jaiotza dela, jendeak beste festa bat balitz bezala hartzen baitu. Ospa ditzagun gabonak benetako esanahiarekin. Eguberri on!



Zer dira zuretzat gabonak?

Marta Zulaica

Nire ustez, gabonak kontsumo huts bihurtu dira. Erraza da kontsumismoan erortzea, baina batzuetan nik benetako esanahian pentsatzen dut, batez ere nire familiarekin nagoenean. Niri gehien gustatzen zaidana opariak dira. Hori ezinbestekoa da, ume guztioi edo ia guztiei hori gustatzen zaigulako. Beno, gabonak ongi pasa eta eguberri on!
Patricia Yaguez

Nire ustez, gabonak kontsumismorako garaia baino gehiago dira. Uste dut jendeak ere hori pentsatzen duela, baina ez duela hori egiten. Gabonak familiarekin edo maite duzun jendearekin egoteko dira. Umeak opari asko eskatzen dizkiete Erregeei eta Olentzerori, eta beraientzat oso garai polita da. Zoritxarrez, kontsumismoa nahiago dugu, eta asko kontsumitzen dugu.




Pedro Llop

Nire ustez, gabonak oso ondo daude, familiarekin elkartzeko. Nahiz eta oparirik ez jaso, oso ondo pasatzen da; lagunekin egoteko aukera dugu eta ez dugu eskolara joan behar.
Marta Aizpurua

Gabonak, egia esan, opariak egiteko eta jasotzeko garaia dira. Familia elkartzeko eta aspaldi ikusi gabeko lagunak edo familiako kideak ikusteko epea ere bada. Hala ere, umeek Erregeei opari asko eskatzen dizkiete ilusio handiz, baina ez dakite egia, eta gurasoek dendetan familia guztiarentzako opariak erosi behar dituzte.




Ana Martinez

Nire iritziz, gabonak jai erlijiosoak dira, baina kontsumitzeko egun bihurtu ditugu. Niri gehien gustatzen zaidana opariak dira, baina, hala ere, ez dut askorik eskatzen eta, gainera, batzuetan txikia nintzeneko jostailuak ematen ditut.
Ana Herran

Nik gabonak familiarekin egoteko festa direla uste dut, eta ez opariak erosteko. Baina, umeek opariak eskatzen dituzte. Nire ustez, oso ondo dago etxeetan zuhaitza eta jaiotza jartzea eta kaleak argiekin apaintzea.




Maria Mugica

Niretzat gabonak familiarekin egoteko ospakizuna dira. Niri opariak gustatzen zaizkit, baina hori ez da gehien gustatzen zaidana. Familiarekin bazkaltzea eta afaltzea gogoko dut, asko gustatzen zaizkit gabonetako janariak: turroiak, polboroiak... Ez zait ondo iruditzen oparietan besterik ez pentsatzea, edo kezka bakarra Erregeei zer eskatuko ote diegun izatea. Gabonak beste esanahi bat dute eta hau kontuan izan behar dugu.
Raquel Olaizola

Nire iritziz, gabonak ondo pasatzeko eta Jainkoaren jaiotza ospatzeko dira. Baina nola ospatzen ditugu? Jende gehienak kontsumoaren festa dela pentsatzen du, eta hori ez da egia. Opariak gabonetako zati bat dira. Ikusten al dugu beste zatia? Nik uste dut ezetz, eta ikusi beharko genuke.