euskaraz.net
Erreportajea: Geu ere Galiziarekin

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 61 2003/03 »  Erreportajea: Geu ere Galiziarekin

***



Geu ere Galiziarekin



Dagoeneko denok jakingo duzue Prestige-k sortutako hondamendiak eragindako kaltea ikaragarria dela, batik bat Galizian. Hori dela eta, Donostiako Herri Ametsa ikastolak astebeteko ekitaldiak antolatu zituen, “Geu ere Galiziarekin” lelopean.





Ekintza hauen bidez, gizakiok naturari egiten diogun kaltea argi azaldu nahi izan dugu eta era berean, petrolioaz eta bestelako produktu kutsagarriez informazioa jaso. Horretarako, hainbat ekintza eta jarduera burutu ditugu, hala nola, irudiak hormetan, olerkiak, bideo emanaldiak, eskulanak, errezetak, hitzaldiak eta, astea bukatzeko, jaialdia. Honen helburuak bi ziren: alde batetik, hitzaldi, erakusketa eta abarren bidez, Prestigeren hondamendiaren berri ematea eta kontzientzia sortzea, eta bestetik, Corme herriarentzat dirua biltzea.



Heziketa mailan egindako lanari buruz, adin bakoitzekoek beren tamainan aritu ziren eta lanak egin zituzten. Lan horiek guztiak otsailaren 2an ikastolan bertan egindako jaialdian ikusi ahal izan ziren. Erakusketak mailaz-maila egindakoa azaldu zuen, eta handik pasatu ziren ehundaka pertsonek ikusi zuten. Han begiztatu ez ziren ekintzak hauetxek izan ziren: DBHko ikasleek jasotako Casa Galicia-ko Varela jaunaren hitzaldia; finlardiar bat ere etorri zitzaien, ordu erdiz ingelesez eta beste ordu erdiz euskaraz, gai honen inguruan aritzera. Gainera, ikastolako irakasle batek CD izugarri ederra prestatu zuen, ikasle, irakasle eta gurasoek ikusi dutena. CD hau beste hainbat ikastolek ere eskuratu dute, eta horren truke, Casa Galiciaren kontu korrontean Cormerako diru sarrera egin dute.

Gastronomiak eta kulturak ere toki garrantzitsua izan zuten jaian. Bertan, Casa Galicia-koek taberna jarri zuten, eta baita ikastolak ere. Modu honetan, euskal eta galiziar dantza folklorikoak ikusi bitartean, bi herrialdeotako produktuak dastatzeko aukera izan zen. Dantzak amaitu ondoren, Kutxa Espazioko Felix Aresek Prestige itsasontziaren hondoraketak ekarritako kalteei buruz hitz egin zuen.



Helduek hitzaldia gustura eta lasai entzun zezaten, Txan Magoak saioa eskaini zuen haurrentzat. Nunca Mais leloa zeramaten pinak, nikiak, zapiak... ere saldu zituzten. Hau guztia Casa Galiciarekin antolatu zen, eta beraiek izan dira dirua jaso eta bertara bideratu dutenak.



Laburbilduz, lan ederra eta etekin handikoa izan zen Herri Ametsa ikastolan aste horretan egindakoa. Horregatik, espero dezagun, galipota hona iristen ari den honetan, gehiago jakingo dugula eta etsai honi aurre egiteko baliabide gehiago jarriko dizkigutela. Dena dela, sekula santan ez gertatzea litzateke onena.







Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****