euskaraz.net
Inkesta

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 60 2003/02 »  Inkesta



Iritzi Miritziak

Ameriketako Estatu Batuetatik ekarritako jateko ohiturak

Ameriketako Estatu Batuetako ohiturak mundu osoan zabaltzen direla ezin ukatu. Izan ere, herrialde honetako enpresa multinazionalek eragin handia dute mundu osoan. Horregatik, planeta honetako beste herrialde batzuen ohiturak, janzkerak, asialdia eta abar ezagutzen ez baditugu ere, ederki dakigu zeintzuk diren Ameriketako Estatu Batuetan kaleratu dituzten azkeneko diskoak, filmak edo modako jantziak. Hori dela eta, telebistan azaltzen diren familia estatu batuarren eredua jasotzen dugu denok.

Horrekin batera, jateko ohiturak ere ekarri dizkigute. Pizza denda eta burger asko ireki dituzte hirietako kaleetan eta eskaintza izugarriak egiten dizkigute, batez ere gazteoi begira.







Sara Nieto

Ez dut zabor janari gehiegi hartzen, etxean ez baitugu mota honetako janaria jaten. Izan ere, adituek esaten dute ez dela ona gorputzarentzat.

Lagunekin nagoenean, ez dut janari koipetsu hau hartzearen ondorioetan pentsatzen, eta askotan, jatetxe horietara jotzen dugu. Arrazoia sinplea da: merkea da.

Itxaso Marinelarena

Ez da nire gogokoa, baina alde onak ere baditu. Normalean, gazteok kontsumitzen dugu, merkea delako, edozein lekutan aurki daitekeelako eta azkar ematen dutelako.

Osagaietan ez dut pentsatzen. Hala ere, ez du bakarrik gorputzean eragiten, ingurugiroan ere eragina du: kartoizko kaxak, plastikoak...

Leire Martinez

Batzuetan kontsumitzen dut, zapore ona duelako, merkea delako eta azkar jaten delako.

Badakit ez dela osasungarria, eta gutxitan hartzen dut. Hala ere, ez nau harritzen horrelako lekuak gaztez beteta egoteak; gose bazara, poltsikoa erdi hutsik, eta kalean ibiltzeko gogo handiz... nola joan jatetxe batera?

Leire Nerea Arnal

Janari mota hau ez dut aukeratzen, baina pizza izugarri gustatzen zait.

Hala ere, azkenean nekatu egiten naiz. Badakit jakiok ondorio txarrak sortarazten dituztela, baina gauza guztiekin gertatzen den bezala, beti neurrian kontsumitu behar da; ez, ordea, nahi dugun guztia. Garrantzi handiegia ematen zaio gai honi.

Elena Gonzalez

Niri ez zait batere gustatzen janari mota hori. Izan ere, ez naiz fidatzen, eta nahiago dut etxekoa. Gainera, badakit ez dela osasungarria.

Dena den, gazteok edozein gauza jaten dugu, pentsatu gabe. Kalitate txarreko produktuak direla argi dago, ezinezkoa baita janari aproposa prezio horretan ematea.

Mertxe Perez

Ez, ez dut ia inoiz janari hau hartzen, ez baita naturala, transgenikoa baizik.

Duela gutxi, aldizkarietan argitaratu zuten McDonaldsen banatzen den haragia katu eta sagu haragia dela. Amerikatik etortzeagatik, ez du zertan ona izan. Ikaragarri inporta zait zer hartzen dudan, batez ere txarra bada.

Maite Izagirre

Ez dut inoiz jaten. Ez dakigu zein ondorio dakarzkigun, nongoa den haragia, zer jan duen animaliak, enpresek legeak betetzen ote dituzten, osasun baldintzak errespetatzen ote dituzten eta abar.

Hori dela eta, ez dut kontsumitzen eta aurrerantzean ere ez dut jango. Gainera, argi dago hainbeste koipe hartzeak kalte handia egiten duela.

Naiara Martin

Gutxitan aukeratzen dut janari hori; ez zait gehiegi gustatzen.

Egia esan, goxoak izaten dira, batez ere hanburgesak, baina leku batzuetakoek nazka ematen didate. Hanburgesak jaten baditut, nik edo amak etxean prestatutakoak izaten dira. Hala ere, bakarrik banago, normalean ogitartekoak prestatzen ditut.