euskaraz.net
Arrano beltza

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 65 2003/12 »  Arrano beltza

Ekologia
***

Arrano beltza



Gurean dugun hegazti esanguratsuena da arrano beltza. Indarraren adierazle da, eta Euskal Herriko arranoen artean handiena. Litekeena da hori izatea Nafarroako erregeek ikurtzat hartu izanaren arrazoia. Neurriei dagokienez, 76-89 zm bitarteko altuera du eta hegoak, zabalik, 190-227 zm hartzen ditu. Batez beste, 3,9 eta 4,7 kilo bitarteko pisua izaten du.

Non aurki dezakegu?

Arabako mendietan, Izki aldean, Errioxa eta Nafarroako mugan. Ekialderago, Pirinioetan — Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren arteko mugan— ere banaka batzuk ikus daitezke.

Bikote gutxi geratzen da gurean: Araban 8 bikote omen daude eta Pirinioetan, 13. Gutxitze honen arrazoiak hari elektrikoak, jaki pozoitsuak, legez kontrako ehiza... dira.


Arranoaren harremanak

Bizkorra da, oso bizkorra. 200 kilometro orduko abiadura ere har dezake.

Monogamoak dira. Ehizan bikotekidearekin ibiltzen da, mendi hegaletan, basoan, itsasbazterrean... Bikotekidea hiltzen denean, beste bat bilatu eta hari lotzen zaio berriro.

Arrano beltz emea arra baino handiagoa da, eta kumaldiaren lehenengo egunetan txiten ardura hartu ohi du. Habiak amildegietan jartzen ditu eta amildegirik ez badago, zuhaitz altuetan.



Arranoaren ehiza

Ehiza-leku zehatza du arranoak. Beste arranoei leku hori berea dela jakinarazteko, hegan dabilela, hegoak itxi eta beherantz amiltzen da, gero, berriro ere, hegoak zabaldu eta gora egiteko.

Hegazti txikiz, narrastiz, ugaztun txikiz, kakalardoz eta hildako bestelako anilamiez elikatzen da arrano beltza.
Arranokumeak

Horiek ehizatzeko, inguruan egiten du hegan, eta animalien gainean dagoenean, amildu eta harrapatu egiten ditu.

Urtarrilean dute araldia bikoteek. Otsailerako erabakita dute zein habi konponduko duten, bertan erruteko. Martxoa-apirilean emeak bi edo hiru arrautza erruten ditu. Arrautzak 140 gramokoak izaten dira. Hiruzpalau egun behar ditu arrautzok jartzeko. 45 egunez txitatzen dituzte arraren eta emearen artean. Txandatzen direnean, habiatik kanpora dabilenak ehizatu egiten du.

Lehen umea jaio eta berehala, jana eskatzen hasi ohi da. Bigarren txita jaiotzen denerako, lehenak nahikoa indar badu bigarrena habitik botatzeko. Horregatik, bigarren txiten artean, %33k du bizirauteko aukera.

Jaio eta 80 bat egunera egingo dute lehen hegaldia kumeek, eta beti ere gurasoek bultzatuta. Hegaldi honetan gurasoek behar duten guztia irakasten diete. Negua heltzean, kumea habitik bidaliko dute.

Kumea jaio lekutik gertu geratzen da, oso loturik baitago bere lurraldera.




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****