euskaraz.net
Peñaflorida institutua

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 62 2003/04 »  Peñaflorida institutua

**



Peñafloridako kondeari izena

hartu dion institutua







Peñaflorida DBH Amara Berriko institutu publiko bakarra da eta, gutxi gorabehera, 650 ikasle eta 70-75 irakasle ditu. Goizez, ikasleek bost ikasgai ematen dituzte, 08.00etatik 12.50era bitartean, eta arratsaldez, 14.30etik 16.20era izaten dira eskolak.

Adibidez, bigarren mailako ikasleek derrigorrezko zortzi ikasgai eman behar dituzte astean: gizartea, euskara, natura, gaztelania, ingelesa, matematika, gorputz heziketa, plastika eta teknologia. Horrez gain, beste hainbat ikasgairen artean, bi aukeratu behar dituzte.
Peñaflorida izenaren jatorria

Institutua 1962an eraiki zen eta Frantzisko Munibe Idiakezi- Peñafloridako kondea- hartu zion izena.

Peñafloridako kondea 1723an jaio zen Azkoitian eta zientzilari, idazle, musikari eta politikari ospetsua izan zen.

Frantzian eta Espainian ikasketak egin ondoren, Frantzisko Munibe Azkoitiara itzuli zen eta bertako alkate izendatu zuten. Gipuzkoako diputatu nagusi ere izan zen bost alditan, eta baita Madrilgo Gorteetako diputatua ere, 1758an hain zuzen. Peñafloridako kondeak letretako zein zientzietako ikerketa ugari egin zituen. Bestalde, Gipuzkoako aitonen seme eta jakinduria handiko gizonekin elkiartzen zen eta “Real Sociedad de Amigos del País” elkartearen eta Bergarako Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen. Peñafloridako kondea 1785ean hil zen Bergaran, 63 urte zituela.


“Erabateko berrikuntza beharrezkoa

dela uste dugu”



Itziar Bujanda institutuko zuzendariarekin aritu gara hizketan bertako berri jakiteko.



Noiztik ari zara lanean ikastetxe honetan?
1998-99 ikasturtetik, hau da, Amara DBHk, Peñafloridak eta Usandizagak bat egin zutenetik.

Noiz eraiki zen institutua? Konta iezaguzu pixka bat institutuaren historia.
1962an eraiki zen. Garai hartan mutilen institutua zen soilik. 70eko hamarkadan aldaketa batzuk izan ziren eta misto bihurtu zen. Azkenik, 1998-99 ikasturtean oraingo hezkuntza sistema, hau da DBH, jarri zen martxan ikastetxe honetan.

Ikastetxe hau egokia al da gaur egun?
Dagoen ikasle kopuruarentzat, ez. Leku gehiago behar dugu.

Nori eskatu behar zaio ikastetxea egokitzea?
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Egin al duzue eskaerarik?
Bai, eskaera egin dugu, baina, egia esan, ez dakigu ezer. Horretan ari gara. Gehienbat, ikastetxea berritzea eskatu dugu: jolaslekuak zabaltzea, eraikinaren kanpoaldea berritzea, gela gehiago jartzea, teilatuetako itoginak konpontzea, larrialdietarako irteerak eta leku estaliak egokitzea... Erabateko berrikuntza beharrezkoa dela uste dugu.




Jaso al duzue norbaiten oniritzia?
Bai, ikuskariena.

Zein moldaketa garrantzitsu egin dituzue azken ikasturteetan?
Teknologiarako, musikarako eta plastikarako gelak jarri dira, eta 1998-99 ikasturtean jangela eraiki zen.

Azkenik, eraikin honetan geratuko al gara?
Oraingoz, bai. Aztertzen ari dira institutu honek iraungo duen ala ez, baina ziur aski hemen geratuko gara.

Dena den, esan bezala, Amara auzoan ez dago Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxe publikorik eta kontuan hartuta auzoa zabaltzen ari dela, egungo eraikina ez da nahikoa.



Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****