euskaraz.net
Ekologia 2

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 65 2003/12 »  Ekologia 2

Ekologia
***

Etxe barruan kanpoan baino kutsadura gehiago pilatzen da

Etxe barruan libre gaudela dirudien arren, ez da hala. Barrualdean, garbitzeko produktuek, tresna elektrikoek, eraikuntza materialek, tabakoaren keak... asko gaiztotzen dute etxeko atmosfera. Poluzio honek sor ditzakeen gaitzak aski ezagunak dira: legionela eta asma, esaterako. Beste gaixotasunik ere sor dezaketen substantziak baditu aire honek; amiantoak, konposatu aromatikoek… biriketako minbizia eragin dezakete. Ondorioz, etxeetako eta eraikinetako airea ondo berritzea da aholkua.


Marea beltza eta itsasoa

Itsasoan, fuel-olio isurketa baten ondoren, haizeak, itsas korronteek eta mareek urrutira hedatzen dute fuel-olioa eta horrek itsasoa izugarri kaltetzen du. Hegaztiak eta itsasoko ugaztunak dira kalte handiena pairatzen dutenak, koipea eta pozoia itsatsita geratzen baitzaizkie.

Aitzitik, ez da hori arazo bakarra. Koipeak geruza fin bat sortzen du itsas gainean eta honek itsas barruko oxigeno trukaketa galarazten du. Arazoa konpontzeko erabiltzen diren xaboiek ere, lagundu beharrean, okertu egiten dute egoera.

Ezaguna da duela urtebete Prestige petroliontziarekin gertatutakoa. Urteurrena egin du eta oraindik ere kutsadura iturri izango da luzaroan. Adituen ustez, aldaketa batzuk direla medio, toxikotasuna handituz joango da.

Isuriak eragin nabarmena izan du kostaldeko lore eta landareen artean ere. Dagoeneko alga espezie batzuk desagertu egin dira. Historiako marearik okerrenetakoa dela diote.


Hondakin elektriko eta elektronikoak

Egunero entzuten dugu tresna elektroniko berriren bat agertu dela merkatuan; azken eskuko telefonoa dela, bizitza antolatuko digun ordenagailu ultramodernoren bat dela... Etxean ditugun tresna elektriko ugariak gero eta azkarrago zaharkitzen dira eta, beraz, berria erosteko premia izaten dugu. Baina, zer egin botatzen ditugun tresnekin?

Orain arte, tresna guztien %90 zabortegira eraman dugu, aurrez inolako tratamendurik egin gabe. Hala ere, azkenaldian, arazo larria
bilakatzen ari da hondakin hauen guztien pilaketa.

Substantzia mota ezberdin asko batera biltzean, hondakinak errez gero, makina bat erreakzio kimiko gertatzen dira, eta arrisku handia dago dioxinak eta antzeko molekulak atmosferara bidaltzeko. Erre ordez, zabortegi kontrolatuetan pilatuz gero, metal astunak eta substantzia kimikoak lixibiatzeko arriskua dago, hots, euri-uretan disolbatu eta zabortegi inguruko lurzoruetara iragazteko arriskua.




Testuen Sailkapenerako Kodeak:
Testu Erraza* / Testu Normala** / Testu Zailagoa*** / Testu Zailena****