euskaraz.net
Entzundakoak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 60 2003/02 »  Entzundakoak




Entzundakoak

Asgarth

“III”

Asgarth talde añorgatarrak “III” diskoa kaleratu berri du. Hirugarren diskoa dute honakoa eta atsedenaldi baten ostean dator. Lehen bi diskoak IZ disketxearekin kaleratu zituen heavy taldeak, baina oraingo hau Gor disketxearekin kaleratu dute. Añorgako lokalean jo eta ke kantuak prestatzen aritu ondoren, hilabeteko epea izan zuten Nafarroako Sonido XXI estudioan grabazioa egiteko, eta taldekideek diotenez, oso ongi moldatu ziren bertan.

Emaitza: disko benetan gogorra, betiko heavy metaletik aldendu gabe. Somatzen da, disko hau grabatzerakoan, patxada izan zutela añorgatarrek, eta kantuak oso landuak dira. Heavy musika gustuko baduzu, ez galdu aukera hau. Izan ere, heavya euskaraz entzuteko aukera handirik ez da izaten gurean.
Mikel Urdangarin

“Heldu artean”

“Heldu artean” kantari bizkaitarraren bosgarren diskoa da. Bertan folk akustikoaren bidetik segitzen du, nahiz eta oraingoan, bere alderdirik urbanoena erakustea aukeratu duen. Kantu gehienak Mikelek berak konposatu ditu eta horien artean, bada katalanez abestutako bat. Beti bezala, Jonathan Bews eskoziar biolin jole folkiaren ekarrera nabarmena izan da, baina honen ondoan, guztiz eraberritutako taldea aritu da. Aipamen berezia merezi du teklatuek hainbat kantutan duten garrantzia. Osagai hauek ondo nahasturik, Mikel Urdangarinen soinu akustikoa inoiz baino osatuago azaldu zaigu honako honetan.

Kantuak: “Oihana”, “Lehengo moduan”, “Negua”, “Hegaz”, “Ekainak 27”, “On vas”, “Jadanik”, “Gaueko hamabiak”, “Bolare”, “Ez naiz oroitzen”, “Egon”, “Maiatza”.
Takolo, Pirritx eta Porrotx

“Katxiporreta”

Euskal Herriko pailazo beterano Takolo, Pirritx eta Porrotxek beste disko bat kaleratu dute, hamaikagarrena. 15 urteko uztatik, kantu batzuk aukeratu eta bilduma osatu dute. Diskoa ikuskizun berezi batez lagunduta dator, eta, aurten Euskal Herri osoan ikusteko parada izango dute zale guztiek. Pertsonaia maitatuenak eta abesti politenak bildu dituzte.

Hamabost urteotan, hamaika pertsonaia eta makina bat sketch egin dituzte pailazook. Horietatik, pertsonaia maitatuenak eta abestirik onenak -lotarakoak, parrandan ibiltzekoak, dantzatzekoak eta katxondoak- bildu nahi izan dituzte. Gainera, aurreko diskoetan bezala, honetan ere pare bat herri kantu gehitu dituzte, haurrei ezagutarazteko asmoz.