"Antzerkian, lehen pausoa ikastolan eman nuen"
Alex Merino 15 urteko donostiarra gure artean izan da. Hainbat pelikula bikoiztu ditu artista honek eta zenbait aholku eta datu eman dizkigu.
Nolatan sartu zinen bikoizketa munduan?
“Lagundu arraina naiz” bikoiztu behar zutela esan ziguten ikastolan, antzerkian, eta proba bat egin genuen, kasete batean filmaren bikoizketa zati bat grabatuz. Ondoren, casting-ean sartu nintzen, hurrengo fasera ere iritsi eta azkenean, finala irabazi nuen. Esperientzia liluragarria izan zen benetan!
Zein lan egin dituzu? Zein duzu gustukoen?
Orain arte bikoizketa, telebista eta irratia egin ditut. Gustukoena? Bada... kar, kar, kar! Galdera zaila benetan! Agian bikoizketa da guztietan interesgarriena. Bikoizketaren mundua zoragarria da! Sekretuz eta gauza bitxiz beteriko mundua. Telebistak eta irratiak ere arrastoa utzi dute niregan. Hiru arloak oso garrantzitsuak izan dira nire garapen profesionalerako Eta oraindik falta zaidana!
Telebistan, aurrerantzean, planik ba al duzu?
Bada, momentuz ez, baina ni beti nago edozertarako prest. Nire fitxa teknikoa badute, eta nahi dutenerako, badakite hemen naukatela eta edozein eskaintza besoak zabalik jasoko dudala.
|
Nola uztartzen dituzu ikastolako lanak eta telebista?
Mailatan gora goaz eta zailtasuna ere areagotuz doa. Baina grabazioak ez dit denbora asko kentzen.
Antzerki tailerren batean aritu al zara?
Ez, inoiz ez dut egin. Ikastolan egin nuen hautagai moduan, baina han ez genuen antzezten gehiegi ikasi. Hori bai, ateak ireki zizkidan, eta horregatik, nire lehen pausoa han eman nuela uste dut.
Zein aholku emango zenioke antzerki munduan ibili nahi duen norbaiti?
Oraindik ni ez nago aholkuak emateko moduan, jasotzeko baizik. Ni berria naiz honetan. Zerbait esan beharko banu, pazientzia izateko esango nuke. Pazientzia da zientzia guztien ama! Eta badakigu pazientzia batzuetan agortu egiten dela, eta zoro moduan jartzen garela! Ni neu segituan erasokor jartzen den mutil horietakoa naiz, baina lanerako orduan hori ahaztu eta patxadaz hartu behar da dena. Baina, berriro diot: ni hasiberria naiz eta aholkuak nik jaso beharko nituzke.
Antzerkiaz gain, beste hobby-rik ba al duzu?
Antzerkia ez da hobbya. Nire hobby-ak musika, zinema eta futbola dira; aupa Reala! Dena dela, badut beste pasio ezkutu bat: txokolate zurizko donutsak! Kar, kar, kar! Gezurra dirudi, e? Bada, benetan, zoratu egiten naute.
|