euskaraz.net
Ekologia: kukua

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 61 2003/03 »  Ekologia: kukua

****




Laster da hemen kukua

Martxoaren 21ean hasiko da ofizialki udaberria, baina sinesmen herrikoia da kukuak iragartzen duela urtaro honen hasiera. Adi egon, beraz. Izan ere, oso ezaguna da kukuaren kantua urtean lehen aldiz entzutean poltsikoan txanponak daramatzanari urte horretan ez zaiola dirurik faltako.










Afrikatik Europa

eta Asiaraino



“Cuculus canorus” edo kukua usoaren tamainakoa dugu; bere buztan luzearekin, 13-15 zentimetro ingurukoa. Burua nahiko txikia du eta hego zorrotzak. Helduen burua, hegoak eta bizkarraldea gris-urdinskak dira eta sabela, zuriska. Izaera bakartia du eta beldurtia ere bada. Entzun ongi entzuten du, baina ikusi nekez. Hegalari azkarra da. Harrak irensten ditu kukuak, besteak beste, pinudietako “procesionaria”.

Horren ezaguna den kantua arrek egiten dute, emeak erakartzeko, eta emeen kantua apalagoa eta baxuagoa da.

Afrikatik heltzen da txori hau udaberrian eta uda bukaeran edo udazken hasieran egiten du alde. Negua Namibia eta Hego Afrikan igarotzen du.



Arrautza mimetikoak



Gehienontzat jakina da kukuak ez duela habirik egiten eta bere arrautzak ere ez dituela txitatzen; lan horretarako, beste zenbait txoriei iruzurra egiten die.

Kuku emeek arrautza mimetikoak uzten dituzte beste espezieren baten habian eta beraien esku geratzen da txitaldiaren ardura. Kuku emeak habi jabeen ausentziaz baliatzen dira arrautza erruteko. Bi egunetik behin erruten dituzte eta normalean habi bakoitzean arrautza bana jartzen dute; gehienez 8-15 arrautza, guztira. 11-12 eguneko txitaldiaren ondoren jaiotzen dira kuku txikiak. Ordu batzuk beranduago, habiko beste arrautzak habitik behera botako ditu eta bera izango da hortik aurrera jaun eta jabe.

Besteak beste, txantxangorriak, txepetxak, buztanikara zuriak, negu-txirta... izan ohi dira kukuaren iruzurraren biktimak. Europan 70etik gora txori mota erabiltzen ditu kukuak kumeak uzteko.

Oro har, txoriek ez dituzte onartzen beste espezie bateko arrautzak beren habian, baina kukuak mimetizatu egiten ditu, habiaren jabea ohar ez dadin.

Bada habien inguruko beste berezitasun bat ere. Txantxangorriaren habian jaiotako kuku eme batek, hari dagokionez, ez ditu arrautzak txepetxaren habi batean jarriko, txantxangorriaren habi batean baizik.


Hamar ar eme bakoitzeko

Animalia bitxia da kukua, beraz. Esan beharra dago, esaterako, kukuen artean arrak emeak baino askoz gehiago direla: hamar ar eme bakoitzeko. Ar bakoitza basoan aritzen da kantari eta emeak ibiltzen dira basoz-baso arren bila. Adi beharko dugu hemendik aurrera kukuaren kantuari.






Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****