euskaraz.net
Euskal Herriko Parke naturalak

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 63 2003/06 »  Euskal Herriko Parke naturalak




Han eta hemen

***


Euskal Herriko parke naturalak

Parke naturalak gustatzen al zaizkizue? Ondo pasatzeko, gazte batzuek bestelako parkeak nahiago dituzte. Gure proposamena parke naturalak ezagutzea da. Merezi du. Hemen dituzue zenbait aukera.


     


Aiako Harria Donostiatik hurbil dago. Ez da oso altua (833m), baina nahiko handia da.

Paseoak egiteko seinaleztatutako hainbat ibilbide ditu parkeak. Gehien erabiltzen den ibilbidea Aritxulegi muinotik barrena doana da. Antolatutako jarduerak badira: senderismoa, eskalada, arroilen jaitsiera eta abar.



Pagoeta mendia Aia eta Laurgainen ondoan dago, Gipuzkoan bertan.

Pagadiz beteriko mendia da —Pagoeta izenak pagoen lekua adierazten du—. Bertako fauna oso interesgarria da: basurdea, basakatua, lepazuria, azkonarra eta orkatza ikus ditzakegu, besteak beste.

Historia aurreko iraganeko arrasto ugari daude: trikuharria, tumulua eta aztarnategia. Haitzuloak ere badira.

Paseoan ibiltzeko seinaleztatutako hainbat ibilbide ditu parkeak. Taldekako bisita gidatuak egiten dira. Naturaren eskola bat eta ingurunearen interpretaziorako zentro bat ere badira.

Inguru zabaletan eta hariztietatik hurbil, zenbait toki picnic-a egiteko propio prestatu dituzte.

Aralar Gipuzkoako parke naturala dugu, baina zati txiki bat Nafarroan dago. Goikaldeko argazkian mendizerraren iparraldeko harkaitza ikus dezakegu. Bertako faunari dagokionez, okil beltza aipa dezakegu. Akaitz-Sastarri pagadi aparta da. Hogeita hamarren bat dolmen, dozena bat tumulu baino gehiago, hainbat monolito, haitzuloetako aztarnategi ugari, eta gutxienez bi cromlech daude Aralarren.


Urdaibai Bizkaiko erreserba naturala da. Oka ibaiaren haranean dago eta bertan, Gernika da herri nagusia. Mundaka itsasadarra da, ordea, Urdaibaiko biosfera erreserbako benetako gunea berezia.

Itsasadarreko bokalearen parean, Izaro irla ikus daiteke, eta itsas behera dagoenean, hondartza zabalak ageri dira. Egin daitezkeen kirolak hauexek dira: rappela, eskalada, espeleologia, piraguismoa, arko-tiroa, senderismoa, mendia, orientazioa, arroilen jaitsiera, zubi saltoa, raftinga, surfa eta abar.





Valderejo-ko parke naturala Arabako mendebaldean dago, Burgoseko lurren mugan. Enklabe honetan ere badira zuhaiztiak, sakan eta gailurretako baso mistoak eta zuhaitz eta zuhaixka espezie ugari. Valderejoko faunaren ezaugarririk ezagunena sai arrea da. Basoetan bertan bizi dira orkatzak, basakatuak eta lepazuriak. Otsoa ere tarteka agertzen da Araba mendebaldeko eremu eder horretan.


Anima zaitezte eta ezagutu itzazue parke naturalak!




Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****