euskaraz.net
Donostia auzoka 3

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 64 2003/11 »  Donostia auzoka 3



* *

Matigoxotegi futbol zelaiko istorioak



‘Mati’-k hamasei urte bete ditu

Guretzat oso famatu eta ezaguna den futbol zelai bati buruz hitz egingo dizuegu, eta ez da Anoetako futbol zelaia, ez! Gure artean ‘Mati’ ezizenez ezagutzen dugunaz ariko gara. Matigoxotegi du berez izena, baina berehala bihurtu zen ‘Mati’, berezko izena luzeegia zelako edo.

Matigoxotegi futbol zelaia 1987an eraiki zuten eta bertako azpiegituren arduraduna Fernando Poyales da. 1991. urtean hartxintxarra belar artifizialaren truke aldatu zuten, eta hori pauso oso garrantzitsua izan zen. Izan ere, Fernandok dioenez, benetako futbolariek belar gainean jokatzen dakitela frogatu behar dute.
Zelaian partida asko jokatzen zirenez, 2001. urtean belarra aldatu behar izan zuten. Astebururo ‘Mati’-n, 12-14 futbol partida jokatzen dira eta, ondorioz, belarraz gain, aldageletan ere berrikuntza batzuk egin dira: dutxak berritu, pintatu… Duela zenbait urte arte ur hotzeko dutxak besterik ez zeuden, baina gaur egun jokalariak ur beroz dutxatzen dira.

Etorkizunari begira, bestalde, ‘Mati’-k beste berritze lan batzuk beharko ditu, talde asko pasatzen baitira bertatik. Gainera, gaur egun, beharrezkoena jokalariek erabiltzen dituzten tresnak —baloiak, petoak...— gordetzeko biltegia da.


Gladys-Eneko zaindaria

erretiratu egin da

Egia auzoak arazoak ditu, Cristina Eneko zaindaria dela eta. Lan hori egiten zuen gizona erretiratu denetik, zenbaitetan ateak ez dira dagokien orduan ixten eta, ondorioz, sute bat ere gertatu da.

Esan bezala, hau guztia parkeko zaindaria erretiratu zenetik gertatu da eta oraingoz, Udalak ez du beste zaindari bat jartzeko asmorik agertu.

Behin baino gehiagotan parkeko ateak irekita geratu dira eta, gainera, duela hilabete edo, gauez norbaitek haur parkeko zabuei su eman zien. Ondorioz, parkea itxi behar izan zuten, zabuak heltzen zituen burdina arriskutsua baitzen. Orain udal langileek igogailua eta parkeko ateak ixteko ardura dute.

Bukatzeko, komenigarri iruditzen zaigu lehenbailehen zaindari bat hartzea edo, Udalak azaldu duen bezala, ate mekanikoak jartzea. Horrela, egiatarrek pozik eta lasai gozatu ahal izango dute ondoan duten jolaserako eta paseorako parkeaz.