|
Elkarrizketa
**
“Beti gustatu izan zait komunikabideen mundua”
|
Urko Odriozola kazetaria da. Egia auzoan jaio zen eta bertan bizi da gaur egun. Aitor Ikastolako ikaslea izandakoa da.
|
Ikasle argi eta langile ona. Gaur egun, Donostiako Herri Irratian lan egiten du eta hainbat saiotan aritzen da.
|
“Nire lana dela eta, New Yorkera joan nintzen behin”
|
Irakasle batek esan digunez, lehiaketa bat irabazi zenuen. Zer edo non izan zen?
Bai, egia da. Amara Berriko ikastolak sariketa bat antolatu zuen Donostiako danborradari buruz; nik orrialde bateko lana aurkeztu nuen eta lehenengo saria eman zidaten. Niretzat izugarrizko dirutza zen; 20.000 pezeta, oraingo 120 euro. Oso pozik geratu nintzen.
Zu ikastolan egon zinenean, ba al zegoen irratirik? Orain badago, eta orduan? Eta Auzoka aldizkaria?
Irratirik ez zegoen. Auzoka, berriz, ez naiz gogoratzen.
Txikitan ere kazetari izan nahi al zenuen? Ala beste zerbait?
Bai, niri beti asko gustatu izan zait komunikabideen mundua eta, nahiz eta une batzuetan larri ibili, oso pozik nago egindako aukerarekin. Kirolari ospetsua ere izan nahi nuen, baina....
|
Kirolean ere ibili zinen. Gogoratzen al zara finaletaz? Zer egin zenuten?
Bai, kirolean ere ibili nintzan, eta eskubaloian, Gipuzkoako bi finaletara iritsi ginen eta bat irabazi genuen.
Kazetari izatea erabaki zenuen. Zerk erakartzen zintuen gehien lanbide horretatik?
Kazetaritza lanak jende asko ezagutzeko aukera ematen dizu alde batetik, eta bestetik, niri saltsa guztietan sartzea gustatzen zait eta horretarako lanbide honek aukera asko ematen ditu, esparru askotako gaiak ukitzen baitira.
Zergatik zara irrati gizona eta ez zabiltza prentsa idatzian edo telebistan? Zein alde dago batetik bestera?
Kazetaritza ikasten hari nintzela irrati honetan lanean hasteko aukera izan nuen eta, orduz geroztik, hemen nago. Baina telebista ere gustatzen zait. Albistegietan pozik lan egingo nuke. Idaztea ere gustuko dut; baina oraingoz hemen nago.
Gogoratzen al duzu irratiko lehen laneguna? Nolakoa izan zen?
Hori ez da inoiz ahazten. 1996. urteko uztailean izan zen. Gipuzkoako hondartzen egoerari buruzko informazioa eman behar nuen eta ez nuen bat ere ongi esan. Zumaiakoan gorria bazegoen, nik “berdea” esan nuen, eta honela .... denak nahastu nituen! Oso urduri nengoen, baina pixkanaka-pixkanaka ikasi egiten da.
Zenbat urte daramatzazu irratian?
Zortzi bat urte. Denbora azkar doa.
Bidaiak egiten al dituzu zure lana dela eta?
Nahi baino gutxiago, baina New York eta Chicagora joan nintzen, eta hain ospetsuak egin diren Dorre Bikiak ezagutzeko aukera ere izan nuen, Ibarretxe lehendakariak hara egindako bisitaren berri ematera bidali ninduten eta.
|
Irratian kontatzen dituzuen albisteak, nola lortzen dituzue? Nork lortzen ditu?
Oro har, agentzia batzuk daude, albisteak zabaldu eta saltzen dituztenak, eta horietatik hartzen ditugu batzuk. Dena dela, beste iturri batzuetatik ere jasotzen ditugu berriak; internetetik, prentsaurrekoetatik, agerraldi publikoetatik eta beste hainbat modu eta lekutatik.
Elkarrizketak egiten al dituzu? Aldez aurretik prestatzen al dituzu?
Bai, elkarrizketak egunero egiten ditut eta, batzuetan, bat baino gehiago ere bai. Normalean prestatu egiten ditut, baina batzuetan, denbora ezagatik, inprobisatu beharra ere izaten dugu. Ez zuek bezala, ikusten baita ondo prestatuta etorri zaretela...
Irratian ari zarenean, inoiz geratu al zara zer esan ez dakizula edo asmatu ezinik?
Behin batean, Alemaniako presidentearen emaztearen heriotzaren berri eman behar nuen eta nahastu egin nintzen. Ez dakit zer esan nuen. Kontroleko laguna barrez ikusi nuen eta ni ere, barreari ezin eutsiz, jarraitu ezinik gelditu nintzen. ”Ráfaga” delako bat sartu genuen irratian, guk barre lasai egin eta lasaitu arte.
Inoiz gertatu al zaizu hizketan hasi eta moztuta gelditzea?
Behin edo behin irratian lan egiten duten guztiei gertatu zaie, baina ez da inongo arazorik gertatzen; musika pixka bat edo “ráfaga” bat sartu eta arnasa ondo hartu, eta segi aurrera.
Ahotsak garrantzirik al du irratian lan egiteko?
Bai, ahotsa apur bat zaindu behar da. Baina garrantzi handiagoa du pertsonaren abileziak eta baita ondo ahoskatzeak ere, esaten dena ulertu ahal izateko.
|
Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****
|