Euskal Herriko rock eta metal musika eszenan itzal handiko talde honen hirugarren diskoa da. Eraso musika taldea 1996. urtean sortu zen, eta harrez geroztik hiru disko kaleratu ditu: “Erantzunik gabe” (1999), “Oraina eta geroa” (2001) eta, azkena, “Grisez bustitako egunak” (2003). Ezagun zaien gitarren indarrari muzin egin gabe, honakoa taldearen diskorik ‘rockeroena’ da. Mikel Cazalisek (Anestesia, Negu Gorriak, Kuraia) grabatua eta ekoitzia da, eta Haritz Harreguyk nahastu du, Garate estudioan. Emaitza: sendotasuna eta indarra kantuetara eramana, amorrua melodia itsaskorrekin eta abiadura geldo uneekin nahastuz lortua. Finean, rock, metal, thrash....
Taldeko kideak: Amaiur Cajaraville Garmendia baxu jotzailea, Nestor Urdanpilleta Egaña gitarra, Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri ahotsa eta gitarra, eta Iñigo Beitia Manterola bateria.
|
Talde eibartarra, dudarik gabe, euskal rockaren aitzindarietako bat da, heavya euskaraz egiten lehenak izan zirelako, besteak beste. Disko pila kaleratu dute hasi zirenetik: “Jaiotze basatia”, “Hortzak estuturik”, “Munstro hilak”, “Sentimenak jarraituz”, “Agur jauna gizon txuriari”, “Su Ta Gar 1987-89” eta “Homo Sapiens?” . “Homo Sapiens Tour 00” (bideoa) eta “Jo Ta Ke” (zuzeneko disko bikoitza).
2003ko maiatzean beste lan bat kaleratu zuten eibartarrek: “Itsasoz beteriko mugetan”. 80ko hamarkadako ukitu nabariarekin, Su Ta Gar-ek oraingoan ere maila gorenari eutsi diola esan daiteke.
Su Ta Gar taldeko kideak hauexek dira: Aitor Gorosabel ahotsa eta gitarra, Asier Osoro baxu jotzailea eta koruak, Xabier Bastida gitarra, Galder Arrillaga bateria eta Borxa Arrillaga diseinu grafikoaren arduraduna.
Web gunea ere badute: www.sutagar.com
|
Urtz-en lanik biribilena jada merkatuan da: “Azken eguna zuzenean”, 75 minutuko zuzeneko CDa eta DVD itzela. Bilbo Rock aretoan eskainitako kontzertua eta taldeari egindako 20 minutuko elkarrizketa biltzen ditu DVD-ak. Guztira, hiru ordu Urtz taldearen ibilbidea laburtzeko, eta dena 20 euro inguruan salgai.
Urtz, euskal musikagintzako talde famatuenetariko bat izanik, asko borrokatu behar izan du horra heltzeko. 1992an kaleratu zuten “Zelatan” lehen diskoa eta, harrez geroztik, kontzertu ugari ematen aritu dira. Tarte horretan, hainbat disko argitaratu dituzte, hala nola, “Ekaitzaren garrasia”, “Hautsa astinduz”, “Hain urrun”, “Lur gazian”, “Ametsak ereinez” eta “Aingeru”.
Urtz taldeko kideak: Xabier Camarero ahotsa eta gitarra, Javi Estella gitarra eta koroak, Ritxi Barrenetxea baxu jotzailea eta Josu Aristegi bateria eta perkusioa.
|