euskaraz.net
Ekologia 2

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 60 2003/02 »  Ekologia 2



Ekologia





Europa gaineko atmosfera uste baino kutsatuago dago

Europako atmosfera uste baino kutsatuago dago. Hala ondorioztatu dute Utrecheko Itsasoaren eta Atmosferaren Ikerketarako Zentroko (Holanda) zientzilariek. Ikerketa honen emaitza Nature aldizkari ezagunak jaso du azken alean. Adituek metilkloroformo (MCF) izeneko disolbatzailearen kopuru handiak aurkitu dituzte atmosferan. Ikerketaren emaitza ezusteko nabarmena izan da Europa osoko adituentzat, egoera askoz hobea izango zela espero baitzuten. Egun galarazita dago metilkloroformoa atmosferara botatzea, eta Europa gaineko ozono geruzan MCFrik ez zegoela uste zuten aditu gehienek. Zientzialariek ondorioztatu dutenez, MCF emisio gehienak Europa erdialdeko zein hegoaldeko herrialdeek isuri dituzte.







Planeta berotzeak izugarrizko ondorioak ditu espezieengan

Adituek diotenez, 1860. urtean azterketa klimatikoak egiten hasi zirenetik, orain arteko urterik beroena izan daiteke aurtengoa. Hori gutxi balitz bezala, Meteorologiaren Mundu Erakundeak esan duenez, 1990etik aurrera izan ditugu 10 urte beroenetatik bederatzi. Adituen arabera, tenperatura igotzeak 1.700 bat espezierengan izango du eragina, hala landare nola animaliengan.

Camille Carmesa eta Gary Yohe ikerlarien hitzetan, udaberria, hamar urteko epean, 2,3 egun lehenago iristen da eta espezieak 6,1 kilometro iparralderago joaten dira, beraien garapenerako tenperatura egokiagoen bila. Klima aldaketa azkarregi gertatzen bada, animalia eta landarediarengan larritzeko moduko eragina izango du, eta zenbait espezie galtzea ekar dezake.







Ekaingo erreplikaren lanak aurrera

Ekaingo haitzuloetan historiaurreko aztarnategi garrantzitsu bat dago: Madelaine aldiko labarretako pinturak daude koba barruan. Aztarna horiek duela 125.000 urte baino lehenagokoak direla uste da. Honek ondare oso garrantzitsua suposatzen du guretzat. Haitzuloa 1969an aurkitu zuten eta Aranzadi Zientzia Elkartearen baimena lortu dutenek besterik ezin izan dute kobazulo barrua ikusi. Izan ere, hainbat tokitan frogatu da, jende asko sartzen bada, alferrik gal daitezke margoak; Altamira eta Santimamiñe, kasu.

Baina, horrelako ondarea jendeak ikusi ezin badu, ez du helburu soziala betetzen, hau da, jendearengana iristea. Arazo hau konpontzeko modua kobaren kopia zehatza egitea zela iruditu zitzaion Jesus Altunari, 1985ean. Horrela, Zestoako Udalari proposatu zion ideia, eta onartu zenetik, proiektua gauzatzeko ilusioz dabiltza. Bertan, hiru pintura multzo izango dira eta lur zorua ere kopiatuko dute, kobazuloari benetako itxura emateko. Ea laster bertara sartzeko aukera dugun!