euskaraz.net
Kirolak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 59 2002/12 »  Kirolak





KIROLAK

***



Behobia - Donostia, benetako lasterketa herrikoia



Azaroaren 10ean Euskal Herriko lasterketarik ospetsuenetakoa jokatu zen. Nahiz eta batzuk zenbaitetan sufritu, kirolari guztiek ospatu zuten helmugara iristea. Behobiatik Donostiara 20 kilometro horiek egiten ausartuko naiz inoiz!

Aurten ia 11.000 lagun horien artean nire anaia atera zen eta helmugara iritsi zen. Bere marka, 1:42 izan zen, irabazlearenetik urrun. Gizonezkoen artean, Benjamin Rotich kenyarrak 59:40 marka egin zuen; emakumezkoen artean, Iratxe Aranburuk 1:15 eta elbarrituen artean Pierre Fairbanek irabazi zuen 49:04 marka eginez.



Kanpotik kirolari asko etorri ohi da eta guztiek nabarmentzen dute lasterketa honek “engantxatu” egiten duela. Errepide ertzean dauden ikusleen animo oihuak eta txaloak prestakuntza fisikoa bezain garrantzitsuak omen dira kirolarientzat. “Azken kilometroetan jendearen animo beroak eramaten zaitu”, entzun diot bati baino gehiagori. Bai horixe! Gu ikusleok ere partaide sentitzen gara eta! Ni anaia animatzera joan nintzen, eta behin ikusi ondoren, alde egitea pentsatuta nuen, baina, giroa ikusita, hantxe geratu nintzen korrikalari guztiei txaloak jotzen.

Zorionak iritsi diren guztiei eta animo helmugara iritsi ezinik gelditu zirenei. Datorren urtean berriro ere parte hartzera joan gaitezen, ikusle edo kirolari moduan.





Gora eta gora beti Reala!

Realaren gorakadak geldi ezina dirudi, sinestezina, amets-ezina... baina guztiz benetakoa. Oraintsu arte arerio samurrak, beheko postuetan daudenak alegia, tokatu bazaizkio, heldu zaio unea erakusteko Ligako txapeldun izateko ari dela. Madrilera kontu handiz joan ziren Realekoak, nola ez bada, eta erakutsi zuten jokatzeko modu arin eta trebea ez dela kasualitatea. Hango prentsak goraipatu zuen gure jokalarien jokoa.

Arrakasta honen atzean zer dagoen galdetu diegu zenbait realzaleri. Ondoren dituzue erantzunak: “Kovacevic eta Tayfunen abiadura”, “Karpin eta Xabi Alonsoren jokoaren kontrola”, “Zortea alde izatea”... Jakintsu batek “golak eta golak” direla ere esan ere digu. Dudarik gabe ezin da ukatu martxa ederrean ari direla Realeko jokalariak, batez ere hasieran, hiru goleko batez bestekoa egin baitzuten partidako.

Reala indartsu dabil, oso indartsu; urrutira iristeko moduan, gure ustez. Zorteari zerbait beti zor zaio, baina entrenatzailearen lanak ere eragina duelakoan gaude. Batzuetan asmatu egiten da ia konturatu gabe, eta une larrietan ezin asmatu. Kirola zortea ere badela ezin da ukatu.





Aikidoa: kirola baino harantzago


AI = Batasuna.
KI = Energia.
DO = Bidea.

Energia guztien batasuna lor-tzeko bidea, hori omen da aikidoa. Honen nondik-norakoak jaki-teko, Iñaki Fernande-zekin hitz egin dugu.

Arte martzial hau Morihei Veshibak Japonian sortu zuen. Hasieran aikidoa besteak baino indartsuago izateko helburuz sortu zuen, baina borrokaldi baten ostean, ikuspen bat izan zuen. “Budo”-aren espiritua unibertsoaren espiritua onartzean, bakea unibertsotik barreiatzean eta izaki guztien onespenean zetzala konturatu zen. Aikidoa lehiarik gabeko artea da. Beraz, gainerako aikidokideekin batera, gorputzaren eta adimenaren arteko batasuna lortzea da helburua.

Mailak banatzeko "kiu" deituriko gerrikoak erabiltzen dira: zuria, horia, laranja, berdea, urdina, marroia eta beltza. Ondoren, “dan”-ak datoz. Gerriko batetik bestera igarotzeko azterketa gainditu behar da.

Japonieraz zenbatzen ikasi nahi al duzu? Aikido ikastera animatzen bazara, parada ezinhobea izango duzu. Aikidon japoniera erabiltzen baita.

Ingurumariarekin oreka lortu ahal izateko “katak ” egiten dira. Oso kirol egokia da edozein adinetarako, umeek zein zaharrek egin dezakete. Eta entrenamenduetan egingo dituzten “katak” norberaren adinari egokitutakoak izango dira, edozein urterekin oreka lortu ahal izateko.

Nabarmendu behar da kirol honetan ez dela lehiarik bilatzen. Gutako bakoitza unibertsoaren zati bat gara. Beraz, gu unibertsoa ere bagara, eta tentelkeria itzela egingo genuke geure buruen kontra joango bagina. Gure gorputzaren atalen batean min dugunean, atal horrek ez ezik, gorputz osoak nozitzen du sufrimendua; gauza bera gertatzen da munduan gizakiok elkarren kontra aritzen garenean. Zeinek egingo lioke mina bere buruari nahita? Inork ez.

Informazio hau guztia eman diguna Aikidoko maisu Iñaki Fernandez da, 4. dan-a duena. Gaur egun, Herrerako gimnasioan, aikidoa irakasten aritzen da. Hasieran gorputzaren tonua mantentzeko hasi zena, denboraren poderioz, aikidoren ezagutza areagotzen joan zenean, grina bihurtu zen. Kirola baino gehiago bizitza filosofia dela dio. Oso filosofia erraza da, baina, gauza on guztiak bezala, praktikan jartzen zaila. Unibertsoarekin orekan egotea ez baita batere erraza.



Klaseak hastean betiko erritualak mantentzen dira. Errespetuzko agurrek garrantzia dute, izan ere, besteari diogun errespetua erakutsi behar diogu. Gero, beroketa ariketa batzuk egin ostean, “kata” lantzen da. Esku hutsak edo armak (Sablea, Bokken, Tanto, Jo) erabiltzen dituzte. Bukatzeko, ariketa lasaigarri batzuk eta ezinbestekoak diren errespetuzko agurrak.

Aikidoa maitatzeko probatu behar dela dio Iñaki Fernandezek. “Proba ezazu eta errepikatu egingo duzu”; agian hori izan liteke arte honen leloa. Hala eta guztiz ere, ez duzu presaka ibili behar, aikidoren ontasun guztiak, bizitza bera bezala, pazientzia apur batekin lortzen baitira, pertsonaren garapenarekin batera. Kirol batek ematen dizkizun zenbait gaitasun lortzen lagunduko dizu aikidoak, baina gogoan izan behar duzu ez dela kirol hutsa, harantzago doan bizitzeko era lasaia eta orekatua da, hain zuzen ere.Oihana Lozano