euskaraz.net
Erreportajea: Mugi! aldizkaria

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 61 2003/03 »  Erreportajea: Mugi! aldizkaria



***

Mugi! kirolzaleentzako aldizkaria



Euskararen Udal Patronatuak MUGI! izeneko aldizkaria argitaratu berri du. Eta, zer da MUGI? Bada, kirolzale donostiarren euskarazko hilabetekaria.



Gure aisialdiaren zati handia hartzen du kirolak; gero eta gehiago dira kirola egiten dutenak edota kirolaren inguruko grina dutenak. Zu zeu ere, seguruenik, horietakoa izango zara. Besteak beste, interes hori asetzeko asmotan sortu da MUGI!.

Kirola gustuko duen ororentzat aproposa den arren, kirolari eta kirolzale gazteen interesak eta ekarpenak izango ditu batik bat hizpide aurrerantzean. MUGI!k kirolari eta kirolzale gazteengana iritsi nahi du, izan ere, hauen behar eta ekarpenak zokoratuta gelditzen baitira maiz, kirol jarduera profesionalaren itzalean. Hori dela eta, ikastetxeetan egiten da banaketa nagusia. 15.000 ale banatuko dira ikastetxe, kiroldegi, kirol elkarte, aisialdi elkarte, kultur etxe, gazte leku eta Donostiako beste hainbat leku publikotan.

Informazio

praktikoa





Mugi! aldizkariak informazio praktikoari garrantzi berezia eman nahi dio. Horixe ikusten da, esaterako, aurreneko alerako hautatutako gaiekin.

Erreportaje nagusia eskiari buruzkoa izan zen, garaian-garaikoa beraz, eta bertan, eskiatzen hasteko zenbait aholku emateaz gain, beharrezko arroparen prezioak, eski estazioen ezaugarriak, prezioak eta nobedadeak jasotzen ziren besteak beste. Ikastaroen garrantzia ere aipatzen zen kontuan izan beharreko beste zenbait oharrekin batera.

Eskiarekin lotutako hainbat modalitate bitxiren berri ere eskaintzen da: belar gaineko eskia, snowcat, heli-eskia, skifox eta abar.











Kirolari hasi berriak

Aukera asko ditugu kirol nagusien eta kirolari famatuen gorabeheren berri izateko. Horren hedatuak ez dauden kirolen eta aurreneko urratsak egiten ari diren kirolarien berri izatea, ordea, zailagoa da. MUGI!k horiexei ematen die lehentasuna batez ere kirolari gazteei elkarrizketak eginaz edo beren lanaren berri emanaz.

Horrez gain, emozio eta esperientzia berriak eskain ditzaketen kirolei eta ohiko zirkuituetatik at daudenei ere arreta berezia eskainiko zaie hainbat erreportajeren bitartez. Bitxikeriak eta kontu ezezagunak deskubritzeko aukera ere izango duzue.

Kirolzaleen arteko harremanak errazteko, berriz, ARBELA atala dauka Mugi! aldizkariak. Mendira joateko lagunak topa ditzakezue bertan, zalantzak argitu, materiala trukatu, ekimen berri edo bereziei buruzko informazioa zabaldu... Kirol elkarteek, federazioek, ikastetxeek edo zuetako edonork kirolaren inguruko oharrak edo berriak argitaratu nahi izanez gero, zabal-zabalik dituzue aldizkariaren ateak.




Argazki lehiaketa

Eta, horren guztiaren pizgarri, kirolari lotutako argazki lehiaketa jarri du abian. Hilero, jasotako argazki onenak emango ditu argitara, eta ekainean hautatuko da horien arteko bikainena. Saria, ederra: argazki kamera digitala. Beraz, anima zaitez eta bidal itzazu zure mendi irteeretan, futbol partiduetan edo korrika saioetan ateratako argazkiak. Sari bikaina jasotzeko aukera duzu!






Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****