|
Donostia auzoka
Astigarraga, sagardo itsasoa
Sagardoa egitea eta sagardo naturala kontsumitzea herri ohitura zaharra da. Zehaztasunez sagardoaren jatorria ezagutzen ez bada ere, historialari askok egipziar eta bizantziar zibilizazioetan sortu zela diote, Kristo aurreko garaian. Beste ikertzaileek diotenez, berriz, sagardoa zeltek sortu eta Europan zabaldu zuten. Hala eta guztiz ere, arabiarrak izan ziren sagar mota desberdinak eta ekoizpenerako teknikak Europan gehien zabaldu zituztenak. Gerora, sagardoaren kontsumoa handituz joan zen, eta 1629. urterako Amerikan sagardoa egiten zen.
Sagardoa sagarraren zuku ondua da, eta edari bezala eta ozpina egiteko erabiltzen da. Sagarra heltzen denean, baserritarrek jaso, zakuetan sartu eta sagardotegira eramaten dute. Bertan txikitu, dolarera pasa eta prentsatu egiten dute. Horrela egindako zukuari “zizarra” deitzen zaio eta denborarekin, sagardo bihurtzen da.
Betidanik egon dira sagastiak Astigarraga inguruetan. Baserri askok dolarea zuten eta bakoitzean sagardoa egiten zen. Hori dela eta, gaur egun, Astigarragan, 17 sagardotegi daude. Sagardo ona egiten dutelako Euskal Herriko sagardo famatuena da. Sei milioi litro sagardo baino gehiago ekoitzi dira aurten (1,5 milioi 1993an).
Aitzinean lan gehiago egiten zuten sagardoa ekoizteko, baina orain tresnak asmatu dituzte eta errazago egiten da. Astigarragako sagardotegi askotan aitzinean bezala egiten eta gordetzen dute sagardoa (egurrezko upeletan), baina batzuk tresna berriekin egiten dute (altzairuzko upeletan gordez).
Urtarrilaren 17tik aurrera dastatu daiteke sagardorik onena ”txotx”-en bidez eta apirilaren bukaera arte iraungo du garaiak. Sagardo Eguna urtarrilaren 19ean ospatu zen. Egun horretan, Astigarrako sagardotegi guztietako sagardoa dastatzeko aukera izan zen. Jende asko izan zen bertan, bazkaltzen eta afaltzen. Menua hau izaten da: entsalada eta bakailao tortilla, haragia, irasagarra, gazta eta intxaurrak.
Aurten sei milioi
litro sagardo
ekoitzi dira.
|