euskaraz.net
Kirolak 2

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 64 2003/11 »  Kirolak 2

* * *

Gazteen surf txapelketa Zurriola hondartzan





Euskal Herriko bi surflari ibili ziren punta-puntan

Eguraldiak asko lagundu ez bazuen ere, metro eta erditik gorako olatuekin, surf txapelketa paregabea ikusteko aukera izan genuen, urriaren 3tik 5era bitartean, Donostiako Zurriola hondartzan. Europako punta-puntako surflari onenen artean, euskal herritar askok parte hartu zuten: besteak beste, Aritz Aranburu, Hodei Collazo, Marcos Sansegundo, Mario Azurza, Mitxel Lopez, Iñigo Ibarzabal, Jon Ortiz, Ager Sanchez, Indar Unanue, Nikola Susaeta, Oier Illarramendi, Diego Gonzalez, Norman Landa, Dani Alonso eta Lore Eizagirre. Guztien artean, bi izan ziren nagusi: Aranburu zarauztarra eta Marchand hendaiarra. Finalean, bi surflari hauen arteko lehia ikusgarria izan zen eta ikuskizun paregabea eskaini ziguten. Hasieran, Aranburuk irabaziko zuela zirudien, baina azken unean Marchandek 7 puntuko olatu batekin aurrea hartu eta txapelketa irabazi zuen; txapela eta kopa eskuratu zituen. Hala, bi gazte hauek Australiako Munduko txapelketan aritzeko aukera izango dute, Donostiako txapelketa honetan lehenengo sei postutan sailkatutako beste lau surflari gazteekin batera. Zorionak guzti-guztioi!


Zer ote da boccia?





Boccia Frantzian hain gogoko duten petanka jolasaren aldaera da. Kasu honetan, ordea, garuneko paralisia dutenak dira protagonista nagusiak. Eskuz, buruz edota kokotsez bultzaka daramate bolatxoa, pilotarentzat jarritako kanalean barrena. Kirol hau izan da, hain zuzen ere, Ezinduentzako Gipuzkoako Kirol Federazioak antolatutako Kirol Egokituaren Asteko kirolik harrigarrienetako bat.

Aste osoan, Gipuzkoako hainbat udalerritan, antolatutako kirol jarduera ugariez gain, bestelako hainbat jarduera ere izan ziren; besteak beste, hitzaldiak, erakusketak eta abar. Astea bukatzeko, urriaren 18an, igandea, Donostiako Gasca kiroldegian ezintasun fisiko edota psikikoren bat dutenen goi mailako kirolaz gozatzeko eta oso ohikoak ez diren kirol jarduera ugari (boccia, goazball-a, slalom-a, Saloi dantza, xakea, esgrima eta beste) ikusteko aukera ezin hobea izan zuten bertaratu zirenek.





Datu esanguratsuak



Gipuzkoan ezintasun motaren bat duten 300dik gora federazio-lizentziadun daude.

650 bat lagunek kirola egiten dute, profesional edota amateur gisa.

Igandeko jardunaldian Gipuzkoako bederatzi elkartek parte hartu zuten.