euskaraz.net
Iritzi-miritziak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 61 2003/03 »  Iritzi-miritziak



****





Oraindik

gurasoekin?



Egungo gazteek gero eta beranduago alde egiten omen dute gurasoen etxetik. Gauza jakina da gurasoen etxean bizitzeak erosotasuna dakarrela. Gainera, amak edota aitak lan guztiak (erosketak, garbiketak eta abar) egiten badituzte, gazteak luxuzko hotelean bizi dira.

Bestalde, bizimodua garestia da. Etxebizitzak urre prezioan daude, eta gazte asko eta askok ez dute lanik, zenbaitek izateko asmorik ere ez. Eta dirurik ez dagoenean, gurasoengandik bereiztea ezinezkoa da.

Gazteen errua al da hau guztia? Egoera honen aurrean, gurasoak kexu dira, baina ez ote dira beraiek ere errudun? Ez ote dituzte gazteak etxeko epelean beraiek mantentzen? Gazte asko gurasoek ematen dieten dirutik bizi dira. Agian, gurasoen babesa falta balitzaie, gazteak beraien habia atontzen hasiko lirateke.
Sentimenduak

Horren ohituta gaude ezen, dagoeneko, ez baikara konturatzen galderen lizunkeriaz. Garai batean, norbaiti elkarrizketa egiten zitzaionean, galdera guztiak bi ardatzen ingurukoak ziren: nor zara eta zer egin duzu? Berdin zen elkarrizketatua arte mundukoa izan, zientzia arlokoa, politikoa edo kirolaria izan. Galderen motorra horixe zen: nor zara eta zer egin duzu?

Azken urteotako elkarrizketa gehienetan, ordea, kazetariek egiten dituzten galderek beste ardatz bat dute: “Zer sentitzen duzu?”. Eta hori da albistea. Albistea da pertsona anonimo eta arrunt batek ikusleentzat ezagunak diren sentimenduak ahots ozenez adieraztea; pertsona bera bezain arruntak diren sentimenduak adieraztea, alegia.

Astebete bada telebistan ikusi dudala, asaldaturik ikusi ere, nola elkarrizketatu batek esan zuen aurpegi txarra zuela, ez haserre zegoelako, baizik eta hilekoa jaitsi zitzaiolako. Ikusi dut nola azaldu dion neska batek beste bati azken honen mutil-lagunak ez duela dagoeneko maite, orain berak bereganatu duelako. Ikusi dut nola neskame batek etxekoandreari esan dion bere gizonarekin sexu harremanak esan dituela eta ondorioz, haurdun dagoela. Jelosia, fideltasun eza, maitemina, iruzurra... ehunka konfidentzia etxean sartuta, teknikaren bidez.

Sentimenduak behar ditugu. Beharrezkoak dira. Sentimendurik gabe ez dago bizitasunik, ez dago gizakirik. Baina sentimenduak eremu naturala dute: pribatutasuna.



Gaixorik dago intimitatea agerian jartzeko beharra sentitzen duen gizartea. Gaixotasunaren sintomak egunero ikusten ditugu, edonon. Orain diagnostikoa egin behar dugu; auzo sentimenduak zergatik dauden salgai, kiloka. Eta ondoren, muinera jo.



Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****