euskaraz.net
Europan zehar bizikletan

ESTAS AQUÍ: Sarrera »  Educación »  Prensa escolar: Auzoka »  Auzoka 66 2004/02 »  Europan zehar bizikletan

Donostia auzoka
***

Miguel Soroa, Europan zehar bizikletan

Miguel Soroa Errekalden bizi da. Erretiroa hartu zuenetik, bere zaletasuna bidaiatzea da. Penintsulan barrena bidaia asko egin ditu bizikletaz, eta Kuba ere bizikletaz zeharkatu du. Hala ere, erreportaje honetan, berak eta lagun batek egindako bidaiarik luzeena kontatuko dizuegu: Europa osoan zehar bizikletaz egindako bidaia.


Ekainaren 4an atera ziren eta Mediterraneoko bidea hartu zuten; Frantzia eta Italia zeharkatu zituzten.

Ondoren, lehen Jugoslavia osatzen zuten herrialdeetara iritsi ziren. Bertan, Eslovenian, Kroazian, Bosnian eta Mazedonian, gerraren ondorioak eta pobrezia ikusi ahal izan zituzten eta oraindik ere, herrialde haietako jendearen artean, gorroto handia sumatu zuten. Herrialde hauek oraindik suntsituta daudela ikusi zuten.

Herrialde horietatik atera eta Grezia zeharkatu ondoren, bi lagunak Turkiara iritsi ziren. Istanbulen egun bat igaro zuten eta merkatu handi-handi bat ezagutu zuten.

Jarraian, iparralderantz joan ziren eta Europako Ekialdeko herrialde pobre asko igaro zituzten. Hala nola, Bulgaria, Errumania, Hungaria, Txekia eta Polonia.



Herrialde hauetan bertako jendearekin harremanetan egon ziren bi bidaiariak, eta oso behartsuak direla ikusi zuten, baina aldi berean, oso jatorrak ere bai. Europako Ekialdeko herrialdeetan ikusitakoarengatik, nabarmena da Europan bertan bi mundu oso ezberdin daudela eta gu bizi garen lekutik gertu jende askok gosea pasatzen duela


eta bertako haurrek ez dituztela guk ditugun gauza guztiak.

Ondoren, Alemaniara iritsi ziren eta bertan ikusi zuten zergatik den Alemania Europako herririk aberatsenetako bat. Alde handia dago aurreko herrialdeekin alderatuta, Alemanian bizi maila oso altua baita.

Alemania zeharkatu eta gero, Holandara iritsi ziren. Han jendeak bizikleta erabiltzen du edonora joateko; lurralde hau oso laua da eta horrek bizikletan ibiltzea errazten du. Bizikletaz jositako aparkaleku handiak ikusi ahal izan zituzten. Hau esan eta gero, argi dago Holandako ohiturak asko gustatu zitzaizkiela.

Ondoren, Belgika eta Frantzia zeharkatu ondoren, alabek eta ilobek ongi etorria egin zieten Hernanin. Eta handik, Errekaldera.

Bidaia luze honetan, 11.000 km egin dituzte 20 herrialdetan. Ekainaren 4an atera ziren eta abuztuaren 31n iritsi ziren. Gastuak ez dira oso altuak izan: bakoitzak 17 euro gastatzen zituen egunean.

Hau da Miguel Soroak bere lagunarekin egindako bidaia zoragarria. Ziur gaude bidaia honetan oso ondo pasa duela eta dagoeneko hurrengo bidaian pentsatzen ari dela.