euskaraz.net
Kirolak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 61 2003/03 »  Kirolak



Eskiak jartzeko garaia

Aurten elur zaleak eta eskia gustuko dutenak ezin dira kexatu. Elurra egin behar zuela iragarri zuten eta iragarpena bete da: nola gainera! Ia toki guztietan elurrez lepo daude. Guk, ikasleok, soinketako irakasleei esker gozatu ahal izan dugu elurraz. Asteburu luzea eman genuen Luz Ardiden-en, eta ondo aprobetxatu genuen, gainera.

Iparraldetik etorri zitzaigun Aste Zuria egitearen ohitura, eta apurka-apurka ari da sendotzen gure ikastetxeetan. Egia esan, guk aste osoa ez dugu eta aste-bukaera batekin konformatu behar. Dena dela, benetan kirol zurietan hasteko eta apur bat trebatzeko jarduerek bi egun baino gehiago eskatzen dute.

Behin eskiaren munduan hasiz gero, jarraitzea ez da hain erraza izaten.


Izan ere, eskiatzea garestia dela iruditu zaigu, nahiz eta guretzat, eskolako prezioei esker, ez den hain garestia izan.

Bidaia egitea (autobusa edo autoa), materiala alokatzea (bigarren eskukoak erostea aukera ona izan daiteke), forfaita eta segurua, janaria (askoz hobe da etxetik eramatea, nahiz eta hotza egon, pistetan oso garestia baita dena), eta azkenik, eskiatzeko jantzi zoragarriak (beti egon ohi da lagun edo senide jator bat gure neurri bereko arropa duena; bestela gureak egin du). Dirutza behar da, beraz. Argi dago elurretako kirolez gozatzeko aurrezten hasi beharko dugula.


Zaldi-probak:

Euskadiko txapelketarako prestatzen

Zaldiek 1.100 kiloko harria mugitu behar izaten dute

Herri kiroletan nire jakinduria eskasa dela ezin esan, oso aditua ez banaiz ere. Dena dela, ez nekien zaldiek ere harri handiak mugitzen zituztenik. Horrelaxe da, ordea, eta, gainera, Bizkaian tradizio handi samarra dagoela irakurri dut. Euskadiko Zaldi-proba Txapelketan parte hartuko duten sei zaldi Urdulizen neurtzekoak dira. Zaldiek 1.100 kiloko harria mugitu behar dute, ordu erdiz, 28 metroko luzerako plazan.


Zaldia erosterakoan, kontuan hartu behar da onenak arraza ezberdinak nahastuz lortutakoak izan ohi direla: gorpuzkera zabala eta hezur lodiagokoak, gogorrenak, finean. Zaldien prestakuntza ere ez da nolanahikoa: 10-15 kilometroko footing saioak eta elikadura berezia. Bitaminekin pasatu gabe, ordea: proba bakoitzean, zozketaz suertatzen zaion zaldiak antidoping kontrola pasatu behar du.

Apostulariek badute gozatzeko aukera, eta herri kirolak maite ditugunok, ere bai.



Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****