euskaraz.net
Naroa Agirre

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 62 2003/04 »  Naroa Agirre

**


“Olinpiar Jokoetan domina lortzea

da nire ametsik handiena”




Naroa Agirre donostiarra 23 urteko atleta da. Pertika jauzia egiten du. Espainiako errekorra du eta horrez gain, Europako Txapelketan eta Pista Estaliko Munduko Txapelketan ere aritu da.









Noiz hasi zinen kirola egiten?
Ikastolan, ez dakit zenbat urte izango nituen... Kirola aukeratu behar genuen eta hasieran saskibaloiarekin eta atletismoarekin hasi nintzen, nire taldean denok bitan banatu ginelako. Koadrilan, batzuek bata eta beste batzuek bestea hartu zuten eta nik, ziurtasunik ez nuenez, biak hartu nituen. Orduan 4. mailan ariko nintzen...

Zein atleta miresten duzu?
Gustukoen Sergei Bubka dut; munduko pertika errekorra du. Erretiratu zen arren, nire atleta gustukoena da eta asko miresten dut. Berak bezala salto egin nahi nuke!

Zein da zure ametsa?
Olinpiar Jokoetan domina lortzea da nire ametsik handiena.





Txikitan zer gustatzen zitzaizun egitea?
Gauza pila bat, zuei bezala, ia denetatik. Lagunekin ateratzea, zerbait hartzea, zinemara joatea, kirola egitea... Gero, handitu nintzenean, baita parranda batzuk egitea ere!
Txikia zinela, zer izan nahi zenuen handitan?
Egia esan, inoiz ez nuen garbi izan. Txikitan ez nuen atleta izan nahi. Baina, orain, bai, noski.

Pertikaz aparte, zein kirol gustatzen zaizu?
Ikusteko, gehienak gustatzen zaizkit: tenis partidak, futbola Realak jokatzen duenean, txirrindularitza ere asko gustatzen zait Tourra dagoenean, baita gimnasia ere...

Zer egiten duzu
aisialdian?

Egia esan, ez dut denbora libre askorik, arratsaldeetan entrenatzera joaten naiz eta goizetan, ikasi egiten dut eta lanean ere aritzen naiz. Izan ere, bi gauzak batera egiten ditut. Gainera, igande goizetan ere entrenatu egiten naiz gehienetan. Gainontzerakoan, Jon Kar entrenatzaile eta mutil lagunarekin pasatzen dut denbora: zinemara edo afaltzera joaten gara, paseoan ibiltzen gara...

Zer sentitu zenuen
Espainiako errekorra
gainditu zenuenean?

Izugarrizko poza sentitu nuen, izan ere, Jon Karrek eta biok helburu bezala 4 metro eta 32 zentimetro egitea jarri genuen. Errekorra gainditu nuenean, poz handia sentitu nuen. Jon Karrengana joan nintzen korrika eta biok belauniko jarri ginen.






Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****